Herritarrekiko Harremanetako Batzordeko kideak bisitan egon dira Euskarabidearen instalazio berrietan
Egoitza Kirolaren Etxe ohian dago, eta erakundea osatzen duten unitate guztiak biltzen ditu, koordinazioa eta erabiltzaile nahiz herritarrentzako arreta errazturik.
Herritarrekiko Harremanetako Batzordeak Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren egoitzarako bisita egin du gaur. Bertan daude bilduta, 2020ko ekainetik, erakundea osatzen duten unitate guztiak, orain arte José María Iribarren ikastetxe publikoan, Yanguas y Miranda kalean eta Ezkirotz kalean kokatuta zeudenak.
Bertaraturiko parlamentariak izan dira Isabel Olave, Iñaki Iriarte (Navarra Suma talde parlamentarioa), Javier Lecumberri (PSN talde parlamentarioa), Jabi Arakama, Uxue Barkos (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Bakartxo Ruiz (EH Bildu talde parlamentarioa).
Legebiltzarraren ordezkaritzari harrera egin diote Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok, Euskarabideko zuzendari nagusi Mikel Arregik, Euskara Administrazio Publikoetan garatzeko Zerbitzuko zuzendari Hasier Morrasek, Hizkuntza Baliabideen Zerbitzuko zuzendari Ander Irizarrek eta Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendari Paula Kasaresek.
Bisita talde parlamentario guztiek proposatua izan da, eta helburu izan du Kirolaren Etxe ohian kokaturiko egoitza berria ezagutzea eraberritze-lanen ondoren: 1.350.000 euroko aurrekontuarekin, Euskarabideko zerbitzu guztiak bertan bildu ahal izan dira.
Jarraian, Mikel Arregik egoitza berrirako lekualdatzearen emaitza esplikatu du, kostuen eta guneen optimizazioa ahalbidetu baitu, erabiltzaile eta herritarrei arreta hobeki emateko, erakundea osatzen duten unitate ezberdinen arteko koordinazioa errazteaz gain.
Institutuak jada aldatuta zeukan bere egitura, zenbait departamentu ezberdini loturiko unitateak biltzeko, eta egoitza honetan bateratu ditu administrazio-unitate guztiak eta plantilla osatzen duten 68 pertsonak.
Jarraian, Hasier Morras, Ander Irizar eta Paula Kasaresek hiru zerbitzuetatik egiten duten lanaren berri eman dute.
Euskara Administrazio Publikoetan Garatzeko Zerbitzua arduratzen da hizkuntza-planak koordinatu eta garatzeaz, departamentu eta gizarte-erakundeei aholkularitza emateaz eta administrazio publikoen zerbitzura diharduten langileak euskaraz trebatzeaz. Euskaran espezializaturiko liburutegi bat dauka, argitalpen soziolinguistikoak biltzen dituena eta Nafarroako Liburutegi Sarean sartuta dagoena.
Hizkuntza Baliabideen Zerbitzua arduratzen da Nafarroako Gobernuaren euskaratik gaztelaniarako eta gaztelaniatik euskararako itzulpenak kudeatu eta egiteaz (Nafarroako Aldizkari Ofiziala edo departamentu ezberdinen edukia), toki entitateei itzulpen-gaietan aholkularitza emateaz, Nafarroako toponimia ofiziala kudeatzeaz, Euskaltzaindiarekiko lankidetza-hitzarmenaz eta langileentzako hizkuntza-baliabideak eskaintzeaz.
Azkenik, Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzua arduratzen da hizkuntza-politikak planifikatu, ebaluatu eta sustatzeaz. Laguntza-deialdiak eta lankidetza-hitzarmenak lantzen ditu, eta programa nahiz kanpaina propioak ere garatzen ditu.
Horrez gain, zerbitzu horrek bere gain dauka Euskararen I. Plan Estrategikoaren (2016-2019) aplikazioaren eta Euskararen II. Plan Estrategikorako (2020-2027) proposamena prestatzearen ardura, eta halaber jarduten da Nafarroako hizkuntza-politikak ebaluatzen: diagnostikoa eta azterlan soziolinguistikoak, eta Nafarroako euskara-adierazleen identifikazioa.
Bisitaldian zehar, Mikel Arregik eta Ana Ollok gidatu dituzte parlamentariak egoitzako bulegoetan zehar.