Herritarrekiko Harremanetarako Batzordeak Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroa bisitatu du Gasteizen
Navarra +, PSN, Geroa Bai, Podemos e I-Eren eledunek azpimarratu dute “terrorismoari zilegitasun etiko, sozial eta politikoa kentzeko” proiektu honen balio historiko eta didaktikoa
Herritarrekiko Harremanetarako Batzordeak gaur Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroa bisitatu du Gasteizen, Espainian 1960ko urtarrilaren 1etik aurrera izandako indarkeria adierazpen guztien biktimenganako errekonozimendu, errespetu eta elkartasunerako gunea. Hala jasotzen da Gorteetan “maila goreneko adostasun parlamentarioarekin” onetsitako 29/2011 Legean, bertan baitu jatorria “terrorismoari zilegitasun etiko, sozial eta politikoa kentzeko” proiektu horrek.
Batzordeko kide hauek joan dira: Iñaki Iriarte, Juan Luis Sánchez de Muniáin, Jorge Esparza, José Suárez (Navarra Suma), Inma Jurío, Javier Lecumberri, Arantza Biurrun (PSN), Jabi Arakama (Geroa Bai), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (I-E).
Parlamentuko ordezkariei harrera egitera azaldu dira Florencio Domínguez, Oroimen Zentroko lehendakaria, eta Raúl López, erakusketaren eta hezkuntza arloaren arduraduna.
Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek eskatu dute bisita egiteko, eta helburua izan da “Oroimen Zentroaren ekimenak, proiektuak eta jarduerak ezagutzea”. Barne Ministerioari atxikitako fundazio publikoa da zentroa, eta atal hauek ditu: dokumentazio arloa, gela didaktikoa, eta museoa, aldi baterako erakusketekin eta iraunkorrekin.
Oroimen Zentroaren egoitza osoa bisitatu dute, arreta berezia jarriz erakusketa iraunkorrerako sei aretoetan. Florencio Domínguezek azpimarra jarri dio ETAren, eskuin muturraren, ezker muturraren eta yihadismoaren terrorismoak eragindako biktimen begiradaren azpian dagoen funtzio pedagogikoari. Indarkeriaren lau adierazpen horiek “xede politikoa, fanatismoa eta izuaren erabilera dituzte ezaugarri”.
Hiru alditan banaturik –diktadura frankista, trantsizioa eta demokrazia–, erakusketak “historia hartzen du azalpenaren oinarritzat”, bertsio zehatza eskaintzeko, gizarteak biktimak aintzatets ditzan. Baita eragile polizial, judizial, politiko eta sozialak ere, tartean Gesto por la Paz eta beste elkarte batzuek sortutako mugimendu bakezale eta zibikoa, haiexek izan baitziren protagonista ETAren terrorismoari –“bera da gehien hil duen erakundea”–, GRAPOri, GALi edota ideologia yihadistako taldeei emandako erantzunean.
“Giza aurpegia eta duintasuna itzultzen dizkiegu guztiei, elkarrizketetan, dokumentaletan edo ikastetxeetako solasaldietan jasotako zuzeneko lekukotasunen bitartez. Artxibo goibela da, baina beharrezkoa, eta balio pedagogiko izugarria du. Lekukotasun aukeratuetan era bateko eta besteko terrorismoen biktimak agertzen dira. Azkenean, horrelakorik berriro gerta ez dadin zer egin dezakegun galdetzen diogu geure buruari”, azpimarratu du Raúl Lópezek.
Bisita amaitutakoan, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeetako eledunek erakusketaren balioa nabarmendu dute, biktimenganako konpromisoa azpimarratu dute eta eskerrak eman dituzte Oroimen Zentroko lehendakariak testuinguruan kokatuta eman dizkien azalpenengatik.
Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroa Fundazioa Terrorismoaren Biktimei Errekonozimendu eta Babes Osoa emateko 29/2011 Legearen 57. artikuluko mandatuaren emaitza da, bertan aurreikusten baita gune dokumental, museografiko eta didaktiko bat sortzea Euskal Herrian, “biktimen memoria kolektiboaren oinarriak ezartzen laguntzeko, gure sistema demokratikoaren ikur eta erreferentzia etikoa den aldetik”. Errege Felipe VI.a fundazioko ohorezko lehendakaria da, eta fundazioaren patronatua Espainiako Gobernuko lehendakariaren tutoretzapean dago. Foru Gobernua patronatu horretan ordezkatuta dago (Ana Ollo), gainerako autonomia erkidegoekin eta Ceuta eta Melillako hiri autonomoekin batera, besteak beste.
Estatutuetan Terrorismoaren Biktimen Aholku Batzordea ere jasotzen da, proposamen- eta aholkularitza-eginkizunez hornitua.
Memorial Zentroa, Espainiako Bankuaren eraikin zaharrean dagoena, 2021eko ekainaren 1ean inauguratu zen. Lehenengo hamaika hilabeteetan 28.000 bisita baino gehiago izan ditu, Nafarroako hainbat ikastetxetakoak barne, eta Gasteizko bigarren interes turistiko toki bihurtu da, katedral zaharraren atzetik.