Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Martxoak 10

Hezkuntza Batzordeak bisita egin du Zarrakazteluko Virgen de La Oliva ikastetxe publikora

Udalak eta zuzendaritza-taldeak aurrekontu-babesa eskatzen dute, lehenbailehen ekitearren oinarrizko mantentzerako aldaketa batzuei, 700.000 euro inguruko zenbatekoa dutenak

Hezkuntza Batzordea bisitan joan da gaur Zarrakazteluko Virgen de la Oliva ikastetxe publikora. A-PAI eta G-PAI ereduko ikastetxe hori 1967koa da eta 206 ikasle ditu, horien % 60 askotariko jatorrietakoak eta egoera sozial ahulekoak, 27 irakasleren ardurapean.

 

Bertaraturiko parlamentariak izan dira Iñaki Iriarte, Javier García (Navarra Suma talde parlamentarioa), Inma Jurío (PSN talde parlamentarioa), Jabi Arakama (Geroa Bai talde parlamentarioa), Maiorga Ramírez (EH Bildu talde parlamentarioa), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoa).

 

Parlamentuaren ordezkaritza horri harrera egin diote Ujué Biurrun zuzendariak, María José Ezpeleta ikasketa-buruak, Maite Mugueta idazkariak, Zarrakazteluko alkate Javier Igal jaunak eta Ana Isabel Aguas zinegotziak.

 

Talde proposamengilearen (Geroa Bai) eledun Jabi Arakamak zehaztu duenez, bisitaren helburua izan da "bertatik bertara ezagutzea egoera eta premiak". Herriko udalak duela bi urte eginarazi zuen patologia- eta akats-txostenean adierazten denez, ikastetxe horrek egiturazko eraberritze urgenteak behar ditu, 686.000 euro (BEZa kanpo) egiten dutenak.

 

Jarraian bilera egin dute, eta horretan, alkateak, arkitektoak eta zuzendaritza-taldeak bereizi egin dituzte akatsak, zaharkidurak eta gabeziak. "Ikastetxea faseka eraikia da, eta parterik zaharrenak (1967) oinarrizko mantentze-lanei esker dirau".

 

Hori horrela, eta Virgen de la Oliva ikastetxearen instalazioak gaingiroki ikuskatu ondoren (bertako ikasleek ekitaldi-aretoa, jolastokia eta kiroldegia Valle de Aragón BHIko ikasleekin partekatzen dituzte), Jesús Mari Gutiérrez eta Javier Igalek zehaztu eta zenbatetsi egin dituzte beren iritziz jada geroraezinak diren bost matxurak.

 

Azaldu dutenez, urrats-multzo bat egin beharra dago, honakoetan gauzatuko litzatekeena: behe-solairuko iturgintza-sareak berriztatzea eta komunak eta zoladurak txukuntzea (255.000 euro), barne-arotzeria (48.000) eta kanpo-arotzeria (127.000) aldatzea, ekitaldi-aretoa txukuntzea (71.000) eta jolastokiko zolarriak aldatzea (185.000). Guztira, 700.000 euro inguru, nabarmen areagotuko liratekeenak jadanik erabakita dagoen galdara-aldaketa ere eransten bazaie, bai eta gabezia funtzionalak ere, "zailak direnak zenbatesten".

 

Horri buruz, Javier Igal alkatea Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren eledunei zuzendu zaie, 2022ko Kontu Orokorrei begira aipatu berrikuntzei ekin ahal izateko aurrekontu-laguntza eskatzeko.

 

Arlo akademikoan, ikastetxeko zuzendari Ujué Biurrunek azpimarratu egin du Virgen de la Oliva ikastetxearen elebitasuna, D ereduko eskualde-ikastetxea dela (ez dago behar adinako eskaerarik), eta ikasle gehienak ingurune sozialki behartsukoak izatea, eskolatze berantiarrekoak horietako batzuk (aurten gutxiago, egoera sanitarioaren ondorioz).

 

"Giza baliabideei dagokienez, urte hau txalogarria izan da. Laguntzako irakasle asko esleitu digute, eta horrek ahalbidetu digu oso ongi lan egitea banaketa-gelekin. Are gehiago ere egin ahalko genuen, baina oraingoan falta izan zaiguna ez dira irakasleak, ikasgelak baizik. Ikasle asko dauzkagu etorkinak edo gutxiengo sozialetakoak direnak. Figarolgo matrikulazioak ere hartzen ditugu, bertako ikastetxea itxi egin baita, bai eta Murilloko A eredukoa ere. Landa-inguruneak eskueran dituen baliabideekin hartzen du dena".

 

Amaitzeko, eta zona amankomunetako espazio-arazoak nabarmendu ondoren, baita irakasle-gelenak eta eskola-jantokiarena (udal igerilekuetako taberna egokitu da horretarako), Ujué Biurrunek esan du ezen, Gobernuak onartu egiten badu proposaturiko gutxieneko zaharberritzea, "beste 25 urtetarako moduko ikastetxea" izanen dutela. "Irisgarritasunaren, energia-efizientziaren eta osasungaiztasunaren problemak ezin onartuzkoak dira jadanik".

 

Bilera amaitu ondoren, parlamentariek bisita gidatu bat egin dute ikastetxeko instalazioetan zehar, eta, zuzendaritza-taldeak lagun egiten ziela, egiaztatu ahal izan dute nolakoak diren eskola-bizitza arrunta hondatzen ari diren problemak.