Hezkuntza Batzordeak Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolara egin du bisita
Ikastetxe horrek arte-irakaskuntzen potentziala erreibindikatzen du, sormenaren eta kulturaren industrientzat oinarrizkoak diren aldetik, eta Ekodiseinu zikloa amaitu ondoren tailerrak errentagarri egitea du asmo
Hezkuntza Batzordeak gaur egin du bisita, Navarra Suma talde parlamentarioaren ekimenez, Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolara. Arte-irakaskuntzetan espezializaturiko ikastetxea da, 1950ean abiatua, eta 300 ikasle dauzka, 35 irakasleren ardurapean.
Honakoak dira bertaraturiko parlamentariak: Pedro González, Javier García, Raquel Garbayo (Navarra Suma talde parlamentarioa), Arantxa Biurrun (PSN talde parlamentarioa), María Solana (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Txomin González (EH Bildu talde parlamentarioa).
Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin diote eskolako zuzendari Maite Sáenzek eta Marina Peralta ikasketa-buruak.
Bisitaren helburua, Pedro Gonzálezek aitzinsolas modura zehaztu duenez, Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolako irakaslana ezagutzea izan da. Lan horrek bereizgarri ditu bertan irakatsitako ikas-arloen espezifikotasuna, berritzailetasuna eta izaera minoritarioa.
Jarraian, bilera bat egin da, non zuzendaritza-taldeak eskolako proiektu pedagogikoaren ildo nagusiak esplikatu baititu, "konprometiturik etorkizunera begirako diseinu-ikasketen garapenarekin. Azken bateko asmoa da gure ikasleek osoki gara ditzatela beren sormena eta sentsibilitatea, eta horiek lanaren munduan aplikatzen ikas dezatela".
Testuinguru horretan, Sáenzek eta Peraltak arte-ikasketen proiekzioa erreibindikatu dute, haien ustez "berebiziko zeregina izanen baitute sormenaren eta kulturaren industrietan. Pena da hemen a priori gutxietsiak izatea diseinuko jasangarritasunari loturiko kontzeptuak. Sentsibilitatea falta da: buru-belarri dihardugu birziklatze-zereginean, a posteriori ikusmoldean. Europan, aitzitik, Ekodiseinuan prestaturiko jendeak ingeniariekin batera lan egiten du ingurumena gutxiago kaltetuko duten elementu naturalagoen bilaketan. Produktuaren diseinutik bertatik egiten da prebentzio-lana, guztia birziklatze-lanaren baitan utzi gabe".
Une honetan, zuzendaritza-taldeak jotzen du erronka dela "prototipo-tailerrean dauden instalazio zoragarriei erabilera ematea (Ekodiseinua), goi mailako ziklo honetako irakaskuntza arautuak ez baitauka jarraipenik. Tailer hori produktuaren diseinuaz ikertzeko laborategi bihur liteke, zenbait enpresak beharrezko dituzten elementu zehatzak ikertuko lituzkeena.
Ildo horretan, azpimarratzen da diseinuak "lotura" duela "antzinako artisautzekin, eta haietatik abiatuz hausnarketa funtsezkoa egin daiteke, jasangarritasunari aplikatuta. Ekodiseinua apustu zoragarri bat da, ingurumena zaintzekoa a priori beharrezkoak diren premisa guztiak kontuan hartuz (konpongarritasuna, jasangarritasuna, kostua, karbono-aztarna, berrerabilera, erabilitako materialak eta abar). Birziklatzea ondoren dator".
Bestalde, Sáezek eta Peraltak nabarmendu dute ezen "diseinu grafiko gradua amaitzen duten lehenbiziko promozioek onarpen handia eta enplegagarritasun-tasa altua" dituztela.
Azkenik, Arte eta Goi Mailako Diseinuko Eskolako zuzendaritza-taldea arranguratzen da "Iruñeko ikasleak kanpora joaten direlako, ez baitakite Corellan badaudela Diseinu Grafikoko goi mailako ikasketak".
Bilera amaitu ondoren, parlamentariek bisita gidatu bat egin dute ikastetxeko instalazioetan zehar, eta, zuzendaritza-taldeak lagun egiten ziela, instalazioen potentziala egiaztatu ahal izan dute.
Corellako Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan Arte Batxilergoa ere irakasten da, bi bidetatik: plastikoak, diseinua eta irudia, batetik, eta arte eszenikoak, musika eta dantza, bestetik. Guztira, sei talde –espezialitate bakoitzeko bi ikasturte–, 30 ikaslekoak. Badago, halaber, Arte-irakaskuntzetako Gradu Ertaineko ziklo bat, produktu grafiko interaktiborako laguntza, zeina zabaldu eginen baita, datorren urtetik aurrera, produktu grafiko inprimaturako laguntzako Gradu Ertainarekin. Era berean, badago Goi Mailako Animazio ziklo bat, ikasturte honetan bertan hasi dena. Eta Diseinu grafikoko Unibertsitate Gradu bat.