Noiz argitaratua Asteartea, 2018.eko Apirilak 10

Hezkuntza Departamentua premiatzen da ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan eskolatutako ikasleak gutxiengo sozialki ahulekoak ote diren zehazteko irizpideak alda ditzan

Baliabide gehigarriak eskatzen dira gutxiengo sozialki ahuleko ikasleen portzentajea % 25 baino handiagoa den edo salbuespenezko egoerak bizi dituzten ikastetxeentzako

Hezkuntza Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin, eta PPNren abstentzioarekin, zeinaren bidez “Hezkuntza Departamentua premiatzen baita berrikus eta alda ditzan Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan eskolatutako ikasleak gutxiengo sozialki ahulekoak ote diren zehazteko irizpideak eta puntuazioa, horien aplikazioan sortzen diren desdoitzeak zuzentzeko, eta ikasleen eta haien hezkuntza premien errealitate sozio-ekonomikoaren araberako diagnostiko bat bermatzeko”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren puntuan Hezkuntza Departamentuari eskatzen dio “ikastetxe publikoek eta pribatu itunduek gutxiengo sozialki ahuleko ikasleen balorazioak kontrolatu eta kontrastatzeko kanpo-prozedura orokor bat ezar dezan, erroldak baliozkotuko dituena”.

 

Hirugarren puntuan, Hezkuntza Departamentua premiatzen da “baliabide gehigarriak bidera ditzan ikastetxeetara (ratio-murrizketa, giza baliabideak, materialetarako eta jarduera berezi eta eskolaz kanpokoetarako dirua, eta abar), baldin eta haietan gutxiengo sozialki ahuleko ikasleen portzentajea % 25 baino handiagoa bada edo salbuespenezko egoerak bizi badituzte, ikasle horiek dituzten abiaburuko desberdintasunak konpentsatzeko xedez”.

 

Hala, UPNk aurkeztutako eta Izquierda-Ezkerrak onartutako gehitzeko zuzenketak zehazten du aurreko paragrafoak jasotzen dituen baliabide gehigarriak “berehala aktibatuko direla, eta beranduenez, 2018-19 ikasturte hasieran jarriko direla martxan”.

 

Era berean, aipatzen da "berandu sartu diren ikasleekin ikasgelak zatituko direla eta kasu horretan, giza baliabideak eta baliabide materialak handituko direla".

 

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerrak sustatutako ebazpenak Hezkuntza Departamentuak martxan jarritako prozedura aipatzen du, hain zuzen ere, ikastetxe publiko edo itunpeko pribatu bakoitzeko ikasle sozioekonomikoki ahulak detektatzeko eta horien errolda egiteko taxututako prozedura. Zentzu horretan, “harrigarria da gutxiengo sozialki ahuletako zenbat ikasle dagoen non eta, hain zuzen, familiei aparteko diru-ekarpenak eskatzen dizkieten zenbait ikastetxetan, eta ez dago jasota zenbat ikasle dauden haietan eskolaturik, ugariak badira ere, eskolan txertatzeko zailtasunekin edo hezkuntza-sisteman berandu sartu direnak”.

 

Oroitarazten da Nafarroako 2018rako Aurrekontu Orokorretan Dibertsitateari arreta egiteko plana garatzeko partida bat dagoela, “eta horren zati handi bat bideratu beharko litzateke ikasle sozioekonomikoki ahul horientzako hezkuntza-neurri konpentsatzaileak garatzera, eta ikasle mota horren portzentaje handiak dauzkaten ikastetxeen baliabideak indartzera”.

 

Zehazten da gainera, ikasleak gutxiengo sozialki ahulekoak ote diren zehazteko eta, ondorioz, ikasle bakoitzarentzat eta ikastetxe bakoitzarentzat.bideratzen diren baliabide material, giza baliabide eta antolamentu-baliabideak zehazteko, kontuan hartu behar direla “eskolan txertatzeko zailtasunak edo eskolatze irregularra, hezkuntza-sisteman berandu sartzea, hizkuntza ez jakiteak eragindako zailtasunak eta gizarte-laguntzen mende dagoen familia izatea edo sozioekonomikoki ahula izatea”.

 

Iñaki Iriarte (UPN) lehendakari izan duen saiora bertaratu dira Alberto Catalán, Ana San Martín, Luis Zarraluqui (UPN), Isabel Aranburu, Consuelo Satrustegi, Rafa Eraso, Jokin Castiella (Geroa Bai), Miren Aranoa, Esther Korres (EH Bildu), Tere Sáez, Carlos Couso (Podemos-Ahal Dugu), Carlos Gimeno, Conchi Ruiz (PSN), Javier García (PPN) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).

 

www.parlamentodenavarra.es

• Mozioaren argitalpena (NPAO, 33. zk, 2018-03-16koa)