Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Maiatzak 30

Hezkuntza Departamentua premiatzen da negoziazio egutegi bat ezar dezan, Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko Ituna berritzeko xede

UPNk itun berri bat sinatzeko borondaterik eza ikastetxe itunduen esparrura estrapolatu du, non akordioa ikasturte amaieran iraungitzen den, eta horren erantzukizuna sektoreko patronalei ere egotzi die

Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du UPNren, PSNren, Geroa Bairen, PPNren, Contigo-Zurekinen eta Voxen aldeko botoekin eta EH Bilduren aurkakoarekin. Honela dio: Hezkuntza Departamentua premiatzen da “negoziazio globalerako egutegi bat ezar dezan, landu beharreko gaiak eta epe zehatzak jasoko dituena, Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko Ituna berritzeko xedez”.

 

Jatorrizko testuak bigarren atal bat zuen, PSN, EH Bildu eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta Geroa Bairen abstentzioarekin baztertu dena, eta Hezkuntza Kontseilaritzari eskatzen zion “irakaskuntza itunduko langileen ordezkariei helaraz diezaien sektoreko patronalekin irekitako negoziazioa, heldu den ikasturtean indarrean sartu beharko lukeen hitzarmen berria adoste aldera”.

 

Zioen azalpenean, UPNk sustatutako mozioak hezkuntza publikoaren eta itunpekoaren esparruetako egoeraren berri ematen du, adieraziz, “paralisia ikusten duela” egungo eta etorkizuneko erronkei dagozkien eskakizunei behar bezala erantzuteari dagokionez, eta horren erantzule egiten du Hezkuntza Departamentua, “kalitate eta ekitatearen inguruko” akordioak berritzeko "negoziazio globala irekitzeari uko egiteagatik".

 

Arlo publikoan, gogorarazi da 2018an sinatu zen Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko Ituna 2022ko abuztuan iraungi zela bete gabeko neurriekin eta Departamentuak uko egin ziola negoziazio orokor bat hasteari.

 

Era berean, eta langileen ordezkaritzak "salatzen" duenez, itundutako eremuan Departamentuak eta sektoreko patronalek ez dute ikasturte honen amaieran iraungitzen den akordioa berritzeko negoziaziorik egin nahi.