Noiz argitaratua Ostirala, 2021.eko Apirilak 30

Hezkuntzaren Aldeko Munduko Ekintza Astea ospatu du Nafarroako Parlamentuak Osoko Bilkuren aretoa ikasle eta elkarteei irekiz

Unai Hualdek erakundeek pandemian izan duten papera aldarrikatu du eta Parlamentuak hezkuntza inklusibo, ekitatibo eta kalitatezkoarekiko duen konpromisoa azpimarratu du

El Molino, La Presentación, Eunate, Miravalles-El Redín, Paderborn-Víctor Pradera, Carlos III eta Jesuitinas ikastetxeetako lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleek eta Lantxotegi, Hazialdea eta Herrikoa elkarteetako ordezkariek parte hartu dute gaur Hezkuntzaren Aldeko Munduko Ekintza Astearen (HAMA) ekitaldi nagusian. Mila milioi ahots lelopean, Nafarroako 40 ikastetxe baino gehiagotako ikasle eta irakasleak inplikatu dira ekimen honetan.

 

Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak eman dio hasiera ekitaldiari, eta "pertsona guztiek hezkuntza inklusiboa, ekitatiboa eta kalitatezkoa izateko eskubidea" aldarrikatzen jarraitzeko aukera eskertu du, "are gehiago pandemiaren ondorioz 2020ko martxotik pairatzen dugun egoera sozial, sanitario eta ekonomikoa kontuan hartuta”.

 

Esandakoaren harira, eta pandemiak ikastetxeetan izan duen eraginaren berri eman ostean, Unai Hualdek nabarmendu du erakundeek "bizkor" erantzun zutela "eskolei eta familiei beharrezko baliabideak ahalbidetzeko orduan, ahal zen neurrian pobrezia- eta bazterketa-egoerak murrizteko, Estatuan baino neurri txikiagoan bada ere, Nafarroan ere gertatzen baitira".

 

Lehendakariak, halaber, Parlamentuak Garapen Jasangarrirako Helburuekin, “pobrezia desagerrarazteko, planeta babesteko eta oparotasuna bermatzeko helburu globalen multzoarekin” duen "konpromiso irmoa" aipatu du. Horien artean, kalitatezko hezkuntzari buruzko helburua nabarmendu du, "duela pare bat hilabete Gizarte Entitateen Plataformarekin batera sinatu genuen Pobreziaren eta Desberdinkeriaren Aurkako Nafarroako Itunaren barruan dagoena”.

 

Testuinguru horretan, Unai Hualdek azpimarratu du Nafarroako Parlamentuak "ikasleen banaketa orekatua sustatzeko" erabakia hartu duela, "soziokulturalki desabantaila egoeran dauden ikasleen kontzentrazio-tasak murrizteko". “Ganbera honek kalitatezko hezkuntza publikoaren alde egiten du hezkuntza-etapa guztietan, baita derrigorrezkoak ez direnetan ere, 0-3 urtekoetan barne. Halaber, desgaitasuna duten pertsona guztiek berariazko laguntza eta beren beharretara egokitutako zerbitzuak jasoko dituztela bermatzearen alde egiten dugu lan. Horretarako, baliabide-hornidura egokia behar da”, gaineratu du.

 

Amaitzeko, ganbera "gizarte-erakundeekin elkarlanean jarraitzeko" prest dagoela berretsi du Lehendakariak, eta gogorarazi du hezkuntzak "hezten eta eraldatzen" gaituela. “Atalondoan ikusi dituzuen Antonio Sotoren margolanek gogorarazten digutenez, ezin dugu inor atzean utzi. Parlamentua arduratuko da formaziora eta diru-laguntzetara bideratutako baliabide publikoen pixkanakako igoera gauzatzeaz, helburua Nafarroa gure inguruko herrialde aurreratuenen batez bestekoan kokatzea baita. Eskerrik asko elkarte eta ikastetxeei zuen lana gurekin partekatzeagatik”.

 

Ondoren, Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak adierazi duenez, "hezkuntza aurrerabidearen lehen faktore indibidual eta kolektiboa da. Ikasle arduratsuagoak, libreagoak eta kritikoagoak sortzen ditu, eta, beraz, gizarte dinamikoagoa, aurreratuagoa eta bidezkoagoa. Justizia eta ekitatea oso presente daude esparru instituzional honetan, eta, besteak beste, hezkuntza-baliabideak areagotzeko konpromisoa hartu da, jatorrizko desberdinkeriekin amaitzeko. Helburua benetako aukera-berdintasuna lortzea da, eraginkorra izanen dena. Zorionak aldez aurretik, gaur hemen azalduko duzuen lan hau dagoeneko ikastetxeetan garatuta baitago. Zorionak".

 

Elena Zunzunegi eta Unai Zabaletak, HAMAko antolakuntza taldeko ordezkariek "ikasteko adinean dauden 1.500 milioi pertsona horiei ahotsa jartzea" helburu duen kanpainaren helburuak azaldu dituzte. “Ikasle nafarren artean enpatia eta pentsamendua sustatuz egingo dugu, pandemiak lehendik zeuden desberdintasunak areagotu besterik ez baititu egin”.

 

Ondoren, ikastetxeetako ikasleek eta elkarteetako bozeramaileek Mila milioi ahots hezkuntza proiektuaren barruan egindako lanak azaldu dituzte, kasu guztietan "kalitatezko hezkuntza publikoa eta desberdintasun sozialak konpentsatuko dituena sustatzea" eskatuz, jatorrizko tokia edozein dela ere. Noelia Etxarri Herrikoa elkarteko ordezkariak zehaztu duenez, “pandemia honek benetan garrantzitsua denaren inguruan, hau da, hezkuntzaren inguruan hausnartzeko eta horren berri izateko balio izan du".

 

Amaitzeko, Fernando Sesmak, Iruñeko Udaleko Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteriako zinegotziak, GJHetan jasotako hezkuntza-helburuaren garrantzi berezia azpimarratu du, "bizitza osoan denontzat ikasteko aukerak sustatzeari” dagokiona. HAMAk hezkuntza sozioemozionala izan du ardatz 2021eko kanpainan, bizi dugun testuinguru epidemiologikoari bereziki egokitutako gaia. Eskerrik asko guztioi zuen ekarpenengatik".

 

Laura Irurzunek gidatuta, Hezkuntzaren Aldeko Munduko Ekintza Asteko manifestuaren irakurketarekin amaitu da ekitaldia.

 

Hezkuntzaren aldeko Munduko Ekintza Astea Hezkuntzaren Aldeko Mundu Kanpainak 2003 urtetik 100 herrialdetan antolatzen duen ekimena da, "herritarrak eta bereziki hezkuntza-mundua sentsibilizatzeko, guztiontzako kalitatezko hezkuntza publikoa bermatzeko helburuarekin".

 

Hezkuntzaren aldeko Mundu Kanpaina GKEen, hezkuntza-munduko sindikatuen, ikastetxeen eta hezkuntzarako eskubidearekin konprometituta dauden mota guztietako gizarte-mugimenduen nazioarteko koalizioa da, eta mundu osoko 124 herrialdetan baino gehiagotan dago. Nafarroan hiru erakundek osatzen dute: FABRE Fundazioak, FISC Nafarroak eta Madre Coraje elkarteak.

 

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Maiorga Ramirez Parlamentuko bigarren idazkaria, Pedro González (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Nuria Medina (PSN), María Solana (Geroa Bai) eta Ainhoa Aznarez (Podemos-Ahal Dugu).