Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Urtarrilak 17

Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Batzordeak Sunsundegui enpresa bisitatu du

Nafarroako Gobernua, enpresa bera eta Volvo Buses eginen ari diren proiektu estrategikoa ezagutzeko, baita etorkizuneko planak eta hazkunde itxaropenak ere

Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Batzordeak Sunsundegui enpresa bisitatu du gaur Altsasun. 80ko hamarkadatik garraio publikoko ibilgailuen diseinuan eta ekoizpenean lan egiten duen enpresa da.

 

Honako hauek dira bisitara joan diren parlamentariak: Ángel Ansa, Ana Elizalde (UPN), Javier Lecumberri (PSN), Laura Aznal (EH Bildu), Mikel Asiain (Geroa Bai), Maribel García-Malo (PPN) eta Miguel Garrido (Contigo-Zurekin).

 

Honako hauek izan dira parlamentuko ordezkariei harrera egin dietenak: José Ignacio Murillo, Sunsundeguiko CEOa, Felix Aramendia, zuzendari nagusia, Andrey Solntsev, merkataritza zuzendaria, Raquel Murillo, Volvo proiektuko arduraduna, Patxi Iraizoz, Giza Baliabideen arduraduna eta David Trevejo, Komiteko presidentea.

 

Bisitaren helburua izan da Nafarroako Gobernua, enpresa bera eta Volvo Buses egiten ari diren proiektu estrategikoa ezagutzea, baita etorkizuneko planak eta hazkunde itxaropenak ezagutzea ere.

 

José Ignacio Murillok Volvo Busekin sinatutako akordio “historikoaren” berri eman du. Akordio horrek aukera emanen dio Sunsundegui enpresari 2024tik aurrera Suediako automobil fabrikatzailearen punta-puntako bi autobus modeloren fabrikazioa bere gain hartzeko. Akordio horrek transferentzia teknologikoa eta manufaktura eta diseinu prozesua barne hartzen ditu (orain fase horretan murgilduta daude), baita horniduraren transferentzia ere.

 

Burubidea, iragarri denez, 2024ko maiatzean ekoizpena hastea eta egunean bi unitate ekoizteko erritmoa lortzea da. Horretarako bederatzi eta hamabi hilabete arteko pixkanakako prozesua beharrezkoa izanen da. Akordio horri esker, Nafarroako enpresak egungo ekoizpen ahalmena handituko du, eta egunean hiru unitate beharrean lau ekoitzi ahal izanen ditu; beraz, ekoizpena urtean 783 unitate izatera igaroko da.

 

Felix Aramendiak gaineratu du gaur egun Sakana inguruan enplegu gehien sortzen duen enpresa dela (430 langile). Akordio horri esker, hurrengo lau urteetan zuzeneko nahiz zeharkako 400 eta 500 langile artean kontratatuko ditu, eta “komunitateari ekarpen sozial handia eginen dio”.

 

Volvo proiektuak dakarren plantilla handitzeari aurre egiteko, Nafarroako Gobernuaren Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuarekin akordio bat sinatu du, eta lanbide profilak hautatzeko eta prestatzeko programa bat abian jarri da, langile kualifikatuak kontratatzeko, Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin (NEZ) eta Nafarroako Gobernuaren Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuarekin batera.

 

Sunsundeguiko Giza Baliabideetako arduradun Patxi Iraizozek azaldu duenez: “programa horiek irtenbide bat eskaintzen dute eskatutako profila duten langileak erakartzeko zailtasunari aurre egiteko, lan merkatuan langile horien eskasia baitago. Izan ere, sektoreko langileentzako enplegu aukera ere badira, beren profil profesionalak gure karrozeria industriaren beharretara egokitzen ditugulako, kualifikazioaren bidez.

 

Zuzendaritza taldeak eskerrak eman ditu, bestalde, abenduan Nafarroako Parlamentuak proiektu horri emandako babesagatik, proiektu hori “Sakanako ingururako aukera ezin hobea delako eta Nafarroa osoan eragina izanen duelako”. Parlamentuaren Osoko Bilkurak abenduaren 21ean onetsi zuen Sodenak Sunsundegui SAri gehienez lau milioiko mailegu berri bat eman diezaion baimena ematen duen Foru Legea diruzaintzako arazo larriak zituen enpresari laguntzeko.

 

Bileraren ostean, Parlamentuko ordezkariek, zuzendaritza taldearekin batera, ibilbide gidatu bat egin dute enpresaren instalazioetan barrena.