Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Azaroak 4

Komunitatearen egoerari buruzko osoko bilkurak gaur jarraitu du, 21 ebazpen-proposamen eztabaidatu eta bozkatuta

Ekimenetako gai nagusiak dira suspertze sozioekonomikoa, funtsezko zerbitzu publikoen indartzea, bizikidetza plana, eta berdintasunerako urratsak egitea baita zerga arloan ere.

Foru Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidak ostiral honetan aurrera jarraitu du  (09:15) erregistratutako 21 ebazpen-proposamenak eztabaidatu eta bozkatuta. Horietatik hiru, toki finantzaketari buruzkoa, trantsizio ekonomiko eta digitalari buruzkoa eta berdintasunari buruzkoa, PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk adostu dituzte. I-Ek azken hori sinatu du aurrekoekin batera, eta beste bi partekatzen ditu Podemos-Ahal Dugurekin: hezkuntza publikoari buruzkoa eta gazteriari buruzkoa.

Ebazpen-proposamenak eztabaidatzeko hurrenkera hitzaldiena bera izanen da, hau da, handienetik txikienera, lehenik oposizioko blokea eta gero Gobernuari eusten dioten taldeena.

 

Talde parlamentario bakoitzak bere proposamenak batera defendatuko ditu, eta horretarako 10 minutu izanen ditu, gehienez. Gero aldeko edo kontrako hitzaldien txanda hasiko da, eta beste txanda bat erantzuteko (biak ere 5 minutukoak). Hor ere talde eta elkarteek eztabaidan izandako hurrenkera berari eutsiko diote. Ondoren bozkatu eginen da. Prozesu bera sei aldiz errepikatuko da, behin talde edo parlamentari elkarte bakoitzeko.

 

María Chiviteren Gobernuaren oinarri den Akordioa sinatu zuten taldeek hiru proposamen adostu dituzte (I-Ek bat bakarrik). Lehenbizikoak apustu egiten du toki entitate guztientzat finantzaketa eredu “zuzenago eta solidarioagoa eta nahikoa” ezartzearen alde, eta horretarako beharrezkotzat jotzen du Toki Azpiegituren Plana (TAP) ere, “inbertsioen plangintza eta egonkortasuna erraztuko dituena”, bai eta Toki Ogasunen Funtsa banatzeko eredu bat ere, “kalitatezko zerbitzu publikoak bermatuko dituena”. Hori guztia “NUKFri entzunda” egin behar da.

 

PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk sinatutako bigarren proposamenak “ekonomia zirkularrerako trantsizioa” taxutzea planteatzen du, hartara, eragile sozial eta ekonomikoekin batera, “ingurumen-jasangarritasuna eta Ongizate Estatuaren iraupena eta hobekuntza lortzeko”. Esparru horretan, Foru Gobernuari “Nafarroako Berrikuntza Digitaleko Poloa gauzatzeko” eskatzeaz gain, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio ahalik lasterren egin dezala EBko 2018/2001 eta 2019/944 zuzentarauen transposizioa, “energia berriztagarrien ekoizpena, energia-komunitateak, autokontsumoa eta energia-ekoizpen barreiatua bultzatzeko”.

 

PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk –oraingoan I-Erekin batera– itundutako hirugarren proposamenak apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legea garatzen jarraitzearen alde egiten du, emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko. LGTBI+ pertsonen eskubide-berdintasun egiazkorantz aurrera egiten jarraitzeko ere eskatzen da, eta hezkidetza garatzeko, “Nafarroako hezkuntza sistema osoaren ardatza den aldetik”. Eskatzen da, halaber, berdintasunaren arloko eskumenak ematea administrazio publikoetako langileei, “haien ohiko jardueran genero-ikuspegia txertatze aldera”. Horretarako, komunikazioaren arloan berdintasuna sustatzeaz arduratuko litzatekeen behatoki bat ere sortuko litzateke.

 

PSNk erregistratutako ebazpen-proposamenek zerbitzu publikoen sistemaren egiturazko erreformen jarraipenaren alde egiten dute, horrela “ongizate estatu modernoa, kalitatezkoa, bermatzailea eta unibertsala eratzeko”, besteak beste. Testuinguru horretan, Oinarrizko Osasun Laguntza “sendotzea” aldezten da, eta “eredua aldatzea” iraupen luzeko zainketetan, hezkuntza sistema publikoari “bultzada ematea”, 0-3 urteko haurren zikloaren “unibertsalizazioa” eta Lanbide Heziketaren “sustapena”.

 

Beste alde batetik, “ideologia, erlijioa, kultura edo bestelako arrazoiak tarteko desberdin direnen errespetuan oinarritutako bizikidetza” finkatzera bideratutako programa eta jarduketak areagotzearen alde egiten da. Horretarako, “memoria demokratikoari buruzko politika publikoa” hezkuntza sisteman ezartzeko eskatzen da, halako moldez non, “curriculumean iraganeko errealitatearen ezagutza objektiboa eta balio zibiko, etiko eta demokratikoen aldeko heziketa txertatuz, indarkeriazko ekintzak, agintekeriak eta giza eskubideen aurkako erasoak saihestuko baitira”.

 

Geroa Baik erregistratutako ebazpen-proposamenek Parlamentuari konpromisoa eskatzen diote “Lorafnan ezarritako eskumenen garapenerako beharrezkoak diren neurri guztiei bultzada emateko”. Xede horrekin, eta 13/1982 Foru Legearen 40. urteurrenean, proposatzen da Berrezarpen eta Hobekuntza arauaren “eguneratzea aztertzera” bideratutako ponentzia parlamentario bat sortzea eta “foru autogobernuaren balantzeari eta indarrari” buruzko jardunaldiak egitea esparru akademiko eta unibertsitarioko adituekin.

 

Era berean, desgaitasuna duten pertsonen eskubideak bermatzeko foru lege bat egiteko eskatzen da. Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioaren ikuspegiarekin bat eginda, lege horrek araudiaren giltzarri izan behar du.

 

Podemos-Ahal Duguk, oraingoan I-Erekin batera, apustu egin du “irakaskuntza sistema publikoa lehenetsi eta hedatzearen alde”, ikastetxe hurbilenean eskolatzea lehenetsiz, eskaintza nahikoa bermatuz gaztelaniaz zein euskaraz, laikotasuna sustatuz, 0-3 urteko haurren zikloaren doakotasun eta unibertsaltasunerantz aurrera eginez, azpiegiturak eta lan baldintzak hobetuz eta ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxe pribatuei ituna kenduz”.

 

Bestalde, I-Erekin batera berriz ere, gazteei laguntzeko politika publikoak eskatzen dira, bai etxebizitzaren arloan, non, EmanZipa programaren iraupenaz gain, “etxebizitza eskaintza nahikoa” eskatzen baita, baita “gizarte, hizkuntza eta kultura aniztasunaren sustapena” eta desgaitasuna duten gazteak gizarteratzeko babesa ere. Eremu horretan, genero indarkeriari buruzko gazteentzako informazioaren eta baliabideen gida zabaltzen jarraitzeko eskatzen da, eta bermatzeko abian jarriko dela Ongizate Emozionalerako Aholkularitza, banakako laguntza eskainiko duena dohainik.

 

Gainera, Lan merkatuaren erreformarako presako neurriei buruzko otsailaren 10eko 3/2012 Errege Lege-dekretua indargabetzeko exijitzen da eta bestelako ekimenak eskatzen dira “gazteen laneratzea errazteko, bereziki landa eremuetan”.

 

Izquierda-Ezkerrak erreforma fiskalerako proposamen bat aldarrikatu du Parlamentuan eztabaidatu eta bozkatu dadin. “Sozietateen gaineko zergaren aldaketa eta ondare handien tributazio handiagoa oinarri, diru-sarrera gehiago erakarri behar ditu”, zergen progresibotasuna tarteko.

 

Horrez gain, “finantza-zerbitzuetarako sarbidea demokratizatu eta gure komunitatearen garapen ekonomikoaren finantzaketan esku hartuko duen banka publiko bat sortzea” aldezten da.

 

Beste alde batetik, eta “legegintzaldirako akordioa betez”, I-Ek Nafarroako Gobernua premiatzen du “35 urteko adinera arte” luza dezan EmanZipa programa; etxebizitzarako David laguntza handitu dezan, hilean 150 euro emanez Sara indizea halako bi baino errenta txikiagoa duten familiei; etxebizitza hutsak alokatzeko pizgarriak ematen dituen legea eraginkor bilaka dezan; eta alokairuen jasangarritasun indizea gara dezan, “abusuzko errentei mugak ezartzeko”.

 

Navarra Sumak erregistratutako ebazpen-proposamenek “azken urteetan galdutako lehiakortasun mailak berreskuratzen” lagunduko duen eta “familiei KPIaren gorakada” konpentsatuko dien zergapetze-esparru baten alde egiten dute.

 

Halaber, “kalitatezko enplegua sortu, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bermatu, eta osasun, hezkuntza eta gizarte arloetan zerbitzu publiko unibertsal eta bikainak abiarazi eta mantentzera” bideratutako politiken aldeko apustua egiten du.

 

Helburu horretarako, “Osasuneko aurrekontuaren % 18, gutxienez, Oinarrizko Lehen Laguntzara joateko” eskatzen da, eta berreskuratzeko “aurrez aurreko arreta, pertsonen borondatezkotasuna errespetatuz arreta-ereduan”. Halaber “Nafarroako osasun langileen oinarrizko soldatak ongien ordaintzen duen autonomia-erkidegoko soldatekin parekatzeko” eskatzen zaio Gobernuari, eta “medikuen esklusibotasun-osagarria kentzeko”.

 

Hezkuntzaren esparruan, dei egiten da gizartearen eskaria errespetatzeko “irizpide eraginkor gisa, funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeen eskaintza planifikatzeko garaian”, eta “bertan behera uzteko haurren gutxieneko euskara-ezagutza nahitaezkotzat ezartzeko ideia”.

 

Gizarte zerbitzuei dagokienez, hau eskatzen da: “Irisgarritasuna bermatzea, adinekoen, desgaitasuna dutenen eta gaixotasun mentala dutenen itxaron zerrendak ezabatzea, eta Errenta Bermatuari buruzko Foru Legea aldatzea, sorospen bat hartzen ari diren pertsonen egoera kronifikatuko ez duen eredu baten bila”.

 

Lanaren arloan, berariazko neurriak eskatzen dira “laneratzea, iraupena eta sustapena errazteko langabeei, eta bereziki gazte eta emakumeei eta desgaitasunen bat edo gizartetik baztertzeko arriskua duten pertsonei”. Hau ere eskatzen da: “Aurrera egitea emakumeen soldata arrakala eta lan merkatuan gertatzen diren gainerako desberdinkeriak ezabatzeko”, tartean “aldi baterako lana, lan egiteari goizegi uztea eta pentsioen ekitaterik eza”.

 

Azpiegitura handiei dagokienez, Navarra Sumak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio “N-121-A errepidea edukiera handiko errepide bihurtzeko, bi erreirekin noranzko bakoitzean”, eta Nafarroako Ubidearen bitartez ura Erriberara eramatea eta AHTa bultzatzea bermatuko duen “denbora- eta aurrekontu-plangintza” egiteko; azken kasu horretan, “3 hilabeteko epean hitzarmena sinatu behar du Espainiako Gobernuarekin”.

 

Bestalde, Navarra Sumak Toki Administrazioaren Erreformari buruzko otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legea indargabetzeko eskatzen du, lehen urrats gisara, udalekin finantzaketa bidezkoa adosteko; horrek barnean hartzen du Iruñaren hiriburutza-agiria mantentzea eta Tuterari ere ematea.

 

Industriaren arloan, Navarra Sumak behar diren kudeaketak egiteko eskatzen dio Foru Gobernuari, Espainiako Gobernuak “tratu berdina berma diezaien Martorelleko eta Landabengo auto lantegiei”. Era berean, “energia berriztagarrien gidaritza berreskuratzeko” eskatzen du, eta bidea emateko “nekazaritzako elikagaien industria ingurumen-, laborantza-, eraldaketa- eta banaketa-eskakizun berrietara egokitu ahal dadin, eta digitalizazioaren alde benetan apustu egiteko”.  Horretarako, “banda zabalerako bigarren plana bukatzera eta 5G teknologiaren ezarpena eta garapena ahalbidetzera” premiatzen du Gobernua.

 

EH Bilduk erregistratu dituen ebazpen-proposamenek azpimarratu egiten dute “eztabaida politiko eta soziala” abiatu behar dela, hartara, “Lorafnaren 40. urteurrena atarian dugula, Nafarroaren eta Estatuaren arteko harremanen ereduaz erreferenduma egiteko”.

 

Osasun arloan, Oinarrizko Laguntzaren eta Arreta Jarraituaren etorkizuneko eredua taxutzearen alde egiten da, eta eskatzen da berehala lehenets daitezela aurrez aurreko laguntza eta lurralde-ekitatea. Horrek eskatuko luke, beste gauza batzuen artean, “talka-plan bat, osasun langileentzako lanpostuak betetzeko” (lan-eskaintza publikoak bizkortuz eta sinplifikatuz, landa eremuetako profesionalak fidelizatuz), eta “zaharrentzako edota desgaitasuna dutenentzako baliabide publikoen sarea hedatzea” eta “laguntza publikoaren eredu berri bat, kontziliazioa eta zainketa duinak bermatuko dizkiena pertsona guztiei, pertsona ardatz harturik (babespeko apartamentuak, abegi etxeak, etxebizitza publikoa edo cohousing-a)”.

 

Ingurumenaren arloan, EH Bilduk beharrezkotzat jotzen du “asmo handiz” jokatzea klima aldaketaren aurka, “trantsizio energetiko planifikatua, ordenatua eta demokratikoa egiteko”. Haren iritziz, horrek eskatuko luke “hobekuntzak egitea Klima Aldaketari buruzko Legean, eragile sozialek aldarrikatu eta Europako Erkidegoak gomendatzen duenaren ildotik”.

 

“Karbonogabetze prozesuan” aurrera egiteko eta “energia subiranotasun osoa” eratzeko, beraz, Nafarroako Energia Agentzia sortzea proposatzen da, enpresa entitate publiko gisa (11/2019 Foru Legearen 59. artikuluak aurreikusten ditu halako entitateak). Aurrekoaren osagarri, apustu egiten da fiskalitate ekologikoaren alde, “kutsatzen duenak ordaindu egin behar du” printzipioaren pean, eta erabakiak hartzerakoan gizarteak parte hartzearen alde.

 

Gainera, EH Bilduk “energia ekoizpen deszentralizatua lehenetsi” nahi du “makroazpiegituren gainetik, biodibertsitatea eta lurraren ohiko erabilerak ahalik gehien errespetatzeko”. “Egiazko ekonomia zirkularra” xede izanen duten neurriak ere eskatzen ditu.

 

Bizikidetzan aniztasuna eta pertsona guztien eskubideak” errespetatze aldera, “behar adina baliabide” eskatzen dira “berdintasuna sustatu eta indarkeria sexistari, xenofobiari eta arrazakeriari aurre egiteko politiken garapenerako”.

 

Eskatzen da, halaber, “lehenbailehen garatzea 16/2019 Foru Legea, eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzkoa”.

 

Bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren transferentzia gauzatzea ere planteatzen da, eta egungo errenta bermatuaren estaldura zabaltzea (egiaztatze denbora urtebetera laburtzea, eta pertsonari errenta bermatzea lanik edo nahiko diru-sarrerarik ez duen bitartean), eta neurri fiskalen bitartez pentsio txikienak osatzen jarraitzea.

 

Hizkuntzaren arloan, deia egiten da herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatzeko, euskarazko arreta bermatuz administrazio publikoetan (hizkuntza planak departamentu guztietan sei hilabeteko epean).

 

Gizarte kohesiorantz aurrera egiteko, proposatzen da aberastasuna birbanatzea, kalitatezko enplegua sortzera bideratutako politika ekonomiko baten bitartez, ekoizpen sistemaren jasangarritasunari begira.

 

Horretarako, apustu egiten da lana banatzearen alde, lanaldiaren murrizketa orokorra dela medio, eta lanbidearteko gutxieneko soldata Nafarroako batez besteko soldatari egokitzearen alde. Helburu horiek neurri handian jartzen dira “Lan Erreforma berehala indargabetzearen” eta “lan-harremanetarako esparru propioa ezartzearen” menpe, “Banka Publikoaren” aldarrikapena albora utzi gabe.