Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Irailak 14

Kongresuak ez du aintzat hartu Nafarroako Parlamentuaren lege proposamen bat, Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoa eta Alderdi Politikoen Finantzaketari buruzko Lege Organikoa hein batean aldatzen dituena

Azconak, Builek eta De Simónek arrakastarik gabe defendatu dute Madrilen hauteskunde-gastuaren mugak gainditzeagatik tokiko hautesle-elkarteei ezartzen zaizkien zehapen “neurrigabeak” ken daitezela

Diputatuen Kongresuak ez du aintzat hartu Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoa eta Alderdi Politikoen Finantzaketari buruzko Lege Organikoa hein batean aldatzen dituen Lege proposamena, zeinaren xedea baita hauteskunde-gastuen mugak (193. art.) eta finantzaketarako legezko betekizunak ez betetzeagatiko zehapenak (17. bis art.) egokitzea. Bozketaren emaitza honako hau izan da: aldeko 61 boto, aurkako 174 boto eta 95 abstentzio. PSOEko (120) eta Voxeko (52) diputatuen aurkako irizpideak eta PPkoen (88) abstentzioak ezdeus bihurtu dute Unidas Podemos, Ciudadanos, PNV, EH Bildu eta UPN bezalako taldeek emandako babesa.

 

Estatu mailako legegintza-ekimen bat izan da, zeina 2020ko otsailaren 20an onetsi baitzuen Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak eta Kongresuaren Mahaiak hil honen 8an izapidetzeko onartu baitzuen. Arrakastarik gabe defendatu dute gaur Kongresuan Pablo Azconak (Geroa Bai), Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simónek (IE).

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda Ezkerra taldeek bultzaturiko legearen xedea zen egungo araudiaren eraginak zuzentzea, bermatze aldera hauteskunde-gastuaren mugak ahalbidetu egiten duela gutxieneko hauteskunde-kanpaina bat egitea edo, gutxienez ere, gutun-azalak eta propaganda zuzenean bidali ahal izatea, eta muga horrek lotura duela jasoko diren hauteskunde-dirulaguntzen zenbatekoarekin.

 

Bestalde, eta kontuan hartuta Alderdi Politikoen Finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoak arau-haustetzat tipifikatzen duela Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoan aurreikusitako hauteskunde-gastuen mugak gainditzea, eta gutxieneko zehapen bat ezartzen duela kasu guztietan (baita udalerri bakar batean aurkezten diren formazioak direnean ere), tipifikazioaren arabera 5.000, 25.000 edo 50.000 eurokoa izan daitekeena, gutxieneko isun hori kentzea proposatzen da, neurriz kanpokoa izateagatik.

 

Aurrera atera izan balitz, jada ez litzateke zigortuko "50.000 euro baino gutxiagokoa ez den" zehapen batekin alderdi politikoek HAOLOn aurreikusitako hauteskunde-gastuen mugak ehuneko hamarrean edo gehiagoan gainditzea, hargatik eragotzi gabe lege horren 134. artikuluan ezarritakoa”, dokumentazioa biltzeko eta argibideak emateko Kontuen Auzitegiak dituen ahalei buruzkoa.

 

Horrelaxe azaldu du Nafarroako Parlamentuak izendatutako hirukoak, zeinak bere hitz egiteko txandan aldarrikatu baitu arau-esparru bat ezar dadila, ahalbidetuko duena tokiko hauteskunde-elkarteak “alderdi handiekiko berdintasunean” lehiatu ahal daitezela. Hori, haien ustez, lagungarri gertatuko litzateke "herritarrek udalerri txikien kudeaketan parte har dezaten bultzatzeko" eta, bide batez, "defizit demokratiko bat konpontzeko", zeinean Kontuen Auzitegiak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak zeresan handia baitute.

 

Geroa Baiko eledun Pablo Azconak aldeztu du proposatutako aldaketak “justiziakoak” direla, eta halaber “ezinbestekoak, araupetzearen izaera irrazionala zuzentzeko, zeren eta hauteskunde-gastuaren muga apala eta zehapen-araubide proportzio gabea direla eta, parte hartzeko pizgarriak galdu eta toki entitateen interesen kudeaketa kaltetzen baita. Kontuen Auzitegiak berak esana du jada hauteskunde-gastua nabarmen eskasa dela hauteskunde-kanpaina bat aurrera eraman ahal izateko”.

 

Azconak argi utzi du “hauteskunde-elkarteen antolaketa politikoko formula oso sustraitua dago Nafarroan, 217 udalerritan baitago. Horietatik 57k gastuaren muga gainditu zuten 2019an —guztien artean 50.000 euro baino gehixeago—, baina 50.000 euroko isuna ezarri zitzaion haietako bakoitzari. Herri bakar batean lehiatzen diren formazio politiko txikien kasuan, gaindikin oso txiki batek zehapen neurrigabea ekar dezake, aplikatzekoa zaien hauteskunde-gasturako mugaren ondorioz. Irrazionala da hori demokraziarako”.

 

Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) “Estatuko alderdi handietatik kanpo sortzen den herritarren bokazioa ez zigortzearen alde” agertu da. “Eskuzabaltasuna eskatzen dugu, herritarren parte-hartze demokratikoaren alde bozka dezazuela, abusurik gabe. Halako hauteskunde-elkarteen gastu-ahalmena bikoiztu beharra dago, eta zehapenak doitu. Herritarren parte-hartzea erraztu behar da, zeren eta, azken batean, lurraldearen kudeaketa dela-eta sentiberatasun eta inplikazio handiena dutenak baitira. Nafarroan lurraren % 41 publikoa bada, mugimendu komunalari esker izan da, herritarren mugimenduari esker”.

 

Marisa de Simónek (I-E) gonbit egin die diputatuei “defizit demokratikoari konponbidea emateko, zeren eta disfuntzio handi bat baitago, tokiko elkarte politikoei berdintasunean lehiatzea eragozten diena. Ezinezkoa da hauteskunde-proposamen baterako diru-laguntza 100 eurokoa izatea, 120 euroko gastua eragitea eta horregatik 50.000 euroko zehapena ezartzea. Nolanahi ere, argi utzi nahi dut desitxuratutako lege proposamen bat dela hau, hasierako planteamenduari erantzuten ez diona. Erantzukizunez babesten dugu, gai honi ezinbestez heldu behar zaiolako.

 

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Parlamentuaren iritziz egokia zen Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko 5/1985 Lege Organikoaren 193. artikulua zeini Alderdi Politikoen Finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren 17. bis artikulua aldatzea, azken horren kasuan kenduz ezarri beharreko gutxieneko zehapena.

 

Kongresura bidalitako lege proposamenean jaso zenez, honako hau zen Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko 5/1985 Lege Organikoaren 193. artikuluaren 2. apartaturako proposatutako testu berria:

 

“2. Udal-hauteskundeetan, 20.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerrietan, hauteskunde-gastuen muga izanen da alderdi, federazio, koalizio edo elkarte bakoitzak bere hautagaitzak aurkezten dituen barrutietako zuzenbideko populazioei dagokien biztanle-muga bider 0,11 euro (0,22 baldin eta 20.000 biztanletik gora badute) egitetik ateratzen dena. Barruti bakar batean aurkezten diren alderdien edo hauteskunde-elkarteen kasuan, aurreko paragrafoan adierazitako hauteskunde-gastuen muga ezin izanen da 2.500 euro baino gutxiagokoa izan. Baldin eta alderdi edo elkarte horiek Estatuaren diru-laguntzak jasotzeko exigitutako baldintzetara iristen badira, hauteskunde-gastuaren muga ezin izanen da izan diruz lagundu daitekeen zenbatekoa baino txikiagoa. Probintzia bakoitzeko, hauteskundeetan gutxienez ere hartako udalen 100eko 25ean aurkezten direnek beste 150.301,11 euro gastatzen ahal izanen dituzte baldintza hori betetzen duten probintzietako bakoitzeko”.

 

Alderdi Politikoen Finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren 17. bis artikuluaren lehen apartatuaren azken paragraforako proposatzen zen testu berria honako hau zen:

 

“a) apartatuan aurreikusitako zehapenak ez dira inolaz ere izanen berrogeita hamar mila euro baino gutxiagokoak».

 

a) apartatu horrek aipatzen du “4, 5, 7 eta 8. artikuluetan ezarritako mugen edo betekizunen aurkako dohaintzak edo ekarpenak onartzea. Kalifikazio bera izanen dute hirugarrenek alderdiaren gastuak beren gain hartzeak, 4.hiru artikuluan adierazitako moduan, bai eta 4.lau artikuluan jasotako debekua urratzen duten zor-baldintzei buruzko akordioek ere ".

 

Alderdi Politikoen Finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren 17. bis artikuluaren bigarren apartatuaren b) letrarako honako testu hau proposatzen zen:

 

“b) 17. artikuluaren bigarren apartatuaren b) letran aurreikusitako arau-hausteen kasuan, egindako gastu-gaindikinaren halako bitik halako bostera bitarteko zenbatekoa duen zehapena”.

 

Eta Alderdi Politikoen Finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoaren 17. bis artikuluaren hirugarren apartatuaren b) letrarako honako testu hau proposatzen zen:

 

“b) Hirugarren apartatuaren b) letran aurreikusitako arau-haustearen kasuan, egindako gastu-gaindikinaren halako bitik halako bostera bitarteko zenbatekoa duen zehapena”.

 

Konstituzioaren 87.2 artikuluaren arabera Autonomia Erkidegoetako Biltzarrek Gobernuari eskatzen ahalko diote lege proiektu bat onets dezan edo Kongresuko Mahaiari lege proposamen bat igortzen ahalko diote, Biltzar hartako hiru kideri eskuordetza emanez ekimen horren defentsa egiteko Kongresuan.

 

Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 212. artikuluak garatzen du Kongresuan legegintzako ekimena baliatzeko ahalmen hori, eta proposamenak legegintza-prozedura arruntaren bidez izapidetuko direla ezartzen du. Dagoen alde bakarra da Osoko Bilkurak proposamena onetsi ondoren proposamena ez zaiola Nafarroako Lehendakariari igortzen, baizik eta Diputatuen Kongresuko lehendakariari, legebiltzar horrek izapidetu dezan.

 

Proposamena Kongresuan defendatu behar duten parlamentarioen izendapena Eledunen Batzarraren erabaki loteslearen ostean Mahaiak onetsitako arauekin bat egin da.

 

Arau horiek xedatzen dutenez, proposamenaren aurka bozkatu ez duten hiru parlamentarik eginen dute proposamenaren defentsa, Mahaiak izendatuta. Bat, ekimena aurkeztu zuten/zuen taldeek/taldeak proposatuta (Pablo Azcona), eta beste biak, berriz, Eledunen Batzarrak boto haztatuaren bidez hautatuta, taldeek proposatuta (Mikel Buil eta Marisa de Simón)