Kontuen Ganberaren historia biltzen duen liburuaren aurkezpena egin da Parlamentuan
Comptosek “gobernu on” baten jardunean duen garrantzi historikoa nabarmendu du Hualdek, Nafarroako erakunde publikoei gida eta aholkularitza zerbitzua eskaintzen baitie
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek Comptos. Nafarroako Kontuen Ganbera. 40 urteko kronika (1980-2020) liburua aurkeztu du gaur. Fermin Erbitiren testuekin erakunde fiskalizatzaileak argitaratutako lanaren helburua “Foru Erkidegoaren bilakaera politiko, ekonomiko eta soziala dokumentatzea” da, kontu publikoen kudeaketa behatu eta hobetzeaz arduratzen den organoaren “oraintsuko historiaren bidez”.
Unai Hualdek azpimarratu du “Nafarroa Espainiako Estatuan kontrolerako eta ikuskapenerako lehen kanpo organo demokratikoa ezartzen aitzindaria” izan zela, eta Kontuen Ganberaren txostenek eta gomendioek “garrantzi handia” dutela gobernu on baten jardunean. “Carlos II.ak 1365ean sortutako Nafarroako Erresuma zaharreko kontuen auzitegi zaharraren berrezarpena frankismo osteko hastapenetan gertatu zen, Víctor Manuel Arbeloaren lehendakaritzapean, eta bera izan zen 1980ko urtarrilaren 28an Segredo, Aldecoa, Irujo edo Zufía bezalako parlamentarien arteko eztabaida gidatu zuena”.
Ildo horretan, gaurkotasuneko gai batzuk aipatu ditu lehendakariak, non Comptosek bitartekaritza lanak egin behar izan dituen bere txosten eta gomendioekin, gai ezberdinen inguruan sortutako eztabaida politikoa eta soziala apaltzeko edo bideratzeko, hala nola “errepideen eraikuntza, ustelkeria kasuak, irrati lizentziak, Los Arcosko Zirkuitua, Nafarroako Ubidea, AHT, zor publikoa edo Osasunarentzako ditu-laguntzak”.
Ondoren, lehendakariak Kontuen Ganberako lehendakari izan diren bost pertsonen aipamena egin du. “Mariano Zufia (1981-91) Ganbera martxan jartzeaz eta finkatzeaz arduratu zen. Patxi Tuñón (1991-97) arrisku-eremuen fiskalizazioagatik eta komunikazioagatik nabarmendu zen. Luis Muñozena (1997-2010) agintaldi luzeena izan zen, aldeko testuinguru ekonomiko batean. Helio Robleda (2010-16) auditore bihurtu zen krisi garaian, eta, azkenik, Asun Olaecheak (2016) belaunaldien arteko erreleboa gorpuzten du, baita pandemia ere, eragin handia izan baitu Kontuen Ganberaren lanetan. Horiek guztiek lagundu dute gaur egun sustrai historiko sakona duen erakunde honen izen ona eta errespetua lortzen”.
Amaitzeko, “Parlamentuaren eta gizartearen esker ona” helarazi die teknikari, administrari eta auditore guztiei; izan ere, Nafarroako erakunde publiko guztiei gidaritza eta aholkularitza emanez, “klase politikoaren lana goratzen laguntzen dute”. Unai Hualdek, amaieran, Fermin Erbiti egilearen lana goraipatu du. “Zorroztasunari eta kudeaketa onari begira, Nafarroako Parlamentuak eta Kontuen Ganberak elkarlanean jarraitu behar dugu. Herritarrak dira onuradun nagusiak. Eskerrik asko”.
Asun Olaechea Kontuen Ganberako lehendakariak, fiskalizazio-organoak lau hamarkadatan zehar izan duen ibilbidea errepasatu du. Urte hauetan guztietan “kudeaketa publikoa eta honen kontrola asko aldatu diren arren, legezkotasun-eskakizunari efikazia eta efizientzia gehitu baitzaizkio, ez dira aldatu erakundearen sinesgarritasunaren oinarri diren independentzia-, profesionaltasun- eta gardentasun-irizpideak. Eta aurrerapen teknologikoez haratago, misio berari leial izaten jarraitzen dugu, funts publikoen kudeaketa aztertu eta Nafarroako Parlamentuari arlo ekonomikoei buruzko aholkuak ematen”.
Testuinguru horretan, Olaecheak pozik agertu da “Ganberaren berrezarpenaren berrogeigarren urteurrenaren ospakizuna Fermin Erbitiren kronika egoki honekin itxi izanagatik. Hemen ospatu genituen arauaren 40 urteak, gero 1984ko Foru Legeak ordezkatu zuena, Comptos berrezartzea ahalbidetu zuena, eta hona ekarri genuen Cesar Orozen De los oidores a los auditores erakusketa. Luis Ordoki gure idazkari ohiari ere eman genion domina. Orain, egin beharrekoa gizartearen zerbitzurako etorkizun emankorra idazten jarraitzea da. Eskerrik asko”.
Fermin Erbitik, Kontuen Ganberako komunikazio arduradunak eta edizio elebidunaren egileak, liburua “erradiografia” baten gisa definitu du, “gizarteari konektatutako erakunde ireki baten isla da, egitura arina duena, izaera tekniko nabarmenarekin eta bi sinbolori estuki lotua, Erdi Aroko egoitza eta artxibo baliotsua. 1836 eta 1980 urteen artean bere oroitzapena bizirik mantentzea ahalbidetu zuten bi erreferente”.
“Atzera begiratzeak eta balorazioa egiteak etorkizunari begiratzea ahalbidetzen du, norantz joan nahi dugun ikusteko. Estrategia esaten zaio, aldaketa izugarrien garaian bereziki garrantzitsua den zerbait, kudeaketa publikoari eta haren kontrolari dagokienez, bizitzea dagokiguna. Horixe da helarazi nahi izan dudana, hain zuzen, independentziari, profesionaltasunari eta zorroztasunari lotutako organo baten historia, bere sinesgarritasunagatik baloratzen dena. Eskakizun hirukoitz horri laugarren bat gehituko nioke, zuhurtzia, ezinbestekoa baita bere txostene duten eragin eta garrantzi sozialagatik”.
Erbitik, azkenik, garai hauetan Kontuen Ganberari buruzko informazioa eman duten kazetariei eskaini die liburua, eta berretsi du bere kronika “txosten ugariz osatutako kontakizun baten laburpena baino ez dela, saihestezinak diren tentsio eta polemikak eragin dituzten txostenekin, hain zuzen, baina baita bestelako ekimenei espazioa ere utziz, hala nola, kongresuak edo kontzertuak”. Era berean, adierazi du umoreak ere bere lekua duela liburuan, baita Ganberak “gure ekonomia- eta zerga-araubide pribatiboaren zikloa ixten duen kontrol-eskumen esklusiboa duela jakitearen harrotasunak ere. Liburua hau irakurtzen duenak nik idazten bezainbeste gozatuko dezan espero dut. Esker mila”.
Ekitaldia Parlamentuaren erabilera anitzeko aretoan izan da eta bertan izan dira Elma Saiz, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Inma Jurío, Parlamentuko lehen lehendakariordea, Pedro González, Ángel Ansa (Navarra Suma), Ramón Alzórriz (PSN), Uxue Barkos (Geroa Bai) eta Juan Cruz Alli, Nafarroako Gobernuko lehendakari ohia. Kontuen Ganberari dagokionez, Patxi Tuñón, Luis Muñoz eta Helio Robleda lehendakari ohiak eta Luis Ordoki idazkari ohia ere bertan izan dira.