Noiz argitaratua Asteazkena, 2017.eko Otsailak 8

Kultura Batzordeak bisita egin du Iberoko burdinolara

Leitzako eta Goizuetako udalek Gobernuari laguntza eskatu diote eraikin multzoa zaharberritzeko, berebiziko balioa baitu Erdi Aroko historia burdingintzaren bidez azaltzeko

Kultura, Kirol eta Gazteria Batzordeak gaur bisita egin du Iberoko burdinolara (Leitza). Erdi Aroko industriagune bakana da: baserri bat eta babes dorre bat, zubi gotiko baten ondoan. Karlos II.aren garaiko (1349-1387) Nafarroako ondare historiko eta kulturalaren erakusgarri bikaina.

 

Batzordeko kide hauek joan dira burdinolara: Luis Casado, Cristina Altuna (UPN parlamentu-taldea), Virginia Alemán (Geroa Bai parlamentu-taldea), Miren Aranoa, Dabid Anaut (Bildu parlamentu-taldea) eta Guzmán Garmendia (PSN parlamentu-taldea).

 

Parlamentuko ordezkari taldeari Leitzako udaletxean harrera egin diote Mikel Zabaleta herriko alkateak, Unai Loiarte Goizuetako alkateak, Iñaki Sagredo arkeologoak eta Elena Irigoien Garapeneko teknikariak.

 

Bisitaren helburua izan da, Miren Aranoak zehaztu duenez, Erdi Aroko eraikin multzoa in situ ezagutzea eta Leitzako eta Goizuetako udalen proposamenak entzutea, hondarrak zaharberritzeari begira. Leitzako Udalak 2012ko otsailean erosi zuen eraikin multzoa, eta Vianako Printzea Erakundeak 2014an ondasun inbentariatu deklaratu zuen.

 

Jarraian bilera egin da, eta bertan Mikel Zabaletak eta Unai Loiartek adierazi dute bi udalek Iberoko burdinola zaharberritu nahi dutela, turismoaren erakargarri bihurtzeko. Burdinola Leitzako udal mugapean dago, baina Goizuetatik hurbilago dago Leitzatik baino.

 

Altxor hori zaintzeko gogoa aspalditik dator, baina Leitzako Udalak azken zazpi urteetan inbertitu dituen 250.000 euroak “ez dira aski izan eraikinak sendotzeko, oso azkar hondatzen ari baita. Dorreak 2009an galdu zituen teilatuaren azken aztarnak, hormetako pitzadurak zabaltzen doaz, eta euri ugariek are gehiago ahuldu dute multzo osoa. Azkar ibili behar da, ezbehar handia litzateke ondare hau galtzea”, baieztatu du Mikel Zabaletak.

 

Unai Loiarte Goizuetako alkateak esan duenez, “Nafarroako Gobernuaren ekarpenik gabe zaila izanen da hondar hauek zaharberritzea. Aukera handiak daude, inguru honek ezaugarri ezin hobeak baititu turismo mota jasangarri baterako, eta hori garapen-eragilea izan liteke”.

 

Iñaki Sagredok, bestalde, “bitxi honen balioaz” ohartarazi du. “Denboraren zati bat da, Erdi Aroko historia burdingintzaren bidez azaltzeko aukera ematen diguna. Lan txiki batzuk egin dira dorreak lur jo ez dezan, besteak beste. Dorrearen eraikuntzan burdin zepazko bolak erabili ziren, inoiz ikusi gabeko zerbait, eta galtzen ari dira. Sinetsi ezinezkoa da, errepidearen ondoan egonda, nola kontserbatu den hau guztia. Lehendabizi ingurua zurkaiztu behar da, gero bilatuko dugu jendea erakartzeko modua. Gune ekonomiko eta kultural interesgarria sor liteke. Legazpiko burdinolara, esaterako, jendetza joaten da”.

 

Bilera amaitu ondoren, Kultura Batzordeko kideak Iberora joan dira. Iñaki Sagredok gidaturik, burdinolako txokoetatik ibili dira (bertan kontserbazio lanak baino ezin dira egin) eta dorrea ikusi dute, non industriagunea ezagutzeko zentro bat jarri nahiko luketen.

 

Bisita bukatutakoan parlamentariek multzo arkitektonikoaren ondare-balioa nabarmendu dute eta beren taldeek etorkizunean erabaki ditzaketen jarduketen zain daudela adierazi dute.

 

Iberoko burdinola XVIII. mendera arte jardunean iraun zuen industriagunea da, eta osorik kontserbatu da, kanpoaldean aldaketa handirik jasan gabe. Erdi Aroko dorrea XIV. mendean eraiki zen, atzera eragiteko elementu gisa, burdin ekoizpena babestearren. Ondoan baserri bat dago. Sarrerako zubia Erdi Aroko begi bakarreko zubi gotikoa da, eta egoera onean dago.