Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Otsailak 24

Kultura eta Kirol Batzordea bisitan joan da La Faktoria koreografia-zentrora

Nazioarteko zentro artistiko bat da, dantza garaikidearen eta mugimendu-arteen sorkuntza, ikerketa eta prestakuntzarako

Kultura eta Kirol Batzordea bisitan joan da gaur La Faktoria Choreographic Centerrera. Dantza garaikidearen eta mugimendu-arteen sorkuntza, ikerketa eta prestakuntzarako nazioarteko zentro artistiko bat da, 2019an inauguratua.

 

Honako batzordekide hauek bertaratu dira: Alberto Bonilla, Isabel Olave (Navarra Suma talde parlamentarioa), Carlos Mena (PSN talde parlamentarioa), Ana Ansa, Pablo Azcona (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Maiorga Ramírez (EH Bildu talde parlamentarioa).

 

Parlamentuko ordezkariei harrera egin diete zentroko zuzendari Marta Coronado, Laida Aldaz eta Carmen Larraz andreek eta administrazio arduradun Raquel Liberal andreak.

 

Zentroko zuzendariek Parlamentuan parte hartu dute goiz honetan Kultura eta Kiroleko Batzordearen lan-bilkura batean eta bertan azaldu dute Nafarroan garatzen ari diren proiektua, Espainian punta-puntakoa eta nazioartean oihartzuna duena. Bisitaren xedea, batzordeko eledunek egiaztatu duten bezala, izan da proiektua eta haren instalazioak in situ ezagutzea.

 

Parlamentariek ibilbide gidatua egin dute zentroko eremuetan zehar eta, zuzendaritza taldeak lagunduta, entsegu eta sorkuntzarako aretoak ezagutu dituzte, bai eta administraziorako, bileretarako eta ikasleen atsedenerako guneen funtzionaltasuna ere.

 

Sorkuntzarako gelan parlamentariek aukera izan dute “La levedad” lanaren entseguaren zati bat ikusteko. Egileak Diego, María eta Martín zentroko ikasleak dira.

 

Ondotik Marta Coronado, Laida Aldaz eta Carmen Larraz zuzendariek azaldu dute La Faktoria 2019ko urtarrilean sortua dela eta helburu duela dantza garaikiderako prestakuntza profesionala eskaintzea, esparru kulturaniztun batean. Horri begira, prestakuntza profesionalerako programa bat du, 9 hilabeteko ikasturte bat duena, tokiko, nazioko eta nazioarteko irakasleekin eta ingelesez ematen dena.

 

Azaldu dutenaren arabera, Nafarroako 2021erako aurrekontuetan zentroari bideratutako partidak erraztu du Nafarroako ikasleei matrikulako gastuak murriztea. “Gure helburua da harrobia sortzea hementxe, Nafarroan, ez ordea zentro iritsi ezinezkoa izatea, bakarrik nazioarteko ikasleen eskura egonen dena. Garai zail hauetan, kulturak bereziki kaltetuta dagoenean, Parlamentuaren laguntza gure proiektuarekin jarraitzeko ekarpena da”.

 

Halaber, egonaldi artistikoen programa bat dute, dantza garaikiderako eta mugimendu-arteetarako, helburua izanik “sormena piztea eta ikerketarako tresnak ematea, artistaren profesionalizatzea sustatuz eta azpiegitura eskainiz”. Aipatu egonaldiek, gehitu dute, “probintziako eskaintza kulturala zabaltzen dute eta publiko berriak sortzen dituzte”.

 

Jarraian, pandemiatik eratorritako zailtasunak agerian utzi ondoren, azaldu dute aurten kendu egin behar izan dituztela “arratsaldeko eskolak”, adin eta maila desberdinetako publikoendako dantza eskolak, herritar guztiei eskainiak, “datorren ikasturtean berriro abian jarriko direla” uste badute ere.

 

Proiektua, zuzendariek azpimarratu duten bezala, “baliabide gutxirekin sortua da, baina denbora laburrean modu esponentzialean hazi da. Iristen diren hautagaitzak urtero handitzen dira, gure proiektuak tokiko, nazioko eta nazioarteko mailan erakartzen duen interes gero eta handiagoaren adierazle”.

 

Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu taldeetako eledunak bat etorri dira proiektuaren interes eta garrantziarekin “aberastasun kulturala ematen duelako eta Nafarroa nazioarteko erdigunean jartzen duelako” Era berean, adierazi dute “talentuaren ihesa ekiditeaz gain hura erakarri, itzularazi eta sortu egiten duela”.