Lagun egiteko animaliak babesteari buruzko 19/2019 Foru Legearen aldaketa baztertu da
Navarra Sumak ez du babesik lortu hudoak eta ehiza-txakurrak edukitzeari buruzko osasun-betebeharrak mugakide diren autonomia-erkidegoetan indarrean daudenekin lerrokatzeko
Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak Lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzko 19/2019 Foru Legearen aldaketa baztertu du, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek kontrako botoak emanda. Aldaketaren helburua zen hudoei eta ehiza-txakurrei buruzko betebehar sanitarioak bat etortzea autonomia erkidego mugakideetako arauekin.
Navarra Sumak bultzatutako aldaketa hori irakurraldi bakarrean izapidetu da. Helburu zuen ehizaren garrantzia aintzat hartzea, basa untxiaren eta basurdearen populazioak kontrolatzeko “ezinbesteko tresna” den aldetik, eta, horrenbestez, “borondatezkoa” izan dadila hudoak identifikatu eta errabiaren aurka txertatzea, eta txakur eta katuen nahitaezko albaitari-bisita txertoa jarri baino lehen egin dadila, urtero edo bi urtean behin egin ordez.
Arau orokor gisa, animalien arteko bereizketarik gabe, animalien tratamenduak eta txertatzeak, bai eta nahitaezkoak diren azterketa sanitarioak eta haien aldizkakotasuna ere, erregelamenduz ezarriko dira, “txertoen zehaztapen teknikoek adierazten dutenaren arabera, bai lehen txertaldirako, baita birtxertatzeetarako ere”.
Argudiatzen denez, 19/2019 Foru Legearen garapenak, zeina urriaren 26ko 94/2022 Foru Dekretuan gauzatu baita, hudoaren bidezko ehiza gehiena “bertan behera uztea” ekarri du eta areagotu egin dira untxi eta basurdeek sortutako kalte eta galerak, baita gure herrietako “gatazka sozialak” ere.
Horren haritik Nafarroako Ehiza Federazioak eta Gaztela-Mantxako Unibertsitateak egindako txosten tekniko bat aipatzen da. Bertan kalkulatu denez, hudoak (eta ehiza-txakurrak) eduki ahal izateko ezarritako betebehar berrien ondorioz % 75 murriztuko da haien erabilera, modu esponentzialean handituko dira basa untxiaren populazioa kontrolatzeko zailtasunak, eta, horrenbestez, untxiek kalte are handiagoak eraginen dituzte laboreetan, bazkalekuetan, ureztatzeko azpiegituretan eta komunikazio bideetan.
Ehiza-txakurren erabilerari buruz, behin betiko konklusiorik ezean aurreratzen denez, egiten ari den txosten batek iragartzen du basurde populazioa % 350 haziko dela eta basurdeek eragindako trafiko istripuen kopurua % 150 igoko dela.
- www.parlamentodenavarra.es/eu
- Foru lege proposamena (27. NPAO, 2023-02-17koa)