Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Martxoak 5

Landa Garapen eta Ingurumen Batzordea bisitan joan da INTIAren instalazioetara, Atarrabian

Helburua izan da instalazioak, abian dituzten proiektuak eta datozen hilabeteotan eginen dituztenak ezagutzea

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordea bisitan joan da, gaur, INTIA-Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuak Atarrabian duen egoitza nagusira. INTIA sozietate publikoa  Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari atxikirik dago, eta Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoaren parte da.

 

Batzordeko kide hauek izan dira bertan: Félix Zapatero (UPN talde parlamentarioa), Carlos Mena (PSN talde parlamentarioa), Xebe Txoperena (EH Bildu talde parlamentarioa), Blanca Regúlez (Geroa Bai talde parlamentarioa), Carlos Guzmán (Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa talde parlamentarioa) eta Emilio Jiménez (Vox foru parlamentarien elkartea).

 

INTIAko zuzendari kudeatzaile Natalia Bellostas, esperimentazio eta finketako kudeatzaile Damiana Maiz eta aholkularitza eta formakuntzako arduradun Luis Orcaray izan dira Parlamentuaren ordezkariei harrera egin dietenak.

 

PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek eskatutako bileraren helburua zen "zuzen-zuzenean ezagutzea bertako instalazioak eta egiten ari diren proiektuak nahiz datozen hilabeteetan garatuko dituztenak".

 

Datozen hilabeteotan, Batzordeak lau bisita eginen ditu INTIAren nekazaritza- eta abeltzaintza-esperimentazioko finka eta lan-esparruetara, Nafarroako sozietate publiko hori egiten ari den proiektu eta entseguen berri izateko.

 

Natalia Bellostasek Nafarroako Gobernuaren ente instrumental horren lan-arloak azaldu ditu. Adierazi duenez, INTIAk xede du "nekazaritzako elikagaien sektorea transferitzea eta berritzea, bideragarritasuna eta jasangarritasuna hobetzen laguntze aldera, eta landa-ingurune biziari eustea ingurumena errespetatuz eta gizarteari kalitatezko elikagaiak eskainiz".

 

Horrenbestez, INTIAk laguntza teknikoa ematen die zuzenean nekazaritzako elikagaien sektoreko enpresei, ustiategiei eta profesionalei, halako moduan non haien eskura jartzen baititu "bere esperientzia nahiz sektorearen errealitatearen gaineko ezagutza sakona".

 

Horri esker, aholku ematen die "atzean esperimentazio eta berrikuntza berekiko sare indartsu bat izatearen bermearekin".

 

Nekazaritzako elikagaien arlo guztietan espezializatutako zerbitzu profesionalen eta diziplina anitzeko lantaldeen bidez, INTIAk "konponbide aurreratu, errealista eta ekonomikoki errentagarriak" eskaintzen ditu.

 

Halaber, INTIAk garatu ditu Nafarroako Ubidea eta haren eremu ureztagarria, eta kontseilu arauemaile eta kalitate-markentzako lan egiteaz gain Reyno Gourmet kalitate-marka kudeatzeaz arduratzen da.

 

Luis Orcarayk azaldu zertan datzan entitate publikoak hala eskatzen duten nekazaritzako ustiategiei banan-banan ematen dien aholku-zerbitzua.

 

Aholku-zerbitzu horren barruan sar daitezke emaitza ekonomikoekin eta ingurumenarekin lotutako auziak, ustiategien lehiakortasuna hobetzeko, eta hor sartzen dira, orobat, banaketa-kate motzak garatzeko aholku-ematea, nekazaritza ekologikoa edo animalien hazkuntzarekin lotutako osasun auziak ere.

 

Damiana Maiz, berriz, esperimentazioaren eta entseguen arloari buruz jardun da; izan ere, sektoreak aurre egin beharreko erronkak ikusita (klima-aldaketa, digitalizazioa, animalien ongizatea., trazabilitatea eta elikagaien segurtasuna...), nekazaritza- eta abeltzaintza-teknika eta -metodo berriak esperimentatu behar ditu sektoreak. Hor dira, halaber, ongarrien eta fitosanitarioen erabilira dela-eta araudiak ezartzen dituen betekizunak.

 

Esperimentazio aplikatuaren esparruan, "nekazarien eta abeltzainen beharrizanei egokitutako konponbideak garatzeko funtsezkoa" da lankidetzan aritzea erkidego tekniko eta zientifikoarekin, enpresekin, administrazioekin eta, batez ere, nekazaritzaren sektorearekin.

 

Teknikari aholku-emaileen ezagutzari eta esperientziari esker –sektorearen eta esperimentazioaren arloko espezialisten taldearen arteko zubi-lana egiten dute–, Nafarroan dauden nekazaritza-sistemei egokitutako konponbideak garatzen ahal dira, aplikagarritasuna berehalakoagoa izatea eta sektorearen adopzio-tasa handiagoa izatea lortu nahian".

 

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordeko kideak barazki- eta fruitu-laboreetan espezializatuta dagoen Cadreitako finka esperimentalera joanen dira bisitan bihar.