Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordeak Aspacek Orreagan duen Biointegra proiektua ezagutu du
Proiektu “ekologikoa, inklusiboa eta jasangarria da”, eta helburu du landa-eremuko pertsona desgaituen laneratzea
Nafarroako Parlamentuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordea bisitan joan da gaur Aspace Biointegrak Orreagan dituen instalazioetara. Proiektu horrek xede du landa-eremuko pertsona desgaituen lan-beharrei erantzutea, ingurumena errespetatzea eta jasangarria, ekologikoa eta hurbilekoa izatea.
Honako parlamentari hauek joan dira: Carlos Mena (PSN talde parlamentarioa), Sebe Txoperena (EH Bildu talde parlamentarioa), Itxaso Soto (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa).
Honako hauek egin diote harrera Legebiltzarraren ordezkaritzari: Blanca Elizalde, Nafarroako Enplegurako Aspace Fundazioko zuzendaria; Rubén Valbuena eta Martín Urtea, Biointegra proiektuko ordezkariak; Jesús Goñi, Intiako Esperimentazio-koordinatzailea, eta Luis Echeverría, Intiako finkaren arduraduna.
Proiektua Intiak sortu zuen 2010ean, esnetarako behien artzaintza ekologikoko sistema bat sustatzeko eta ondoren esneki-produktu ekologiko bihurtzeko, eta, orduz geroztik, Aspacek Orreagako gaztandegia kudeatzen du, «lana landa-eremuetara hurbiltzeko ildoari jarraikiz, desgaitasuna duten pertsonek hirietara joan behar izan ez dezaten eta beren bizi-ibilbidea sortu ahal izan dezaten».
Blanca Elizaldek esan duenez, “proiektu honen alderdirik garrantzitsuena, zalantzarik gabe, horretan lan egiten duten pertsonak dira. Esneki ekologikoak egiten ditugu, bai, baina askoz haratago goaz. Landa-eremuko pertsona desgaituen laneratzearen alde lan egiten dugu”.
“Hainbat etapa bizi izan ditugu. Ardi latxa arruntaren gazta ekologikoa egin dugu, eta, 2019an behi-esneki ekologikoen ekoizpenean murgildu ginen”, Elizaldek aipatu duenez.
Gaur egun lantzen ari diren azken proiektu horren helburuak dira "landa-eremuko pertsona desgaituei lana ematea, landa-eremuetako despopulazioa geldiaraztea, behi-esnearen balioa handitzea eta ezagutzak transferitzea eta ekoizpen ekologiko eta jasangarria sustatzea Nafarroan".
Gaur egun 8 pertsona ari dira lanean Orreagako instalazioetan; horietatik 7k desgaitasunen bat dute, eta 6 landa-eremuan bizi dira. “Gure erakundeak ahalegin handia egin behar du elikaduraren sektorearen eskariei aurre egiteko, eta, horregatik, garrantzitsua da erakundeek laguntza ematea, beren zentroetan produktuak erosiz balioa ematen baitiote gure proiektuari"esan du amaitzeko Blanca Elizaldek.
Aspacerekin egindako lan-jardunaldiaren ondoren, batzordeak ekoizpen-instalazioak bisitatu ditu, eta esperimentazio eta finketako koordinatzaile Jesús Goñik balioan jarri du han egiten duten lana.
Goñiren hitzetan, “Nafarroako Pirinioetan esnetarako behiak ustiatzeko eredu baten bideragarritasuna aztertu nahi da finka honetan, ekoizpen ekologikoko eta artzaintza modernoko sistema berritzaile baten bidez. Funtsezko premisa da animaliak bazkatutako belarrez elikatzea urtean ahal den egun gehienetan ", azaldu dio Intiako arduradunak Nafarroako Parlamentuko batzordeari.
Bisitari amaiera emateko, Aspaceren esneki ekologikoak dastatu dituzte: jogurt krematsua, jogurt tinkoa, kefirra, esnea eta gamaren azken produktua den edari probiotiko bat.
Bilera amaiturik, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeetako eledunek eskerrak eman dituzte azalpenengatik eta informazioa bildu dute, inoiz ekimenen bat abiarazi nahi balute ere.
ASPACE Nafarroa irabazi-asmorik gabeko entitatea da, eta xede du garuneko paralisia edo/eta gisako desgaitasunak dituzten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzea, irtenbideak emanez, haien eskubideak babestuz eta eskubide osoko herritar gisa parte har dezaten erraztuz. Garuneko paralisia eta/edo gisako desgaitasunak dituzten pertsonen "bizi-ibilbidea" garatzeko konpromisoa duen erakundea da, familiak, profesionalak, bazkideak, boluntarioak eta jarraitzaileak partaide eginez, ahalik eta normalizazio sozial handiena lortzeko eta gizarte osoak garuneko paralisia edo gisako desgaitasunak dituzten pertsonen eskubideak aitortzeko.
INTIA Nafarroako Gobernuaren Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari atxikita dagoen sozietate publikoa da, eta Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoaren (CPEN) barruan dago. Xede du nekazaritzako elikagaien sektorea transferitzea eta berritzea, bideragarritasuna eta jasangarritasuna hobetzen laguntze aldera, eta landa-ingurune biziari eustea ingurumena errespetatuz eta gizarteari kalitatezko elikagaiak eskainiz.