Legebiltzarreko Erregelamendua aldatzeko Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi da
Herritarrek Gobernuaren ekintza bultzatu eta kontrolatzeko mekanismoak erabiltzeko aukera datorren legegintzaldirako geldituko da, ez baitago astirik izapidetzea amaitzeko
Nafarroako Parlamentuak, gaur egindako osoko bilkuran, Legebiltzarreko Erregelamendua aldatzen duen Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi du, zeinak Nafarroako Parte-hartze Demokratikoari buruzko Foru Lege proiektuaren nahitaezko banakatzeari erantzuten dion, proiektu horretan aurreikusitako zenbait gai Erregelamenduaren erreserban sartzen baitira. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aurkakoekin onetsi da.
EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai taldeek bultzatutako lege proposamenaren xedea da Nafarroako herritarrei egiazko aukera ematea Nafarroako Parlamentuan mozioak, adierazpen instituzionalak eta ikerketa batzordeak sustatzeko, bai eta idatzizko galderak, interpelazioak eta informazio eskeak ere, azken hiru kasu horietan Gobernuari zuzenduak.
Legebiltzarreko Erregelamenduak organo legegilearen eskura jartzen ditu mekanismo horiek, Gobernuak garatutako jardueraren bultzatze edo zuzendaritza politikoaren eta kontrolaren eginkizunak bete ditzan, eta herritarren eskura ere jartzen dira, zenbait baldintza betetzen direnean.
Aipatutako ekimenetatik edozein baliatu ahal izateko betekizunen artean, honako hau eskatzen da: Nafarroan erroldatuta dauden hamar pertsona elkartzea, gutxienez, haiek sustatzeko. Dokumentazioa jaso eta gero, Parlamentuko Mahaiak ekimena izapidetzeko onartzeari buruzko erabakia hartuko du hamabost eguneko epean.
Sinadurekiko dokumentazioa jasota eta Legebiltzarreko zerbitzu juridikoek exigitzen den sinadura-kopurua lortu dela egiaztatuta, Mahaiak ekimena Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko du. Ekimena izapidetu ahal izateko, gutxienez talde parlamentario batek hartu beharko du bere gain. Bere egin duen lehenengo talde parlamentarioaren ekimena balitz bezala izapidetuko da, nahiz eta beti agertu beharko den ekimenaren jatorrian herritarren ekimen bat dagoela. Batzorde sustatzaileak zilegi izanen du ekimena izapidetze parlamentariotik noiznahi erretiratzea. Horretarako, batzordeko kideen erdien gehi beste baten edo gehiagoren sinadurak beharko dira.
Baldintza berak bete beharko dira Nafarroako Gobernuko kideak gaitzesteko ekimenetarako (gutxienez ere 3.000 sinadura, sinatzaileak adinez nagusiak izanen dira, eta urtebetetik gora eraman beharko dute erroldatuak). Inongo erregelamendu parlamentariotan jaso gabeko figura politikoa da, eta Foruen Hobekuntzak ere ez dio aipamenik egiten; horregatik sartu behar da Erregelamenduan praktika parlamentariotik harago erabili ahal izateko. Gaitzespenaren xedeko pertsonak kargua uzten badu, ekimena bertan behera geldituko da.
Herritarren ekimen hauek guztiak Eskaeretako Batzordearen aurrean gauzatu eta izapidetuko dira, eta batzorde honen eginkizunak eta eskumenak areagotzeaz gain, izena ere aldatu egiten da, Eskaeretako eta Parte-hartze Demokratikoko Batzordea deituz.
Eskaeren eta mozioen betetze maila aztertzeko ikuskapen tresna berriak ezartzen dira, eta kasuko entitateak bi hilabeteko epean informatu beharko du haren betetzeaz, edo, kasua bada, kasuko azalpenak eman beharko ditu.
Lege proposamen honek, pasa den otsailaren 14ko osoko bilkuran baztertutako lege proposamena ordeztu nahi du, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai taldeko lau parlamentarik ez baitzuten bozketan parte hartu eta UPN, PSN eta PPNren aurkako botoekin atzera bota zen.
Lege proposamena, hala ere, berandu iritsi da, ez baitago astirik izapidetzea osatzeko eta irizpena Osoko Bilkuran bozkatzeko, Legebiltzarra apirilaren 2an disolbatzen baita. Beraz, aldaketa, edozein kasutan ere, X. legegintzaldirako geldituko da.
-
Foru lege proposamena (9. NPAO, 2019-01-25ekoa)
Archivos adjuntos