Noiz argitaratua Asteartea, 2021.eko Azaroak 16

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordeak Kattalinguneren lokala bisitatu du

Sexu eta genero aniztasunari eta Nafarroako biztanleek sexu-joera, sexu-identitatea edota genero-adierazpena direla-eta jasaten dituzten bereizkeriei erantzuteko zerbitzua da

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordeak gaur bisita egin du Kattalingune Nafarroako Gobernuaren LGTBI+ informazio eta arretarako zerbitzu publikoaren lokal berrira, NABI Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bitartez bultzatutako zerbitzu horrek Iturramako Fuente del Hierro kaleko 2ra aldatu baitu egoitza.

 

Batzordeko kide hauek bertaratu dira: Ángel Ansa, Isabel Olave (G.P. Navarra Suma), Carlos Mena, Nuria Medina (PSN talde parlamentarioa), Jabi Arakama (Geroa Bai talde parlamentarioa), Maiorga Ramírez (EH Bildu talde parlamentarioa) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkartea).

 

Parlamentuko ordezkari taldeari harrera egin diote Eva Isturiz NABIko zuzendari kudeatzaileak, Julen Eneriz LGTBI Berdintasuneko zuzendariordeak, Kattalingune Zerbitzuaren koordinatzaile Amaia Barrenak eta LGTBI Berdintasuneko Alicia Pascual eta Iñaki Osinaga teknikariek.

 

Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Podemos Ahal Dugu Nafarroa foru parlamentarien elkarteak eta Mistoa-Izquierda-Ezkerra talde parlamentarioak eskatu dute bisita, eta helburua izan da “in situ ezagutzea lokal berriaren instalazioak, bai eta zerbitzuaren funtzionamendua ere, zeina NABIrekin lankidetza-hitzarmena eginda kudeatzen baitu Kattalingorri elkarteak, Nafarroako LGTBI+ kolektiboen bilguneak”.

 

Parlamentariek lokaleko instalazioak ikusi dituzte. Gobernuak 323.958,33 euroko inbertsioa egin du lokala zaharberritzeko. Instalazio berriekin, helburua da arreta hobetzea, zerbitzuaren erabiltzaileei abegi egiteko toki “seguru eta atsegina” eskainiz. Lokala zerbitzuaren egoitza nagusia ere bada, eta “horrek erraztu eginen ditu lana eta lokala kudeatzen duten pertsonen arteko koordinazioa”, Julen Enerizek azaldu duenez.

 

Jarraian bilera egin dute, Nafarroako LGTBI+ biztanleen eta hurbileko pertsonen premiei erantzuten dien doako zerbitzu publikoa sakonean ezagutzeko.

 

Zehazki, Amaia Barrena koordinatzaileak azaldu duenez, bost jarduketa-eremutan egituratuta dago Kattalingune. Alde batetik, harrera, informazio eta orientazio zerbitzua eskaintzen zaie Nafarroako herritar guztiei, sexu eta genero aniztasunari buruzko baliabideak eta informazioa eskainiz eta LGTBI+ kolektiboekiko harremanak bideratuz. Irailera arte 123 pertsonari eman zaie laguntza 2021ean.

 

Bestalde, arreta sexologikoko zerbitzua eskaintzen du (105 pertsonak jaso dute 2021eko irailera arte), eta laguntza juridikoko zerbitzua (31 pertsonak erabili dute), biak ere LGTBI+ pertsonentzat, familientzat, taldeentzat eta profesionalentzat. Espazio konfidentzial bat erabiltzen da horretarako. LGTBI+ izateagatik nolabaiteko erasoren bat pairatu duten pertsonak ere artatzen dituzte zerbitzuan, eta akonpainamendua eskaintzen da norberaren sexu-joera eta genero-identitatea onartzeko eta ahaide, adiskide eta inguruko pertsonek errealitate hori barneratzeko.

 

Halaber, arreta eskaintzen zaie LGBI+ talde eta kolektiboei, eta LGTBI+ errealitatea agerian jartzen laguntzen duten proiektuak babesten dira. Komunitate osoari zuzendutako aurkezpenak ere egiten dira zerbitzua ezagutarazteko eta, era berean, sexu eta genero aniztasunari buruzko eztabaida eta gogoeta gune bat sortzeko.

 

Iruñeko lokal berri horrez gain, zerbitzuak beste bi egoitza ditu: bat Tuteran, Erribera osoari estaldura ematen diona 2018az geroztik, eta beste bat Sakanan. Azken horrek bi bulego ibiltari ditu, Irurtzunen (kultur etxea) eta Lakuntzan (udaletxea), eta Nafarroako ipar-mendebalde osoko herritarrei ematen die zerbitzua 2020tik. 

 

Horren haritik, NABIk, Eva Isturizek azaldu duenez, apustu egin du “lurraldetutako baliabide” baten eta “hurbileko arreta” baten alde, eta horregatik lehentasunezkoa iruditzen zaio “LGTBI+ politikak egitea toki entitateetan. Horrela zerbitzua eskuragarri izanen dute herritar guztiek, bizi diren tokian bizi direla; hala, bada, ezinbestekoa da zerbitzua Nafarroako lurralde osora hedatzea”.

 

Bilera bukatutakoan, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu taldeetako eledunek azalpenak eskertu dituzte eta informazioa bildu dute.