Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Maiatzak 8

LEskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Batzordea bisitan joan da Haziak elkartera

Bisitaren xedea izan da Nafarroan tutoretzapean dauden nahiz egon diren pertsonentzat egiten duen lanerako darabiltzan proiektuak, ekipoak eta instalazioak ezagutzea

Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Batzordea bisitan joan da gaur Haziak elkartearen egoitzara. Elkarte hori tutoretzapean egondako pertsonek sortua da, eta helburu du egoera berean dauden pertsonei helduarora moldatzeko prozesuan akonpainamendua eta babesa ematea eta kolektibo horren errealitatea ikusgarri egitea. 

 

Batzordekide hauek egon dira bertan: Raquel Garbayo (UPN T.P.), Olga Chueca (PSN T.P.), Javier Arza (EH Bildu T.P.), Blanca Regúlez (Geroa Bai T.P.), Maribel García Malo (PPN T.P.), Miguel Garrido (Contigo-Zurekin T.P.) eta Maite Nosti (Vox foru parlamentarien elkartea).

 

Parlamentuaren ordezkaritzari harrera egin diote elkartearen fundatzaile eta lehendakari Irati Vidán andreak, gizarte-langile Maddi Larrañeta andreak, praktiketan dagoen gizarte-langile Ornella Iacopetti andreak eta bi erabiltzailek.

 

Bisitaren eskatzaile UPN, PPN eta Vox izan dira, eta helburu izan du "Nafarroan tutoretzapean dauden nahiz egon diren pertsonentzat egiten duen lanerako darabiltzan proiektuak, ekipoak eta instalazioak ezagutzea".

 

Irati Vidán fundatzaileak azaldu duenez, Haziak "jaio zen entzunak izatearen eta gure burua ikusgai sentitzearen premiatik. Tutoretzapean egondako pertsonek baino hobeto inork ez daki zer premia dugun kolektibo nahiz norbanako gisa. Guregandik aldendu nahi dugu atxikitzen zaigun estigma soziala, gure inguruneak gure egoeraren berri izan eta adingabeentzako zentroetan, pisuetan eta abegi-familietan bizi garela jakiten duenekoa. Gure errealitatea ezagutarazi nahi dugu, ezagutzen ez den hori, eta ez kanpoaldetik edo ikuspegi profesional batetik azaldu ohi dena".

 

Ildo horretan, elkarteak akonpainamendu soziolaborala eskaintzen die pertsonei, ibilbide pertsonalizatuen bidez nahiz ogibideetarako eta laneratze-trebetasunetarako prestakuntza-ikastaroen bidez, eta aisialdi-jarduerak antolatzen ditu, "akonpainamendu sozioemozionala egiteko, ohikotasunak bertan behera uzteko, norbere buruaren deskubrimendua sustatzeko, eta sareak zabaldu nahiz topagune seguruak sortzeko".

 

Halaber, Haziak-ek hilabete honetan bertan proiektu pilotu bat abiaraziko du, 2024ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan onetsitako izendun zuzenketa baten bitartez jaso dituen 35.000 euroak tarteko. Autonomia-etxebizitza bat da, xedetzat duena "bizitza beregainerako eta integrazio sozio-laboralerako trantsizioa erraztea tutoretzapean egonak diren 18 eta 25 urte bitarteko emakumezkoei, elkarbizitza seguruzko ingurune batean".

 

Elkarteak dirulaguntza eskatzen du baliabideak gehitzeko eta, zehazki, tutoretzapean egondakoei laguntza psikologikoa eman eta sexualitate-programak garatzeko, ikusten ari baitira "arlo honetan biziki areagotzen ari dela arriskua eta gazteriaren zaurgarritasuna".

 

 

Haziak-en egoitzaren instalazioetara bisita egin ondoren, parlamentariek abagunea izan dute tutoretzapean egondakoak diren pertsonekin solas egin eta helduarora moldatzeaz izan duten esperientzia pertsonala ezagutzeko. Bilera bukatzean, batzordekideek eskerrak eman dituzte azalpenengatik, eta informazioa bildu dute, kasua izanez gero egoki deritzeten ekimenak abiarazteko.