Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Otsailak 16

Mozio bat baztertu da, Espainiako Gobernua premiatzen zuena bere gain har ditzan Iruñeko eta Iruñerriko begizta desagerrarazteko obra guztiak

Navarra Sumak Nafarroako Gobernua gaitzetsi du Volkswagen zeharkatzen duen trenbidea desagerrarazteko behar diren 40 milioiak bere gain hartzeagatik

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du PSNren, Geroa Bairen, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta Navarra Sumaren aldeko botoekin, zeinaren bidez Espainiako Gobernuari exijitzen baitzion “berehala har ditzan bere gain, bere aurrekontuaren kontura, Iruñeko eta Iruñerriko begizta desagerrarazteko obra guztiak, Etxabakoizko tren-geltoki berriko obrak eta Volkswagen Navarra zeharkatzen duen trenbidea desagerrarazteko obrak barne”.

 

EH Bilduk ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, Navarra Suma ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta Espainiako Gobernua premiatu nahi zuen “ADIFen bidez eta enpresa-entitate publiko horren aurrekontuen kargura, bere gain har dezan Landaben eta Arazuri-Orkoiengo industrialdeen artean eginen den trenbide berriaren kostu osoa, hura Interes Orokorreko Trenbide Sarean sartuko baita”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak AHTren izaera “estrategikoa” defendatzen zuen Europak “aintzat hartzen eta lehenesten duen” proiektu gisa, eta hori dela eta, “Iruñeko trenbide-begizta desagerrarazteko eta Iruñeko geltoki berria eraikitzeko” premia azaleratzen zuen, “korridore horren ezarpenean aurrera egiteko bi jarduera nagusi baitira, ezinbestekoak Nafarroaren garapen sozioekonomikorako eta kanpo-proiekziorako”.

 

Horri dagokionez, gaitzesten zen Volkswagen zeharkatzen duen trenbidearen ezabatze isolatua eta, are gehiago, Nafarroako Gobernuak haren kostu osoa (40 milioi) bere gain hartzea -bidea ADIFen jabetzakoa da-, “AHTren etorkizuneko garapenak geldiarazi eta blokeatzen” baititu.