Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Azaroak 16

Mozio bat baztertu da, Espainiako Gobernua premiatzen zuena enkante eolikoetarako egungo araudia alda dezan

Beren ekoizpena eta diseinua parke eolikoak ezarriko diren lurraldean kokatuta dituzten fabrikatzaileei lehentasuna emateko EH Bilduren proposamena Contigo-Zurekinek bakarrik babestu du

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur UPNren, PPNren eta Voxen aurkako botoekin, PPN eta Geroa Bairen abstentzioekin eta EH Bilduren eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “Espainiako Gobernuari eska diezaion enkante eolikoetarako egungo araudia aldatzea, bertan prezioaren irizpideez gain irizpide gehigarriak sartze aldera. Beren ekoizpena eta diseinua parke eolikoak ezarriko diren lurraldean kokatuta dituzten fabrikatzaileei lehentasuna ematen dieten irizpideak”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen zion “baldintzatu dezan dirulaguntzak eta/edo finantzaketa eskuratzea, eta horiek eman diezazkiela industria-presentzia, hornidura-katea eta I + Ga gaur egun errotuta dauden erkidegoetan mantentzen eta handitzen duten enpresei, baldin eta kalitatezko enpleguari eusteko konpromisoa hartzen badute”.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “baimenak ematean lehentasuna eman diezaion gure erkidegoan industria-presentzia, hornidura-katea eta I+Ga mantentzen eta areagotzen duten enpresei, bermatze aldera Nafarroan enpleguari eutsiko zaiola eta hazten jarraituko duela”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako mozioak oroitarazten du “sektore estrategiko” baten aurrean gaudela, “deskarbonizaziorako giltzarri” dena, eta horregatik premiazkotzat jotzen da ekipo eolikoak fabrikatzen dituzten enpresen galera handiei aurre egiteko jardutea, nahiz eta "produktu errentagarria eta amortizazio azkarrekoa" izan.

 

Parke eolikoen sustatzaileek metatzen dituzten "milioi askoko etekinekin" kontrastean dagoen egoera korapilatsu hori, "lehengaien prezioaren igoerari, inflazioari, segurtasun juridikorik ezari, lehiakortasun muturrekoari eta Txinaren lehia desleialari" egozten zaio, eta eragozpen horiek guztiek Energia Eolikoaren Europako Ekintza Plan bat ezartzera bultzatu dute Europar Batasuna, estatu kideei hainbat gai erregulatu eta arautzeko ahalmena emanez.

 

Gaineratzen denez, sektore eolikoa gure erkidegoan hirugarren sektore garrantzitsuena da automobilgintzaren eta nekazaritzako elikagaien atzetik. 110 enpresa baino gehiagoko industria-sare garrantzitsua du, 6.500 lanpostu eta 4.500 milioi euroko fakturazioa, hau da, Nafarroako BPGaren % 5.

 

* Vox alderdiak ez du eztabaidan parte hartu, legegintzaldian EH Bilduk aurkeztutako ekinenekin egiten ari den bezala.