Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Urriak 19

Mozio bat baztertu da, Foru Exekutiboa premiatzen zuena testuliburuetako eta hezkuntza-materialetako edukia kontrolatzeko neurriak har zitzan

Ganberak ez ditu aintzat hartu Voxek doktrinamendu ideologikoaren eta Nafarroako hezkuntza-sisteman bizikidetzaren aurkako ideiak zabaltzearen inguruan egin dituen salaketak

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur UPNren, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin, PPNren abstentzioarekin eta Voxen aldeko botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “gurasoek beren seme-alaben hezkuntza askatasunez aukeratzeko duten eskubidea errespetatzeko eta horrela Espainiako Konstituzioaren 27. artikulua bermatzeko konpromiso argia har dezan”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen zion “hezkuntza-curriculumak berrikus ditzan eta beharrezkoak diren neurriak har ditzan Nafarroan Skolae proiektua eta adingabeen errugabetasunari eragin diezaiokeen edozein doktrinatze edo eduki kaltegarri jasotzen duten testuliburuak eta hezkuntza-materiala berehala erretira daitezen sustatzeko”.

 

Hirugarren atalean, Gobernua premiatzen zen “gurasoek beren seme-alabek ikasgelan jaso dezaketen edozein eduki afektibo-sexual edo ideologiko aldez aurretik ezagutzen eta onartzen dutela bermatzea”.

 

Zioen azalpenean, Vox foru parlamentarien elkarteak sustatu duen mozioak “berehalako esku-hartze irmoa” eskatzen zuen, "ikasgeletatik justifikaziorik gabe eta legez kontra sustatutako doktrinamenduari eta gizarte-gatazkari” amaiera emateko. “Bizikidetza hausteko" saiakera leporatzen du, "ezagutza zientifiko eta akademikoarekin zerikusirik ez duten eduki ideologikoetatik abiatuta".

 

Zehazki, zalantzan jarri dute Skolae hezkuntza programa afektibo-sexuala, "2020ko ekainean Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak haren erabateko indargabetzea ebatzi baitzuen", eta inguruabar hori "Auzitegi Gorenak berretsi du, hura ere ezartzearen aurkakoa baita".

 

Proposamena egin duenak, amaitzeko, azpimarratu du "Konstituzioak debekatu egiten duela ikastetxeetan ideologiarik inposatzea", eta muga horrek "lotura estua du gurasoek beren seme-alabentzat nahi duten hezkuntza mota aukeratzeko duten eskubidearekin".