Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Urriak 28

Mozio bat baztertu da, Nafarroako eta Espainiako gobernuak premiatzen zituena EH Bildurekin inolako akordio politikorik har ez zezaten, ETA espresuki gaitzesten ez duen bitartean

Navarra Sumak “etika demokratikoa” aldarrikatzen du, baina ez du babesik lortu terrorismoa “modu interesatuan erabiltzea” leporatzen dion Ganberan

Parlamentuak mozio bat baztertu du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldekoarekin, zeinaren bidez Nafarroako eta Espainiako gobernuak premiatzen baitzituen “konpromiso irmoa har dezaten EH Bildurekin inolako akordio politikorik ez hartzeko, horrek ETA banda terroristaren ekintzak espresuki gaitzesten ez dituen bitartean”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atalean eskatzen zuen “mozio hau igortzea Foru Parlamentua eta Gorte Nagusiak osatzen dituzten alderdi guztiei”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak “etika demokratikoaren printzipioak” aipatzen zituen, 52 urtetan 853 pertsona hil dituen ETAren krimenak behin ere gaitzetsi ez dituen alderdi batekin akordio politikoak lortzeko aukera ukatzeko arrazoitzat.

 

Proposamena egin duenak gogorarazi du ETAren amaieraren iragarpenak Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen “jardun onari, ETA babesten zutenak isolatzeko adostasun politikoari, nazioarteko lankidetzari eta Espainiako gizartearen gaitzespen irmoari” erantzun ziola.