Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Maiatzak 27

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena foru lege proiektu bat aurkez zezan, Sozietateen gaineko Zerga aldatzeko

PFEZren ekarpenen eta enpresa-etekinen artean azken bi hamarkadetan sortu den desoreka zuzendu nahi zuen Izquierda-Ezkerrak, bere ustetan “bidegabekeria soziala” baita

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin, Geroa Bairen abstentzioarekin eta EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “gehienez ere sei hilabeteko epean foru lege proiektu bat aurkez dezan Sozietateen gaineko Zerga aldatzeko, zerga horren gaur egungo tributazio baxuegia zuzentzearren”.

 

PSNk eta Geroa Baik aldatzeko zuzenketa bat aurkeztu dute, Izquierda-Ezkerra ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta proposatzen zuen Nafarroako Gobernua premiatzea “kontuan har ditzan zerga-arloko adituen batzordeak, Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, egindako txostenaren ondorioak eta gomendioak 2022rako aurreikusitako zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko foru lege proiektua egiteko garaian”.

 

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu duen mozioak azken hogei urteetan zerga ezberdinen diru-bilketak izan duen bilakaerari buruz hitz egiten zuen, eta ondorioztatzen zuenez, PFEZaren bidetik eginiko ekarpenaren eta Sozietateen gaineko Zergaren bidetik egindakoaren arteko “desoreka gero eta handiagoa da, lan-errenten kalterako eta enpresa-etekinen mesede oso handirako, eta hori bidegabekeria fiskal ageri-agerikoa da”.

 

Ildo horretan, adierazten zen PFEZaren diru-bilketa 2000n diru-sarrera publiko guztien % 29,7 izatetik 2020an % 42,4 izatera igaro dela. Sozietateen gaineko zergaren diru-bilketa, berriz, 2000n guztizkoaren % 13,4 izatetik igaro da 2020an bakarrik % 7,2 izatera.

 

Beste era batera esanda, PFEZagatiko diru-bilketa 2000ko 629,6 milioietatik 2020ko 1.527,8etara igo da. Alabaina, Sozietateen gaineko Zergaren diru-bilketa, ez igo ez ezik, are jaitsi ere egin zen, 2000ko 285 milioietatik 2020ko 260,3 milioietara.