Noiz argitaratua Ostirala, 2021.eko Otsailak 19

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena Memoriaren Institutuaren bidez ikerketa bat egin zezan Rifeko gerran nafarrek izandako parte-hartzeari buruz

Gertakariak gogoratzeko eta biktima nafarrak oroitzeko ekitaldiak antola zitezen proposatzen zuen Navarra Sumak

Herritarrekiko Harremanetako Batzordeak mozio bat baztertu du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldekoarekin, Nafarroako Gobernua premiatzeko “Memoriaren Institutuaren bidez eta Nafarroako unibertsitateen laguntzarekin ikerketa bat egin dezan Rifeko gerran nafarrek izandako parte-hartzeari buruz, Arruit mendiko sarraskian egon ziren biktima nafarrei buruz eta gatazkan parte hartzera deitu arren horri uko egin ziotenei buruz”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atalean Nafarroako Gobernuari eskatzen zion “hainbat ekitaldi eta hitzaldi antola ditzan duela ehun urte Marokoko iparraldean izandako gertakariak gogoratzeko”.

 

Era berean, Foru Exekutiboa premiatzen zen “ekitaldi bat egin dezan gatazkaren biktima guztien oroimenez, eta, bereziki, hainbat arrazoirengatik gatazkan bildu ziren nafarren oroimenez”.

 

EH Bilduk aldaketa egiteko in voce zuzenketa bat aurkeztu du, Navarra Suma ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta Estatuko Gobernua eta Estatuko Buruzagitza, Felipe VI.a, premiatzen zituen "aitor diezaiela Rifeko (egungo Maroko) biztanleei Rifeko gerran eragindako kaltea, Versallesko Tratatuak debekatutako arma kimikoak erabili baitziren. Halaxe eskatu zuen Rifeko gas toxikoaren biktimak defendatzeko Elkarteak. Elkarte horrek gutunak bidali zizkien Frantziako eta Espainiako estatuburuei, gizateriaren aurkako krimen hori aitor zezaten".

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak bere proposamena Annualgo hondamendiaren eta Arruit mendiko sarraskiaren 100. urteurrenaren baitan kokatzen du, zeinetan jakina den soldadu nafarrak zeudela, eta dio oraingo hau “abagunea” dela “gure oraintsuko historiaren ezagutza pizteko”.

 

Zehazten denez, gatazkak “gutxienez 40.000 hildako eragin zituen, horien erdia inguru espainiarrak izan ziren eta, haien artean nafarren zehaztu gabeko kopurua zegoen”, eta hori dela eta, proposatzen zen ikerketak egitea “Espainiako Babesletzan bizi izan ziren nafarren egoera hobeki ezagutzeko, bi aldeetako hildakoei omenaldia egiteko eta beren herrialdeko armadan jardun zutenak eta jardun ez zutenak gogorarazteko”.

 

Jabi Arakama (Geroa Bai) buru izan duen saioan honako hauek parte hartu dute: Carlos Pérez-Nievas, José Suárez, Isabel Olave, Iñaki Iriarte, Juan Luis Sánchez de Muniáin, Jorge Esparza (Navarra Suma), Virginia Magdaleno, Jorge Aguirre, Inma Jurío (PSN), Uxue Barkos (Geroa Bai), Txomin González, Bakartxo Ruiz (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).