Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Urtarrilak 18

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena mendekotasuna artatzeko kalitatezko sistema bat eraikitzearen aldeko apustuarekin jarrai dezan

Mendekotasuna saihesteko eta pertsonak beren etxeetan gelditzeko eta autonomia sustatzeko sistemaren hedapenaren inguruan ez da adostasunik lortu

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur UPNren, PPNren eta Voxen aurkako botoekin, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen abstentzioekin eta PSNren aldeko botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “mendekotasuna artatzeko kalitatezko sistema bat eraikitzearen aldeko apustuarekin jarrai dezan, zuzkidura ekonomikoarekin jarraituz gertuko zerbitzuak sortze aldera, bereziki eguneko zentroak eta pertsonen autonomia eta etxebizitzan ahalik eta denbora luzeenean egotea sustatzen dutenak”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen zion “toki entitateekin elkarlanean jarrai dezan etxez etxeko zerbitzua hobetu eta zabaltze aldera, azpimarra jarriz berrikuntza sozialean eta, batez ere, mendekotasun-egoeran dauden pertsonen beharrizanetan”.

 

Ekimenaren titularra den PSNk onartu ez duen ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du Contigo-Zurekin taldeak, mozioaren eduki guztia eremu "publikora" mugatzeko.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako mozioak Espainiako eta Nafarroako gobernu kontserbadore eta aurrerakoiek mendekotasunaren arloan egindako kudeaketa kontrastatzen ditu, eta, horri dagokionez, prestazio ekonomikoen eredua zuzeneko arretan oinarritutakoarekin (16.000 pertsona baino gehiago artatu ziren) ordeztu izana defendatzen du, eguneko zentro berriak eraikiz (11) eta zaintzaileak kontratatzeko laguntzak 1.070 euroraino handituz.

 

Aldaketa horren jatorrian, hau da, "zerbitzuak sortzea prestazio ekonomikoen ordez", Foru Gobernuren (70 milioi baino gehiago lau urtean) eta Estatuaren ( % 150 lau urtean) aurrekontu-hazkundea dago, eta horrek "Administrazioaren maila desberdinen arteko lankidetzaren garrantziaz hitz egiten du. Azken helburua da arreta pertsonalizatu eraginkorra eta kalitatezkoa ematea, mendekotasuna saihestu eta autonomia hobetuko duena".