Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena talka-plan bat ezar zezan oinarrizko osasun-laguntzara bideratutako aurrekontua igotzeko
UPNk egungo ereduaren narriadura progresiboa eta eraginkortasunaren galera azaleratu ditu eta baliabideak eskatu ditu laguntza-arretako lehen lerro horren eredua berrezartzeko
Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur de PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin, EH Bilduren eta Voxen abstentzioekin eta UPNren eta PPNren aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “talka-plan bat ezar dezan, bi urtean oinarrizko osasun-laguntzara bideratutako osasun-aurrekontua % 25era igotzeko”.
Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako mozioak egungo lehen mailako arreta-sistemaren "narriadura progresiboa" azaleratzen du, “duela 30 urte baino gehiago ezarri zen eredua, eta, hainbat faktoreren ondorioz, gaur egun ez da herritarren premia berriei aurre egiteko, eta hortaz, beharrezkotzat jotzen da laguntza-arretako lehen lerro horren eredua aldatzea”.
"Eraginkortasunaren" galera hori arintzeko eta herritarren behar berriei erantzun ahal izateko, behar adina baliabide eskatzen dira, oinarrizko osasun-laguntzak osasun-sistemaren ardatz nagusi gisa duen rolari berriro ekiteko. Horretarako, Osasunaren Mundu Erakundearen kalkuluen arabera, beharrezkoa da herrialdeek osasun-aurrekontu publikoaren % 25 inbertitzea oinarrizko osasun-laguntzan.
Gehitzen denez, Osasungintza Publikoaren Defentsarako Elkarteen Federazioaren (OPDEF) datuen arabera, Nafarroa da “oinarrizko osasun-laguntzara bideratutako osasun-aurrekontuaren ehunekoa murriztu zuen autonomia-erkidego bakarra”, 2022an % 15,27 baitzen, eta 2023an, aldiz, % 13.
Hori horrela, oinarrizko osasun-laguntzara bideratutako aurrekontuaren ehunekoari dagokionez, “Nafarroa Espainiako bigarren erkidegorik txarrena da”.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (5. NPAO, 2024-01-16koa)