Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernuari eskatzen ziona 2022an jada aplikatzekoa den PFEZaren tarifaren deflaktazio progresiborako neurriak ezar zitzan
Navarra Sumaren helburua zen prezioen igoeraren azkartzeak eta egoera ekonomikoaren narriatzeak –Errusiak Ukraina inbaditu ostean okerrera egin duenak– herritarrei sorrarazitako inpaktua arintzea
Parlamentuko Osoko Bilkurak mozio bat ezetsi du gaur PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurka bozkatuta eta Navarra Sumaren aldeko botoarekin. Helburua zen Nafarroako Gobernua premiatzea “honako neurri hauek har ditzan: 2022an jada aplikatzekoa den PFEZaren tarifaren deflaktazio progresiboa, prezioen igoeraren azkartzeak eta egoera ekonomikoaren narriatzeak –Errusiak Ukraina inbaditu ostean okerrera egin duenak– herritarrei sorrarazitako inpaktua arintze aldera”.
Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioaren zioen azalpenean adierazten zen azken hilabeteotan “inflazio aldi agerikoa” ari garela jasaten, non KPIren hazkunde tasak bortizki azkartu diren, ia bi digituraino iritsiz martxoan eta % 8,4ra apirilean hilabete horretarako inflazioaren datu aurreratu gisa, Errusiak Ukraina inbaditu izanarekin areagotuta.
Proposatzaileak adierazten zuenez, egoera horren aurrean, “ezinbestekoak dira herritarren poltsikora zuzenean iritsiko diren politikak”, batez ere errenta ertain eta baxuetara iritsiko direnak, “haiek baitira inflazioak dakartzan kostu handienak pairatzen ari direnak”.
Gainera, birbanaketarako helburu hori lortzeko, “Gobernuak badu jarduteko tarte bat, aurrekontuen zein fiskalitatearen arloan, hain zuzen ere inflazioa handitu duena. Prezioen igoerek zuzenean igo dituzte zerga-oinarriak, zerga terminoetan”.
- www.parlamentodenavarra.es
- Mozioa (59. NPAO, 2022-05-10ekoa)