Mozio bat baztertu da, Parlamentua premiatzen zuena EAEren Estatutuan Nafarroa sartzearen aurka dagoela esatera
UPNren ustez euskal nazionalismoak Nafarroako Foru Komunitatea bere lurraldeen artean sartu nahi du
Parlamentuko Osoko Bilkurak mozio bat baztertu du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldekoekin, Nafarroako Parlamentua premiatu nahi zuena “bere babesa eman ziezaion Nafarroari, araubide, autonomia eta erakunde berekiak dituen foru erkidego gisa, Espainiako nazioan integratua eta bere herri guztiekiko solidarioa”.
Atzera bota duten mozioak bigarren atal bat zuen, Legebiltzarra premiatzen zuena “Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuan Nafarroa sartzearen aurka” egotera.
PPNk gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu du, UPNk onetsi ez duena, Nafarroako Gobernua premiatu nahi zuen “EAEk onetsitako testuak Nafarroari buruzko erreferentziarik izango balu, bere eskura dauden neurri legal guztiak martxan jar zitzan hori ekiditeko”.
EH Bilduk ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, UPNk onetsi ez duena, esanez “Nafarroako Parlamentuari eta biztanleriari dagokiola bere etorkizun politikoaren definizio askea”. Ildo horretan, proposatzen zuen Legebiltzarrak uko egin ziezaion “Nafarroako biztanleriari dagokion subiranotasuna printzipioaren aurka doan edozeri”.
Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako mozioak “Nafarroako erakundeei eta Nafarroan bizi diren pertsonei dieten errespeturik eza” salatzen zuen, “euskal nazionalismoak Nafarroako Foru Komunitatea berriro sartu nahi baitu bere lurraldeen artean”.
Sustatzailearen esanetan, “Nafarroa alboko autonomia erkidegoko beste probintzia bat balitz bezala tratatu nahi dute, euskara Euskal Herria deituriko falazia hori eraikitzeko beharrezko tresna gisa aipatzen duten bezala”.
-
Mozioa (67. NPAO, 2018-05-18koa)