Mozio bat errefusatu da, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen proiektu pilotu bat garatu zezan Iruñeko eta Tuterako udal-merkatuetan supermerkatu publiko bana jartzeko
Contigo-Zurekinen ekimenaren xedea zen elikakatean sortutako desoreka leheneratzea eta herritarrei prezio eskuragarriko oinarrizko elikagaien lorbidea bermatzea
Landa Garapeneko Batzordeak erabaki bat ezetsi du gaur UPN, PSN, Geroa Bai eta PPNren kontrako botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta Contigo-Zurekinen aldeko botoarekin. Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “proiektu pilotu bat garatu zezan Iruñeko eta Tuterako udal-merkatuetan supermerkatu publiko bana jartzeko”.
Contigo-Zurekin taldeak sustatutako mozioaren zioen azalpenean, erosketa-saskiaren prezioaren igoera aipatzen zen, zeina gertatu baita nazioarteko krisien ondorioz, eta egoera horrek elikakatean eragin duen egiturazko desorekan jartzen zuen azpimarra; izan ere, energia-kostuen eta salgai-garraioaren garestitzea “ez da modu ekitatiboan banatu”.
Esaten zenez, nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta ekoizle txikien sektorean marjinak murriztu egin dira ekoizpen-kostuak handitu direlako (energia, ongarriak, garraioa), baina elikagaien banaketa-talde handiek irabaziak handitu dituzte bitarte horretan.
Horri zegokionez, talde proposatzaileak aldarrikatzen zuen supermerkatu publikoak sortzea tresna eraginkorra izaten ahal zela inflazioari aurre egiteko, prezio eroserrazeko oinarrizko elikagaietarako lorbidea bermatzeko eta ekoizle txikiei babesa emateko, elikagai-subiranotasuna indartzen zen eta kate osoan lan-baldintza duinak sustatzen ziren aldi berean.
Blanca Regúlez (Geroa Bai TP) izan da batzordeburu, eta honako hauek ere bertaratu dira: Miguel Bujanda, Ana Elizalde, Yolanda Ibáñez, Isabel Olave (UPN TP), Carlos Mena, Ramón Alzórriz, Maite Esporrín (PSN TP), Adolfo Araiz, Oihan endo (EH Bildu TP), Javier Ollo (Geroa Bai TP), Irene Royo (PPN TP) eta Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin TP).
- https://parlamentodenavarra.es/eu
- Mozioa (41. NPAO, 2026-04-24koa)