Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Maiatzak 30

Mozio bat ezetsi dute Nafarroako Gobernua premiatzen duena jarduketa plan bat egin dezan Bardeako Poligonoa ixteko

EH Bilduk eta Geroa Baik baino ez dute babestu Contigo-Zurekinen eskaera, segurtasuna eta ingurumena aipatzen dituena Robles ministroak jarduerari jarraipena emateko azaldutako asmoari aurre egiteko

Parlamentuaren Osoko Bilkurak mozio bat ezetsi du gaur Nafarroako Gobernua premiatzen duena “udalerri partzuerrekin eta Defentsa Ministerioarekin lan egin dezan jarduketa plan bat egiteko, Bardeako Tiro Eremua itxi dadin”. UPN, PSN, PPN eta Vox taldeek mozioaren kontrako botoa eman dute eta EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek, berriz, aldekoa.

 

Ezetsi den erabakiak bigarren puntu bat ere bazuen, zeinean, halaber, Defentsa Ministerioari eskatzen baitzitzaion “Bardeako Tiro Eremua ixteko eskaera onartu dezala, eta edozelan ere ez dezala berritu aipatutako instalazio militarraren emakida”.

 

Era berean, eta hirugarren apartatu batean, mozioan adierazten zen “Nafarroako Parlamentuak Bardeako Tiro Eremua ixtearen aldeko XXXIV. Martxa babesten duela, Tiro Poligonoaren aurkako Batzarrak deitua ekaineko lehenengo igandean izanen dena, beste urte batzuetan bezala”.

 

Zioen azalpenean, Margarita Robles ministroak Kongresuko Defentsako Batzordean egindako adierazpenak aipatzen zituen Contigo-Zurekin talde parlamentarioak sustatutako mozioak; izan ere, urtarrilaren 26an “bermatu zuen Bardeako Tiro Eremuak irekita jarraituko zuela”, berorren urteko alokairua 14 milioi eurokoa izanik (2028ra arte), jotzen baita instalazio militar “beharrezko eta funtsezkoa” dela.

 

Horren harira, argudiatzen zenez, nahiz eta 42.500 hektareako eremu berdingabe horrek Parke Naturala eta Biosferaren Munduko Erreserba deritzon figuragatik babes juridikoa izan, 1951tik Bardeetan NATOk Europan duen tiro- eta bonbardaketa-eremu nagusia dago.

 

Ildo horretatik, bertan egindako jardunbideen arriskua ekartzen zen gogora, aireko espazioa erabilita “50 kilometro baino gehiagoko erradioan armamentu errealarekin” aritzen baitira; halaber, gogorarazten zen larritasun handiko nahiz txikiagoko “istripuak” erregistratu direla, baita “entrenamendu eremutik kanpo” ere, eta, azkenik, askotariko udalen eta Parlamentuaren beraren adierazpenak berresten ziren “itxi dadila” lortzeko.

 

Amaitzeko, sustatzaileak azpimarratu du kontratuaren seigarren klausulan (2028an amaituko da kontratua) adierazita dagoela Defentsa Ministerioak ebazten ahal duela “alde bakarretik”, eta, beraz, “jarduera amaitutzat eman”, horrek berekin ekarrita instalazio militarra bertan behera uztea, zeinagatik urtean 14 milioi euroko kanona ordaintzen baitzaio Nafarroako Errege Bardeako Komunitateari.