Nafarroako 2019ko Kontu Orokorrei buruzko Foru Legea
Osoko bilkuran onetsia. 2021eko otsailaren 4an
Gaur egindako osoko bilkuran, Parlamentuak Nafarroako 2019ko Kontu Orokorrei buruzko Legea onetsi du, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeen aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin. Lege horretan 4.396,18 milioiko gastuak jaso dira (% 5,2ko igoera, 216,51 milioikoa), eta 4.415,96 milioiko aitortutako eskubide garbiak (% 7,6ko igoera, 313,30 milioikoa).
Kontuen Ganberak emandako txostenaren arabera, Nafarroako 2019ko kontu orokorrek Foru Administrazioaren egoera ekonomiko-finantzarioaren gaineko ikuspegi orokorra eskaintzen dute. Ildo horretan, txostenean jaso dira Nafarroako Gobernuaren kontuak eta haren erakunde autonomoenak, Nafarroako Kontseiluarenak, sozietate eta fundazio publikoenak, Parlamentuarenak eta haren menpeko organoenak (Kontuen Ganbera eta Nafarroako Arartekoa).
Nafarroako Gobernuaren kontuei dagokienez, 2019an 4.258,71 milioi euro ordaindu zituen, eta 4.314,67 milioiko diru-bilketa garbia izan zuen.
Gastuetako kapitulu nagusia transferentzia arruntena da, eta hor 1.580,61 milioi jaso dira (+% 4). Bigarren garrantzitsuena langileen gastuen kapitulua da, 1.406,20 milioirekin (+% 12).
Ondasun eta zerbitzuetan egindako gastu arruntek 671,51 milioi egin zuten (+% 7), nabarmentzekoa da materiala eta hornidurak erostearekin lotutako kontzeptu batzuetan emandako igoera ( % 6, 24 milioi), gizarte-zerbitzuen zorroaren kudeaketa ( % 11, 12 milioi) eta osasun-laguntzako itunak ( % 5, 3 milioi). 135,71 milioiko inbertsioak egin ziren (+% 11).
Diru-sarrerei dagokienez, zuzeneko zergek 1.960, 52 milioi egin zuten eta zeharkakoek 1.975,29 milioi. Hirugarren finantzaketa iturri garrantzitsuena zorpetzea izan zen, hala finantzatu baitziren 214,46 milioi.
Aurrekontuko saldo ez finantzarioak (diru-sarrera eta gastu ez finantzarioen arteko aldea) 150,86 milioiko zenbateko positiboa du. Aurreko urtekoarekin konparatuta, zifra horrek % 61eko hobekuntza izan du (56,99 milioi gehiago). Aurrekontuaren emaitza doitua 148,50 milioi eurokoa da, 2018koa baino % 285 handiagoa (38,54 milioi). Gastu orokorretarako diruzaintza-gerakina ere positiboa da eta 138,78 milioira iritsi da, nahiz eta aurreko ekitaldikoaren aldean % 12ko beherakada izan.
Osasun arlora bideratu da gastu ehunekorik handiena (% 25), eta bigarren gastu handiena Hezkuntzakoa da (% 16). Estatuarekiko Hitzarmen Ekonomikoak guztizko gastuaren % 13 eragin zuen: 548,11 milioi (+% 3,4) Nafarroak bereganatu gabeko eskumenengatik. Igoera hori 2018ko ekarpenaren behin betiko doikuntzaren ondorio da; izan ere, 2017ko berbera izan zen, ez baitziren Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartu, eta, ondorioz, ezta behin-behineko eguneratze-indizeak ere. Aplikatutako doikuntzak zeharkako zergei, BEZari eta zerga bereziei dagozkie, eta hitzarmenean aurreikusitako formula eta metodoen arabera kalkulatzen dira. 2015ari dagokionez, Estatuari egindako ekarpena % 10 murriztu da, bi administrazioek 2017ko abenduan adostutako formularen ondorioz.
Zor publikoak gastuaren % 9 eragin zuen, eta gizarte zerbitzuek % 8.
Tributuen diru-bilketa likidoa 3.941,13 milioikoa izan zen, 2018koa baino % 13 handiagoa. Diru-bilketa hori Nafarroako BPGren % 19 da, 2018koa baino bi puntu handiagoa.
Foru Administrazioaren finantza-zorra 2019ko abenduaren 31n 2.961,09 milioikoa zen (-% 4), horren %10 epe motzeko zorrari dagokio eta gainerakoa, 2.679,31 milioi, epe luzeko zorrari (-% 4). Diru-sarrera arruntei dagokienez, zenbateko hori % 71 da, hau da, 2018an baino ehuneko bederatzi puntu gutxiago. Finantza-karga jaitsi egin da 2018. urtearekin alderatuta, ekitaldi horretan amortizazio aurreratu esanguratsua egin zelako, besteak beste.
2019an, zorraren batez besteko interes-tasa orokorra % 2,35etik % 2,11ra jaitsi da. Zorraren guztizkoa amortizatzeko aurreikuspenei dagokienez, % 50,3 kitatu behar da 2025. urtearen aurretik, eta urte horretan % 79,3 amortizatzea aurreikusten da.
2020ko irailean, rating agentzia batek “AA-, perspektiba egonkorra” kalifikazioa eman zion Nafarroaren epe luzeko zorrari. Kaudimenari buruzko emaitza hori gorago dago Estatuarena baino.
Foru Komunitateak emandako abalen zenbatekoa 999,68 milioikoa da.
Fiskalizazio-organoaren txostenak dioenez, Foru Komunitateko Administrazio Publikoak 2019an finantzaketa-beharren bolumenarekin lotutako eskakizun guztiak bete zituen, bai eta gastu-araua eta finantza-iraunkortasunarena ere.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen egoera ekonomiko-finantzarioaren azterketatik ondorioztatzen da hobera egin dutela hura definitzen duten adierazleek, diruzaintza-gerakinaren kasuan izan ezik. Testuinguru horretan, kontuan hartu behar da zor handia dagoela, datozen urteetan amortizatu beharrekoa, eta ezarritako egutegiak eta interes-tasen aldaketak baldintzatzen dutela zorra.
Organo fiskalizatzaileak adierazi duenez, nahiz eta COVID-19k sortutako egoerak ez duen eragin zuzenik izan 2019ko ekitaldiko urteko kontuetan, egoera ekonomiko eta finantzarioaren azterketa egoki batek inguruabar hori kontuan hartzea eskatzen du. Hori dela eta, gaur egun osasun-krisi horren benetako eragina bere osotasunean ebaluatzerik ez dagoen arren, baiezta daiteke "2019an hautemandako hobekuntza-egoera litekeena dela 2020an ez jarraitzea".
Bestalde, Kontuen Ganberak lanpostu hutsen portzentaje handiaz eta lanpostu finkoen kopuruaren jaitsieraz ohartarazten du txostenean. Azterketa horren arabera, Foru Administrazioak dituen 23.682 lanpostuetatik 7.444 hutsik daude, hau da, lanpostu guztien % 31. Ildo horretatik Osasunbideko (% 60), Hezkuntzako (% 49) eta Administrazio Erroko (% 30) aldi baterako langileen kopuru handia nabarmentzen da. Hori dela eta, Kontuen Ganberak aldi baterako lana murrizten joateko behar diren neurriak hartzea gomendatzen du.
Enpresa publikoak 16 dira. Guztira 969,47 milioiko ondare garbia dute, eta 65,47 milioiko zorra. Ekitaldiko emaitza orokorrean 7,16 milioiko irabaziak izan zituzten. Sozietate publikoek 1.241 langile dituzte guztira, goi zuzendaritzakoak barne.
-
Foru Lege proiektua (5. NPAO, 2021-01-19koa)