Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Apirilak 29

Nafarroako Abereen Osasunari buruzko 11/2000 Foru Legearen aldaketa onetsi da

NJANren epaiak utzitako hutsunearen aurrean, 2022ko maiatzaren 30era arte ezingo da 1.250 unitate baino gehiagoko behi-azienden ustiategirik instalatu edo handitu

Parlamentuaren osoko bilkurak, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin, Nafarroako Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea aldatzeko Foru Lege proposamena onetsi du.

 

PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk sustatutako legearen helburua da luzapen bat ezartzea, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak Abereen Osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legea aldatzeko foru lege proiektua izapidetu bitartean, “2022ko maiatzaren 30era arte ez dadin eskabiderik onartu, ez eta abeltzaintza-baimenik eman ere, azienda larriko 1.250 unitate baino gehiagoko edukiera duten behien abeltzaintza-ustiategiak jartzeko. Ezta jada badauden behien abeltzaintza-ustiategiak handitzeko ere, baldin eta zabalkundearen emaitza azienda larriko 1.250 unitate baino gehiagoko ustiategia izanen bada".

 

Zioen azalpenean, proposamena egin duten taldeek Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak emandako 114/2020 epaia aipatzen dute, zeinak baliogabetu egin zuen behi-azienden sektoreko abeltzaintza-ustiategien tamainari jarritako muga, eta halaber baliogabetu zuen jada badauden behi-azienden sektoreko abeltzaintza-ustiategien handitze-ezintasuna, gehienezko tamaina hori gaindituz gero.

 

NJANren epaiak behi-sektoreari buruzko aurreikuspenak baino ez ditu baliogabetzen; izan ere, gaitasun-mugarik ez izateak "konpondu ezinezko kalteak eragin ditzake babestu nahi den interes publikoaren aurka". Gainerako ustiategiek (txerriak, zaldiak, etab.) 31/2019 Foru Dekretuan ezarritako mugak bete beharko dituzte.

 

Irakurketa bakarrean onetsita, Nafarroako Abereen Osasunari buruzko 11/2000 Foru Legea aldatzen duen Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.