Noiz argitaratua Asteazkena, 2023.eko Martxoak 8

Nafarroako Abereen Osasunari buruzko 11/2000 Foru Legearen aldaketaren gaineko irizpena onetsi da

Legea arau-esparru berrira egokitzen da eta behitegiak arautzeko oinarrizko xedapenak ezartzen dira, gehieneko ekoizpen-ahalmena 850 AzLUtan finkatuz

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordeak Nafarroako Abereen Osasunari buruzko 11/2000 Foru Legea aldatzeko proposamenaren gaineko irizpena onetsi du gaur.

 

PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk bultzatutako lege-proposamenaren helburua araua abenduaren 27ko 1053/2022 Errege Dekretura egokitzea da. Arau horrek behitegiak arautzeko oinarrizko xedapenak ezartzen ditu, eta behitegien ekoizpen-ahalmena 850 AzLUtan (azienda larriko unitate) finkatzen du.

 

Hala ere, errege dekretua indarrean jarri baino lehen muga hori gainditzen zuten ustiategiek ahalmen horri eusten ahalko diote, baina ezin izanen dute handitu inola ere. Halaber, ezin izanen dute gehieneko neurri hori handitzea dakarren aldaketarik egin instalazioan, ez eta ekoizpen orientazioan ere.

 

Arau-esparru berriarekin bat etorriz eta NPBtik, Europako Itun Berdetik eta biodibertsitate-parametroetatik eratorritako erronkekin bat eginez, abeltzaintza-jarduerak errespetatu behar dituen ingurumen-, higiene- eta osasun-baldintzak, animalien ongizatekoak eta antolamendu zooteknikokoak modu zehatz eta ordenatuan zehazten dira.

 

Hala, abereen osasunaren arloan eta 2016/429 Erregelamenduaren garapenerako oinarritzat hartutako aurre hartzea, sendatzea baino hobea dioen printzipioari jarraikiz, ustiategien gehieneko ekoizpen-ahalmena zehaztea inguruko abeltzaintza-dentsitatearen mende egongo da. Honekin, eritasunak zabaltzeko arriskua apaldu nahi da, erraztu eginen baita eritasun fokuren bat detektatzen denean hura kontrolatu eta desagerrarazteko lana.

 

Printzipio horien arabera, gehieneko ekoizpen-ahalmenak ezartzen dira abeltzaintzako ustiategietarako. Lege-proposamenaren eranskinean xedatutakoaren arabera, 360.000 plaza ugalketarako eta hazteko oiloentzako; 300.000 plaza broiler oilaskoentzat eta hegaztientzat, eta arrautzetarako eta hazteko oiloentzat; 600.000 galeperrentzat, 50.000 kanpora irteten diren hegaztientzat; 1250 zaldientzat eta hainbat espezie dituzten ustiategientzat; 864 txerri-ustiategientzat; eta 600 untxientzat (AzLU).

 

Muga horiek ustiategi berriei eta lehendik dauden ustiategien handitzeei aplikatuko zaizkie, eta, beraz, ezingo da, inola ere, instalazioetan aldaketarik egin, ezta ekoizpen-orientazioa aldatu ere, gehieneko edukiera handitzea badakarte. EH Biduren zuzenketak Navarra Sumaren kontrako botoa jaso du.

 

Aldi berean, abeltegien arteko distantzien zehaztapena inguruabar geografikoen, abere-espezieen ezaugarrien, ustiategien ekoizpen ahalmenaren, motaren (estentsiboa edo intentsiboa) eta arrisku epidemiologikoaren mendekoa izango da.

 

Aipatutakoaren harira, ez du aurrera egin lehendik dauden instalazioekiko gutxieneko distantziei dagokien zatian, txerri-aziendaren ustiategiak baimentzeko espedienteak ebazteko dagoeneko indargabetuta dagoen 324/2000 Errege Dekretua bete beharrean 306/2020 Errege Dekretua betetzearen alde Navarra Sumak aurkeztu duen zuzenketa batek.

 

Proposatzaileak alegatzen zuen ezen, 31/2019 Foru Dekretuaren IV. eranskina aldatzen ez den bitartean, zeinak dagoeneko indargabetutako xedapen juridiko batera (324/2000 ED) bideratzen baituen, araubide iragankorra bat etorri beharko litzatekeela txerri-haztegi intentsiboen antolamenduaren arloko oinarrizko araudia ezartzen duen 306/2000 Errege Dekretuan xedatutakoarekin. PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta I-Ek aurka bozkatu dute.

 

Testuinguru horretan, eta ustiategi handiek osasun-arriskuen aurrean prebentzio neurriak hartzea eta erantzunkidetasunez jokatzea sustatzeko helburuarekin, abeltegiari ematen ahal zaion gehieneko kalte-ordainaren zenbatekoa mugatzen da. Zehazki, agintari eskudunak animalia hiltzea nahitaezkotzat deklaratuz gero, I. eranskinean ezarritako plaza-, AzLU edo abere-kopuruaren araberako kalte-ordaina emanen da gehienez.

 

Behi-aziendaren ustiategiak baimentzeko espedienteen ebazpenari dagokionez, aurreikusten da 2022ko apirilaren 6a baino lehen aurkeztutakoak abenduaren 27ko 1053/2022 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera arautuko direla; data horren ondoren formalizatutakoak, berriz, foru lege honen arabera bideratuko dira, betiere administrazio-bidean ez bada horien gaineko ebazpen irmorik eman.

 

Aurreikuspen horrek ustiategi berriei, lehendik dauden instalazioen aldaketei eta/edo handitzeei edo orientazio zooteknikoaren aldaketei eragiten die. Horrela, argi utzi nahi da izapide edo proiektu guztiek (ez bakarrik ustiategi berriek) instalazioen egiaztapena izan behar dutela, baita Abeltzaintza Zerbitzuak emandako azken baimena ere. Ñabardura hori PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Dugu-k aurkeztu duten eta Navarra Sumak, EH Bilduk eta I-Ek babestu duten zuzenketa baten emaitza da.

 

Salbuespen izango dira 2022ko apirilaren 6a baino lehen ekoizpen-prozesuarekin lotura zuzena duten instalazioak eraikitzen hasteko egin beharreko izapide guztiak beteta zituztenak, eginbideak bete ziren unean indarrean zegoen araudiaren arabera ebatziko baitira.

 

Bestalde, arau-hausteei dagokienez, adierazten da “ezarritako gehieneko ekoizpen-ahalmena hiru hilabete baino gehiagoz gainditzeak” zehapen arina ( % 2,5-4,99), larria ( % 5-9,9) edo oso larria ( % 10 baino gehiago) ekar dezakeela. Kasu guztietan, abeltzaintzako ustiategiak duen ingurumen-baimenean jasotakoari aplikatuko zaizkio ehunekoak. PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Dugu-ren eta I-Eren zuzenketek aurrera egin dute, Navarra Sumaren babesarekin.

 

Batzordean egindako eztabaidan, eztabaidatutako 14 zuzenketetatik 8 onartu dira (4 in voce), 4 EH Bilduk eskatuta, 3 PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek eskatuta, eta azkena PSNk, Podemos-Ahal Dugu-k eta Izquierda-Ezkerrak proposatuta.

 

Aintzat hartu eta irizpena eman ondoren, Nafarroako Animalien Osasunari buruzko 11/2000 Foru Legearen aldaketa Osoko Bilkurara igorriko da, martxoaren 16an segur aski, behin betiko eztabaidatu eta bozkatzeko.

 

Blanca Regúlez (Geroa Bai) buru zela, bilkuran izan dira, halaber, Miguel Bujanda, Alberto Bonilla, Raquel Garbayo, Isabel Olave, Pedro González, Pachi Pérez (Navarra Suma), Javier Lecumberri, Virginia Magdaleno, Jorge Aguirre (PSN), Pablo Azcona (Geroa Bai), Adolfo Araiz, Maiorga Ramírez (EH Bildu), Ainhoa Aznarez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).