Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Ekainak 27

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren aldaketa onetsi da

Genero-indarkeriaren biktima izandako emakumezko enplegatu publikoen administrazioarteko mugikortasuna errazteko, beren eta beren familiaren babeserako eta segurtasunerako eskubidea betetzearren

Parlamentuaren osoko bilkurak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru-dekretua aldatzen duen Foru legea onetsi du gaur aho batez.

 

PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek sustatutako Foru Legearen helburua "genero-indarkeriaren biktima izandako emakumezko enplegatu publikoen administrazioarteko mugikortasuna erraztea” da, “beren eta beren familiaren babeserako eta segurtasunerako eskubidea betetzearren beren eskubide profesionalen kalterik gabe”.

 

Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen bizitza- eta lan-proiektua behar bezalako berme juridikoekin babesteko behar diren tresnak artikulatzeko betebeharrak langileen estatutua egokitzea eskatzen du, Administrazio Publikoaren Konferentzia Sektorialean aurreikuspen hori onartu zen (2018) modu berean.

 

Gauzak horrela, eta araudia behar bezala harmonizatzeko, aukera berri bat ezartzen da, emakumearen aurkako indarkeriaren biktima diren enplegatu publikoek Nafarroatik kanpoko Administrazio Publiko batera lekualdatzeko eskaera egin dezaten (eta alderantziz), helmuga berrian lanpostu batean lehentasunez sartzeko arauekin bat etorriz.

 

Administrazio publikoen arteko mugikortasunaren ezohiko aurreikuspen horren gaikuntzak ez du talka egiten lanpostuak hornitzeko eta mugikortasuneko beste modalitate batzuekin, eta enplegatu publikoak eskubidea izaten jarraituko du, prozedura arrunt bakoitzaren erregulazioarekin bat etorriz.

 

Voxek ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, baztertu egin dena UPNren, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin, "emakumearen aurkako indarkeria" "familia barruko indarkeria" edo “indarkeria” bezala kalifikatzeko.

 

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuari xedapen gehigarri bat gehitzen zaio. Honela dio artikulu bakarrak:

 

“1. Emakumearenganako indarkeriaren biktima izanik Administrazio Publikoen zerbitzura diharduten emakumezko enplegatuen eskubideen babesa bermatzearen helburua gauzatze aldera, Foru Komunitateak zilegi izanen du administrazioarteko mugikortasuneko neurriak ezartzea.

 

Horretarako, estatutu honen 35. bis artikuluan jasotzen den kasuan, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzura jardun eta emakumearenganako indarkeriaren biktima-izaera abuztuaren 30eko 4/2015 Foru Legearen 4. artikuluari jarraikiz aitortuta duten enplegatuek zilegi izanen dute eskatzea Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko beste administrazio publikora lekualdatuak izan daitezen.

 

Mugikortasun hori gauzatuko da helmugako administrazio publikoaren ordenamendu indardunak mugikortasun horren araubidean ezarritako nondik norakoekin, eta halaber ezarriko da zein baldintzatan gauzatuko den aipatu helmugako administrazio publiko jadanik aipatuaren plantillako postu batera haiek lehentasunez iragatea.

 

Era berean, Nafarroako Foru Komunitateaz kanpoko administrazio publiko bateko emakumezko enplegatu publikoa izanik genero-indarkeriaren biktima izan eta mugikortasun hori eskatzen duenak, bere babeserako eta laguntza integralerako eskubideaz baliatzeko, zilegi izanen du Nafarroako Gobernuko postu huts batera igarotzea, zeina esleituko baitzaio estatutu honen 35. bis artikuluak ezarritako baldintzetan.

 

Administrazio publikoen arteko salbuespenezko mugikortasunari buruzko aurreikuspen hau betiere ulertuko da lanpostu-betetzearen eta mugikortasunaren beste modalitate batzuen kalterik gabe, zeinetarako eskubidea kasuko emakumezko enplegatu publikoak izaten segitu eginen baitu, lanpostu-betetzeari eta mugikortasunari buruzko prozedura arrunt bakoitzari buruzko araubidearen baitan”.

 

Irakurketa bakarrean izapidetuta, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren aldaketa NAOn argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

 

Archivos adjuntos

Archivo adjuntoEnmienda de Vox rechazada