Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Martxoak 23

Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren testu bateginaren aldaketa onetsi da

Hurrengo legegintzaldirako konpromisoa jaso da lanbide-karrera arautzeko eta pixkanaka ezartzeko, hura aitortuta ez daukaten langile guztientzat

 

Gaur egindako osoko bilkuran, Parlamentuak Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren testu bateginaren aldaketa onetsi du PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstenzioarekin. Testu bategin hori abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bitartez onetsi zen.

 

Aldaketa egiteko legea PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk sustatu dute eta irakurraldi bakarrean onetsi da. Helburua du Langileen Estatutua Negoziazio Mahai Orokorrean egindako akordioekin lerrokatzea hainbat gairen inguruan: ordainsariak, mailaz igotzea, barne mugigarritasuna, lizentziak, edota, besteak beste, antzinatasunak eragindako opor-egun eta norberaren aferetarako baimen-egun gehigarriak.

 

Beste alde batetik, legeak konpromisoa jasotzen du lanbide-karrera arautzeko eta pixkanaka ezartzeko, egun halakorik aitortuta ez daukaten langileentzat, 2023an zehar, ziur aski hurrengo legegintzaldiaren hasieran. Xedapen gehigarri bakarrean ezarritako aurreikuspen hori “behar besteko aurrekontu-zuzkidura” dagoen heinean gauzatuko da.

 

Barne igoerako txanda murriztuan parte hartzeko baldintzak, bestalde, legeak indarra hartzen duenetik aurrera argitaratzen diren deialdietan aplikatuko dira.

 

Antzinatasunak eragindako opor-egun eta norberaren aferetarako baimen-egunak atzeraeraginez aplikatuko dira urtarrilaren 1etik hasita. Beraz, egun horretatik lanean diharduten langileek 2023ko opor- eta baimen-egun gehigarri guztiak hartzeko eskubidea izanen dute.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio minbizia edo bestelako gaixotasun larria duen seme edo alaba adingabe bat zaintzeko lizentzia ordainduaren arauak aldatzeko.

 

Osoko bilkuran egindako eztabaidan ezetsi egin da Navarra Sumak eta I-Ek aurkeztutako zuzenketa bat, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 26. artikuluaren c apartatua aldatzen zuena, funtzionarioari lanpostua gorde behar zaion epea 18 hilabetetik 36ra luzatzeko (edo 48 hilabetera, aldi baterako kontratua Europako proiektu bat gauzatzeari loturik badago). PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk aurka bozkatu dute.

 

Irakurraldi bakarrean onetsita, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimenari buruzko 11/1992 Foru Legea aldatzen duen Foru Legeak NAOn argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

 

  1. www.parlamentodenavarra.es/eu
  2. Foru lege proposamena (27. NPAO, 2023-02-17koa)