Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako Ibarren egoera sozioekonomikoa aztertzeko Ponentziaren txostena onetsi da
Proposatzen da biztanleria galtzen ari diren lurraldeei buruzko foru lege proposamen bat egitea datorren legegintzaldiko lehen sei hilabeteetan, eskualdearen berariazko ezaugarriei erantzuna emanen diena
Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi du Ekialdeko Pirinioetako Ibarren egoera sozioekonomikoa aztertzeko Ponentziaren ondorioen txostena. Hartan proposatzen da, datorren legegintzaldian, hasi eta lehenengo sei hilabeteetan, biztanleria galtzen ari diren lurraldeei buruzko foru lege bat egin dadila, eskualdeko arazoei eta berariazko ezaugarriei erantzuna emanen diena.
Bitartean, Ponentziaren amaierako dokumentuan jasotako neurrien artikulazioa Lursarea-Iraunkortasunaren Nafarroako Agentzia egiten ari den Pirinioetako Plan Estrategikoan ezartzen denaren pean geratuko da. Izan ere, plan hori urte amaierarako prest egotea aurreikusi da.
Ponentzia 2017ko ekainaren 7an eratu zen, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta Izquierda-Ezkerraren ekimenez, eta jarduera-ardatz nagusi izan du lanerako espazio eta ildo berariazkoak irekitzea eskualdeko tokiko entitateen, erakunde sozialen eta biztanleen ekimenez “gogoeta egiteko eta konponbideak bilatzeko Ekialdeko Pirinioetako ondare kultural, tradizional eta historikoa, paisaia eta natura zaintze aldera”, gaur egun egoera “kritikoan” baitaude, biztanleria-galera handiaren ondorioz, biztanleriaren gehiegizko zahartzearen ondorioz eta garapen ekonomikoko jarduerak aurrera eramateko zerbitzuen, azpiegituren eta baldintzen gabeziaren ondorioz.
Irizpeneko proposamenari jarraituz lan egiteko konpromisoa agenda politikoan eta gobernuaren agendan sartzeko jasotako gomendioen artean, aipatzen dira, halaber, araudiaren esparruari dagokionez, “deszentralizazioko eta diskriminazio positiboko” irizpideak sartzearena, “bereziki, tokiko maparen erreformarako prozesuarekin batera doan finantzaketa-legean”, bai eta lan-mahai bat eratzearena ere, “Pirinioak biziberritzen lagun dezaketen arau-aldaketak” aztertzera bideratua.
Horri dagokionez, sortzen joaten den araudia “berrikusi eta jarraitze aldera” gobernu-egituran unitate organiko bat gaitzea proposatzen da; izan ere, unitate hori arduratuko da hartutako neurrien “eraginkortasuna” ebaluatzeaz, baita beste erregio edo/eta herrialde batzuetan indarrean dauden ikuspegiak aztertzea ere.
Testuinguru horretan, barne-merkatuarekin bateragarriak diren gisa guztietako laguntzak arakatzearen alde egiten da, biztanleriaren galera edo zahartzea direla kausa Europar Batasunaren eskutik berariazko lankidetza jasotzeko, eta, bestetik, garraioko, telekomunikazioetako eta zerbitzu publikoetarako azpiegituren finantzaketa aztertzen da, azken hori Eskualde Garapenerako Europako Funtsari dagokion kontu bat baita. Izan ere, hori guztia piztu nahi da Europar Batasuneko tresna eta sektore desberdinekin koordinatutako Nafarroako estrategia baten bitartez.
Horri dagokionez, eta kontuan hartuta pertsona bakoitzeko BPGak — birbanaketarako irizpide nagusia denak— ez duela jasotzen Ekialdeko Pirinioak bezalako eskualde despopulatuen konplexutasuna, azpimarra jartzen da Europako hegoaldeko hiri-eremu zabalen eta landa-eremuen arteko desoreka islatuko duten faktore berriak sartzeko beharrean, halako moduz non Europar Batasunaren erregioen garapenerako eta kohesio-politikarako 2021-27 urteetarako aurrekontuak (funts ekonomiko solidario nagusia) hobeki konpentsatuko baititu lurralde mugakideen artean dauden izugarrizko kontrasteak.
Xede horrekin, dei egiten da Landa Garapenerako 45/2007 Legea berraktibatzeko, zeren eta ulertzen baita hartan jasota dauden ustiatzerako lurralde-kontratu edo eskualde-planen aukerak ez direla behar beste arakatu, eta horretarako finantzaketa egokia behar baita.
Bestalde, irizpenak zenbait irizpide orokor eta zeharkako ezartzen ditu, politiken diseinuan kontuan hartu beharrekoak; horien lehentasunen artean ageri da banda zabalaren (zuntz optikoa edo irrati bidezko garraio-sarea) hedapena bermatzea udalerri eta industrialde guztietarako. Bost urteko epea ematen da, eta ez du kosturik ekarriko udalentzat.
Aldi berean, Ekialdeko Pirinioen garapena bultzatzera bideratutako pizgarrien barruan, Kontratu Publikoei buruzko 2/2018 Foru Lege berriaren aukerak eta irizpideak aztertzearen aldeko apustua egiten da, transakzio publiko arduratsua edo kontratuak sorten arabera lizitatzea bezalako alderdietan, halako moduz non Administrazioak lagunduko baitu "erosketa berdea eta kontsumo ekologiko eta garaian garaikoa” zabaltzen.
Bestalde, segurtasun- eta higiene-araudiaren aplikazio malgua eskatzen da, zertarako eta, estandar minimoetan urritzerik eragin gabe, konfiantza- eta lasaitasun-giro bat sor dadin, ekimen eta jarduera berriak bultzatzen lagunduko duena. Horretarako, aldezten da pizgarriak aplika daitezela, bideragarri egite aldera hainbat arlotako edo Nafarroako Gobernuko departamentuetako profesionalak eskualdean ezar daitezen.
Irizpenaren amaieran, behar bezain malguak diren arau-tresnak diseinatzeko eskatzen da, hain zuzen eskualde bakoitzaren berezitasunei egokitzeko, bai eta arreta “sistematiko, planifikatu eta ebaluatua” segurtatzeko gauza diren mekanismo operatiboak, antolamendukoak eta finantzarioak ere. Hori guztia, “zerbitzuen eta azpiegituren gutxieneko atalase” bat bermatzeko, biztanleriari eusten, bizilagun berriak erakartzen eta nekazaritza-, abeltzaintza- eta basozaintza-jarduerari jarraitutasuna ematen lagunduko duena, “funtsezkoa baita hori identitatea eta kultura- eta hizkuntza-ondarea gordetzeko”.
Irizpenak Ekialdeko Pirinioen egoerari buruzko deskribapen exhaustiboa dakar, biztanleriaren ezaugarriei eta bilakaerari erreparatzen diena, eta agerian jartzen du zenbateraino den “larria eta berariazkoa” lurralde horren koiuntura.
Nabarmentzen diren datuen artean, biztanle-galera areagotuari dagozkionak daude ‑18.000 biztanle 1900ean eta 3.600 benetako biztanle 2017an‑, bai eta biztanle-galeraren adierazle altuari buruzkoa ere, Nafarroako handiena baita; izan ere, Pirinioetakoa da Nafarroan 1999tik 2009ra biztanleak galdu dituen eskualde bakarra (% 6). Horri gehitu behar zaio biztanleak barreiaturik daudela, zeren eta Pirinioetako ibarren dentsitatea kilometro koadro bakoitzeko 4 biztanlekoa baita, Nafarroa osoaren batez bestekoa 60koa den bitartean.
Pirinioetako herrietako biztanleen batez besteko adina oso altua da, eta nabarmen-nabarmena da gehiegizko zahartzea (80 urtetik gora), batez ere emakumeen atean (% 12 baino gehiago).
Pirinioetako eskualdea, gainera, Nafarroan gazte-portzentaje txikiena duen eskualdea da. 1998an, biztanle gazteak 1216 ziren; 2007an, berriz, 867 ziren, eta gaur egun, azkenik, 605 dira.
Hezkuntzaren arloari begiratuta, nabarmena da funtzionamenduan dauden ikastetxeen jaitsiera: 13 zeuden 1990an eta 7, berriz, 2017an. 1850ean, herri bakarra ere ez zegoen eskola-umerik gabe: 1982an, berriz, 3 herri zeuden; 2017an, 15 daude.
Diagnostikoaren osagarri, Pirinioek daukaten zerbitzu-gabeziaren aipamen xehakatua egiten da, eta amaieran esaten da Pirinioak “ingurune murriztaileak direla bizi-proiektuetarako”, baita etxebizitza tradizionala egungo bizimoduaren erabilerei, beharrizanei eta ezaugarriei egokitzeko zailtasunekin zerikusia duen guztirako ere.
Ponentziako burua Dabid Anaut (EH Bildu) izan da, eta honako beste kide hauek ere izan ditu: Luis Casado (UPN), Rafael Eraso (Geroa Bai), Rubén Velasco (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai), Ainhoa Unzu (PSN), Javier García (PPN) eta José Miguel Nuin (I-E).
Ponentziaren lanetan zehar, zeinak bai Parlamentuan, bai hainbat herritan egindako 22 bilkuratan banatu baitira, Pirinioetako eragile sozial eta instituzionalen balorazioak eta proposamenak bildu dira, bai eta kontsulta egin zaien erakunde publikoek emandako erantzunak ere.
Osoko Bilkura honetan eztabaida egin ondoren onetsi da, eranskin gisa, Parlamentuak onetsitako ebazpen bat, zeinean honako hauek jasotzen baitira: Parlamentua bat dator irizpenaren analisiarekin eta ondorioekin; Nafarroako Gobernua premiatzen du gomendioak praktikan jar ditzan; bere gain hartzen du gomendioen betetzeari buruzko jarraipena egitea, eta konpromisoa hartzen du Ekialdeko Pirinioetako errealitatea kontutan hartzeko bere legegintza-lanean. Testua, talde eta elkarte guztiek izenpetua, aho batez onetsi da.
Onetsitako ebazpenak honako hau dio:
1.- Nafarroako Parlamentua bat dator Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako egoera sozioekonomikoa aztertzeko Ponentziaren analisiarekin, lurralde horren egoera azaltzen duenarekin, eta bereziki honako apartatu hauekin: ibar eta udalerri horien larritasuna eta berezitasuna jasotzen dutenak eta Nafarroako erakundeen aldetik ikuspegi eta politika berezien beharra islatzen dutenak.
2.- Nafarroako Parlamentua bat dator Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako egoera aztertzeko Ponentziak egindako irizpenak jasotzen dituen ondorioekin, Parlamentuak eskualdeko eragile sozial eta instituzionalekin partekatutako analisiaren ondorioa baitira.
3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du kontuan hartu eta praktikan jar ditzan Ponentziaren irizpenean jasotzen eta azaltzen diren gomendioak eta, halaber aztertu, kontuan hartu eta baloratu ditzan, arlo guztietan egiten dituen politiketan, eragile guztiek, sozialek zein instituzionalek, prestatu eta helarazitako txostenak eta proposamenak.
4.- Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du, Gobernuaren lana kontrolatzeko duen eginkizunaren barruan, Ponentziaren irizpenean biltzen diren gomendioak Nafarroako Gobernuak nola betearazten eta praktikan jartzen dituen begiratzeko eta horien jarraipena egiteko.
5.- Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du ponentziaren irizpeneko gomendioak, bere legegintza-eginkizunari dagozkionean eta hartan eragina duten neurrian, kontuan hartu eta praktikan jartzeko, eta legeak egiterakoan kontuan hartzeko, orobat, Ekialdeko Pirinioen berariazko errealitatea.