Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Ekainak 10

Nafarroako erakundeak eta gizartea premiatzen dira Kolonbiako protesta baketsuen aurkako errepresioa gaitzets dezaten

Ganberak protesta sozialen kriminalizazioa arbuiatu du eta poliziaren erantzun neurrigabearen ondorioz gertatutako eskubide urraketak ikertzeko deia egin du

Parlamentuaren Osoko Bilkuran ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin, zeinaren bidez Legebiltzarrak erakunde guztiak eta Nafarroako gizartea premiatzen baititu “gaitzets dezaten apirilaren 28tik, muturreko indarkeriaren testuinguruan, Kolonbian gertatzen ari den protesta baketsuen errepresioa, eta manifestarien giza eskubideen urraketak zigorrik gabe gera ez daitezen, eta azkar eta egoki iker daitezen, xede horretarako behar diren mekanismo eta tresnekin”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Kolonbiako Gobernuari eskatzen dio “lehentasunez has dadin indarkeria deseskalatzen eta hiriak desmilitarizatzen eta berehalako neurriak har ditzan deitutako protesta-egunetan bilera baketsuen eskubidea eta manifestarien osotasun fisikoa eta psikologikoa bermatzeko eta errazteko, neurri horiek giza eskubideen nazioarteko estandarretan ezarrita baitaude”.

 

Era berean, hirugarren atalean, nazioarteko komunitatea premiatzen da “egiazta dezan behar diren neurriak hartzen ote diren giza eskubideen defendatzaileen protesten ziurtasunezko arreta bermatzeko, bai eta kazetarien eskubidea ere, adierazpen askatasuna gauzatzekoa gune eta maila ezberdinetako elkarrizketa- eta negoziazio-eskenatoki batetik, protesta horien jatorrian metatutako arazoei ekite aldera. Elkarrizketa-prozesu itundua, irekia eta plurala, mobilizazioak bultzatzen dituzten sektore, erakunde eta lurraldeen gai eta eskaeretan oinarritua”.

 

Azkenik, erakunde guztiak eta Nafarroako gizartea premiatzen dira “Kolonbiako herritarrei lagundu diezaien Nafarroan mobilizatzen beren herriaren gizarte-eskubideen alde, protesten kriminalizazioaren ondorioak pairatu dituzten eta pairatzen dituzten familia eta pertsona guztiei elkartasuna adieraziz, biktimentzako justiziaren alde eta giza eskubideen urraketak berriz ez gertatzeko bermeen alde, Lanuzte Nazionalaren esparruan eta Kolonbiako Estatuaren eta FARCen gerrillaren artean sinatutako bake-akordioak betearaziz”.

 

Navarra Sumak ordezteko in voce zuzenketa bat aurkeztu du, gainerako bost taldeek, ekimenaren titularrek onartu ez dutena, eta helburu zuen Legebiltzarrak bere egitea “Europar Batasunak Kolonbiako krisi sozial eta politikoari buruz eginiko adierazpenak, bereziki 2021eko maiatzaren 11n Europako Parlamentuko Kanpo Arazoetako Batzordeko buruak eta Andeetako Erkidegoko herrialdeekiko Harremanetarako Ordezkaritzako buruak eginiko baterako adierazpena, zeinak aitortzen zuen herritar guztiek protesta egiteko eta era baketsuan manifestazioak egiteko duten eskubide zilegia alde batetik, bestetik ordena publikoa bermatzeko betebeharra modu proportzionalean eta ponderatuan bete beharra, gehiegikeria, arbitrariotasun eta neurrigabekeriarik gabe; eta azkenik, baikor hartzen zuen protestak eragin zituen zerga-erreforma erretiratzea eta Iván Duque lehendakariak sustaturiko elkarrizketa nazionalari hasiera ematea, normaltasunera itzultzea ahalbidetuko duen akordio nazional bat lortzeko xedez”.

 

Beste atal batean, arbuiatzen zuen Kolonbiaren barne-gaietan eragiteko kanpo-injerentzia oro, eta doluminak helarazten zizkien manifestazioetan hildakoen senide eta adiskideei, eta bere kezka adierazten du Kolonbian bizi diren nafarrengatik, bai eta Nafarroan bizi diren nazionalitatezko edo jatorrizko kolonbiarrengatik ere.

 

Zioen azalpenean, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek sustatutako ebazpenak “kezka” adierazten du Kolonbian modu baketsuan garatutako protesta sozialen aurka polizia kolonbiarrak eman duen erantzun “neurrigabea” dela eta. Apirilaren 28tik maiatzaren 25era arteko lanuzte nazionalean, “datu ofizialen” arabera, 42 manifestari hil dira, 168 pertsona jo dira desagertutzat, eta giza-eskubideen aurka ustez izandako urradurengatik 104 kexa jaso dira.

 

Hala, suzko armak erabili direla eta sexu-indarkeria kasuak egon dela egiaztatu ondoren, proposamena egin dutenek Nazio Batuen Goi-komisarioaren Bulegoak (Kolonbia), Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak, Amnistia Internazionalak eta giza eskubideen aldeko beste erakunde askok egindako txostenetara jotzen dute, kazetarien aurkako erasoak egiaztuta (atxiloketak, erasoak, materiala suntsitzea), gehiegikerien eta errepresio giroaren larritasuna nabarmentzeko.

 

 

Amaiera gisa, Kolonbian bizi den indarkeria-giroaren froga argi eta garbi gisa, maiatzaren 3an Nazio Batuetako giza eskubideen ordezkaritza batek jasandako erasoa nabarmentzen da.