Noiz argitaratua Astelehena, 2022.eko Urtarrilak 24

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren kargua betetzeko hautagaitzak aurkezteko epe otsailaren 3an amaituko da

Talde parlamentario edo foru parlamentarien elkarte bakoitzak hautagai bakarra aurkezten ahalko du eta parlamentarien botoen hiru bostenen gehiengoa lortu beharko du hautatua izateko

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, 2022ko urtarrilaren 24an eginiko bilkuran, Eledunen Batzarrak erabaki loteslea hartu ondoren, honako erabaki hau hartu zuen besteak beste:

 

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 2.1 artikuluak xedatzen du Nafarroako Parlamentuak hautatuko duela Arartekoa, sei urterako. Foru lege horretako 8.1.b) artikuluak ezartzen du Arartekoak kargua utziko duela ezarritako epea amaitzean, eta 8.2 artikuluak zehazten du Nafarroako Parlamentuko lehendakariak kargua hutsik dagoela deklaratuko duela kargualdia amaitzean.

 

Kontuan izanik gaur egungo Arartekoa, Javier Enériz jauna, Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak hautatu zuela 2007ko martxoaren 15ean sei urteko eperako, haren agintaldia agortuta dago. Beraz, aipaturiko foru legeko 2, 3 eta 8. artikuluetako xedapenak garatuko dituzten arauak onetsi beharra dago, kargu hori hautatzeko prozedura arautzeko.

 

Arau horiek are beharrezkoagoak dira aipaturiko Foru Legean 2008. urtean egindako aldaketaren ondoren. Aldaketa horrek eragiten dio Foru Legeko 2. artikuluan Arartekoa hautatzeko aurreikusitako sistemari, zeinak prozedura konplexu bat ezartzen baitu, non, Legebiltzarreko Mahaia eta Osoko Bilkuraz gain, Foru Araubideko Batzordeak ere esku hartzen baitu. Beraz, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko Foru Legeko 2. artikuluan aurreikusitako hautatze-prozedura betetzeko asmoz, Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduko 211. artikuluan xedatutakoari dagokionez, Erregelamendu horretako 37.1.9 artikuluan ezarritakoaren arabera, hona erabakia:

 

Lehena. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa hautatzeko ondoko arauak onestea:

 

1. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren kargua hutsik, Ararteko berria hautatzeko prozedurari ekinen zaio, hautagaiak aurkezteko epea irekiz. Epe hori 2022ko urtarrilaren 25ean hasi eta 2022ko otsailaren 3ko 17:30ean amaituko da.

 

2. Hautagaiak aurkezteko talde parlamentarioek edo foru parlamentarien elkarteak idazki bat zuzenduko diote Legebiltzarreko Mahaiari, eta hari gehituko zaio hautagaitzaren onarpenari buruzko adierazpena eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko Foru Legeko 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzearen froga. Talde parlamentario edo foru parlamentarien elkarte bakoitzak hautagai bakarra aurkezten ahalko du.

 

3. Dokumentu hauen bidez frogatuko da baldintzak betetzen direla:

 

a) Bere eskubide zibil eta politikoen gozamen osoa duela baieztatzen duen adierazpen pertsonala eta

 

b) Hautagaia Nafarroako udalerriren batean erroldatuta egoteari buruzko ziurtagiria.

 

4. Hautagaiak aurkezteko epea amaiturik, Mahaiak erabakiko du proposatutako hautagaiek baldintzak betetzen ote dituzten, eta, hala bada, hautagaitzak onartu eta Foru Araubideko Batzordera igorriko ditu.

 

5. Foru Araubideko Batzordeak, berak hala nahita edo talde parlamentario batek eskatuta, erabakitzen ahalko du proposaturiko hautagaiak agerraldi publikoa egitea batzorde horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren karguan aritzeko haren egokitasuna aztertzeko. Kasu horretan, horrela arautuko dira agerraldiak:

 

a) Hautagai bakoitzak, gehienez ere hogeita hamar minutuz, azaltzen ahalko du bere jarduera-programa eta karguan aritzeko dituen merezimenduak.

 

b) Azalpen hori amaituta, talde parlamentarioen edo foru parlamentarien elkartearen bozeramaileak mintzatzen ahalko dira, gehienez ere hamabost minutuz, hautagaiaren ibilbide profesional edo akademikoaren inguruan argibideak eskatzeko, bai eta karguan aritzeko dituen gaitasunen inguruan ere.

 

c) Hautagaiaren agerraldia amaituko da bozeramaile parlamentarioei erantzuten, gehienez ere hamabost minutuz.

 

Lehendakaritzak agerraldia eginen dutenen eskubideak zainduko ditu, eta galderak ez ditu onartuko agerraldia egin duenaren ondra edo intimitaterako eskubidea kaltetzen edo zalantzan jartzen badute, bidegabeki. Batzordearen aurrean agertzeko gonbitari uko egiten dion hautagai oro hautatze-prozesutik kanpo geratuko da.

 

Hautagaien agerraldia erabakitzen ez bada, Foru Araubideko Batzordeak seigarren arauan ezarritako eran hautatuko du hautagaia.

 

6.ª1. Ararteko izateko hautagaia Foru Araubideko Batzordean hautatuko da, isilpeko bozketan, boto-txartelen bidez. Haietan batzordeko kideek hautagai proposatuetako bakar baten izena idatzi ahalko dute.

 

2. Bozketa amaituta, kargurako proposatutako pertsonaren batek lortzen badu batzordeko (9) kideen hiru bostenen aldeko botoa, aldarrikatuko da Ararteko izateko hautagai. Kasu horretan, Batzordeburuak Legebiltzarreko Mahaiari igorriko dio hautagaia aldarrikatzen duen erabakia. Mahaiak Arartekoa hautatzeko Osoko Bilkurarako deia eginen du; Osoko Bilkura hori ezin izanen da egin hautagai-aldarrikapenetik hamabost egun baliodun igaro baino lehen.

 

3. Hautagai bakar batek ere lortzen ez badu aurreko paragrafoan adierazi den gehiengoa, beste bozketa bati ekinen zaio lehenbiziko bozketa egin eta bi egunen buruan. Eskaturiko gehiengoa berriz ere lortzen ez bada, bukatutzat emanen da hautatze-prozesua, eta Parlamentuko Mahaiak hautagai-proposamenen aurkezpeneko beste epe bat irekiko du, ezarriko den iraupena izanen duena.

 

7. Behin Foru Araubideko Batzordeak Arartekoa izateko hautagaia proposatuta, Osoko Bilkurak, aldez aurretik batzarra egiteko deituta, Ararteko hautatuko du seigarren arauko lehen apartatuan ezarritako moduan egindako bozketaren bidez parlamentarien botoen hiru bostenen gehiengoa lortzen duena. Hautagaiak gehiengo hori lortzen badu, Nafarroako Foru Komunitateko Ararteko hautatuko da.

 

Aurreko paragrafoan adierazitako gehiengoa lortzen ez bada, Legebiltzarreko Mahaiak, Osoko Bilkuran baztertuta gelditu den hautagaitza baino proposamen gehiago baldin badaude, Foru Araubideko Batzordea deituko du Ararteko izateko beste hautagai bat hauta dezan, Osoko Bilkura egin eta gehienez ere hilabeteko epean, seigarren arauan ezarritako eran eta ondorioekin.

 

Hautagai-proposamen bakarra badago eta Osoko Bilkurak baztertzen badu, hautatze-prozesua amaituko da eta prozesu berri bati ekinen zaio, seigarren arauko 3. apartatuko bigarren paragrafoan aurreikusitako eran.

 

8. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren hautaketa Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Izendatutakoak bere karguaren jabetza hartuko du hautaketa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hamabost egun naturaleko epean.

 

Bigarrena. Erabaki hau Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.