Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Abenduak 2

Nafarroako Gobernua kultura-ekitaldiak egiteko protokolo bat egin dezan premiatzen duen ebazpena onetsi da

Legebiltzarrak aholkularitza, logistika eta zuzkidura ekonomikoen bidezko laguntza eskatzen du osasun-segurtasun handiagoa bermatuz kulturaren sektorea dinamizatzeko

Kultura eta Kiroleko batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez (Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak ez dute ilkuran parte hartu), zeinaren bidez Kultura eta Kirol Departamentua premiatzen baita, Osasun Departamentuarekin batera eta kulturaren arloko eragileen lankidetzarekin, “kultura-ekitaldiak egiteko protokolo bat egin dezan, beste erregio eta herrialde batzuetan egindako esperientzia ezagututa, Nafarroan baldintza eta neurri onenak baloratuz, jasotako ebidentzietan eta irizpide epidemiologikoetan oinarrituta. Foru Komunitateko kultura-instalazioen egoeraren mapa egin ondoren, protokolo hori homologagarria izanen da kultura-ekitaldiak programatzen dituzten sektoreko eragile guztientzat, betiere osasun-neurriak bermatzeko instalazio bakoitzak dauzkan berezko ezaugarriak eta premiak ahaztu gabe”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “kulturaren sektoreko eragileak lagundu ditzan, aholkularitza, logistika eta zuzkidura ekonomikoen bidez, kultura-espazioetan ahal den arinen behar diren inbertsioak eta egokitzapenak egiteko, ekitaldiak egiterakoan osasun-segurtasun handiagoa bermatze aldera eta horrela edukieraren murrizketak gutxiagotu ahal izateko, kulturaren sektorea dinamizatzeko helburuarekin”.

 

Ebazpenak beste atal bat zuen, PSNren, Geroa Bairen eta EH Bilduren aurkako botoekin ezetsi egin dena, eta Kultura eta Kirol Departamentua premiatzen zuen “ekitaldi guztietan maskara higienikoak edo FFP2 motakoak bana diezazkien agertzen diren guztiei eta kasuko ekitaldiko langileei, ahalik eta gehien murrizteko balizko kutsatzeen kopurua eta osasun-segurtasuna bermatzeko”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak kulturaren sektoreak pandemia hasi zenetik eman duen “erantzun eredugarria” nabarmentzen du, neurriak bermatzeko “gehien lan egin duen eta kutsatze-gune gutxien sortu duen sektoreetako bat izan baita”.

 

Halaber, funtzionatzeko metodoetan eta ohiko garapenean baldintzatuen geratu den arlo bat izanik, sustatzaileak azaltzen du egiaztatu dela egindako ahalegina “hainbatetan ez dela aski izan” lanpostu asko biltzen dituen sektore hau bizirik mantentzeko.

 

Zenbait administrazio, erakunde eta elkarteek azterlanak eta proba pilotuak egin dituzte murrizketei eta mugei amaiera ematea ahalbidetzeko, baina argudiatzen denez, lan horiek “ez datoz bat Nafarroako guneen eta aretoen errealitatearekin, ezta egiten diren kultura-ekitaldien izaera ezberdinekin ere”. Hori dela eta, berariazko protokolo bat egiteko beharra azpimarratzen da, Nafarroan “baldintza eta neurri onenak baloratuz, jasotako ebidentzietan eta irizpide epidemiologikoetan oinarrituta”.

 

Isabel Olave (Navarra Suma) buru izan duen saioan izan dira Iñaki Iriarte, Raquel Garbayo, Javier García, Alberto Bonilla, Ángel Ansa (Navarra Suma), Carlos Mena, Patricia Fanlo, Arantza Biurrun (PSN), Ana Ansa, Blanca Regúlez (Geroa Bai), Maiorga Ramírez eta Txomin González (G.P. EH Bildu).

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (130. NPAO, 2020-10-20koa)