Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Azaroak 12

Nafarroako Gobernua kulturaren sektoreko jarduerak susta ditzan premiatzen duen ebazpena onetsi da

Gazteen sormena eta talentua sustatzeko eta kudeatzeko neurri zehatzak eskatzen dira, aukerak eta aberastasun sozioekonomikoa sortzeko, baita toki-erakundeetatik ere

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “kulturaren sektoreko jarduerak susta ditzan, ahalbidetuko dutenak kalitatezko proiektuak sortzea eta garatzea eta, halaber, egonkortzea enplegua eta ekintzailetza Nafarroako marka sozial eta ekonomiko gisa”.

 

Babes neurri hauen artean, eskatzen da “Kultura Zuzendaritza Nagusiaren programa artistiko berekiak susta ditzan, Nafarroako kulturaren sektorea laguntzeko eta babesteko tresna gisa”.

 

Era berean, Gobernua premiatzen da “tokiko administrazioak babestu ditzan lurraldearen sustapen eta dinamizazio soziokulturalean duten eginkizunean”.

 

Bestalde, Foru Exekutiboari eskatzen zaio “kulturaren atari digitala bultzatzen jarrai dezan, Nafarroako herritar oro kulturara iristeko tresna gisa”.

 

Halaber, eskatzen da “Gazte txarteletik inklusioa berma dezan, kulturarako irispidea sustatuz Nafarroako lurraldearen eta kulturaren aniztasuna”.

 

Honez gain, Nafarroako Gobernua premiatzen da “gazteen sormena sustatzen jarrai dezan, industria sortzaile eta digitalen arloan”.

 

Azkenik, Foru Exekutiboari eskatzen zaio “arte gaztearen topaketen aldeko apustuarekin jarrai dezan, Nafarroako gazteek bilkura egiteko eta diziplina artistikoetan bateratze lana egiteko tresna gisa”.

 

Navarra Sumak gehitzeko zuzenketak bat aurkeztu du, PSNk, ekimenaren titularrak, onartu ez duena, eta Gobernua premiatu nahi zuen “aipatutako jarduketen egutegi bat egin zezan urtea amaitu baino lehen, eta horrekin batera, jarduera horiek 2021ean abian jartzeko gutxienez 3 milioi euroko finantzaketa ezar zezan”, alde batetik, eta bestetik, “urtea amaitu baino lehen, premiazko erreskate-plan bat ezar zezan, 5 milioi euroko zuzkidura ekonomikoarekin eta kultur eragile guztien parte-hartzearekin”.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak gazteak politika publikoen zeharkako erreferente gisa kokatzen ditu, baita kultura mailan ere, eta sustapen eta kudeaketa neurri zehatzak eskatzen ditu, Foru Komunitatearen ondare historiko-artistiko eta natural garrantzitsuaz baliatuz, aukerak, eskubideak eta aberastasun sozioekonomikoa sortzeko gai izango den sektore artistikoa sustatzeko.

 

Gauzak horrela, ekintzailetza eta talentu gaztea enplegua sortzeko eta zerbitzuak emateko oinarri gisa hartuta, baita biztanlerik gabe geratzeko arriskua dagoen eremuetan ere, kultura gizarte-kohesioa bultzatzeko printzipio baliagarritzat jotzen da, eskura dauden baliabideak behar bezala aprobetxatuz.