Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Apirilak 21

Nafarroako Gobernua premiatzen da 16 eta 18 urte bitarteko landa-eremuetako ikasleen eskola-garraioaren estaldura zabal dezan

Kasuan kasuko eskolan eskolatzeko segurtasun eta irisgarritasun arrazoi objektiboak dituzten herrietako ikasleak ere sartzen dira

Hezkuntza batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Suma eta EH Bildu  aldeko botoekin Geroa Bairen abstentzioarekin eta PSNren aurkako botoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “hiru hilabeteko epean alda dezan azaroaren 13ko 102/2017 Foru Agindua, Hezkuntza kontseilariarena, zeinaren bidez arautzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean eskola-garraioaren antolaketa eta funtzionamendua eta eskola-jantokirako banakako laguntzak”.

 

Zehazten denez, aldaketa horrekin bilatzen da “eskola-garraioaren onuradun gisa sar daitezen, 2.1 artikuluan, batxilergoko nahiz lanbide heziketako ikasketak egiten ari diren 16tik 18 urtera bitarteko ikasleak, landa eremuetatik Iruñeko, Tuterako edo beren erreferentziako ikastetxeak dauden beste herri batzuetako batxilergoko nahiz lanbide heziketako ikastetxeetara joan behar badute”.

 

Bestalde, proposatzen da “eskola-garraioaren onuradun gisa sar daitezen, 2.2 artikuluan, herri jakin batzuetako ikasleak, dagokien ikastetxe publikoan eskolatzeko segurtasun- eta irisgarritasun-arazo objektibo eta justifikatuak dauzkatenak”.

 

Ez da onetsi beste atal bat, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “2021-22 ikasturterako bete dezan gobernu-akordioan hartutako konpromisoa, garraioa eskubide oso gisa aitortzea ikastetxe publikoetako Batxilergoko eta OLHko ikasleei eta salbuespenezko neurriak hartzea beren ezaugarriengatik hala behar duten herrietan”. PSNk aurkako botoa eman du, Nafarroa Sumak eta Geroa Baik abstenitu egin dira eta EH Bilduk aldeko botoa eman du.

 

EH Bildu ekimenaren titularrak ez du onartu Navarra Sumak aurkeztutako gehitzeko zuzenketa, zeinaren bidez planteatzen zen "Ikastetxe publikoak" espresioaren ordez "funts publikoen bidez sostengaturiko ikastetxeak" ipintzea aipatu foru aginduko artikulu hauetan: 2.1, 4.2, 5.2, 8.1 eta 9.2”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak araudi aldaketa eskatzen zuen, izan ere, indarrean dagoenak “eskola-garraioaren ikasle onuradun gisa aitortzen ditu herriarteko garraioa beharrezkoa dutenak”, eta hainbat udal eta hezkuntza-komunitatek aldarrikatzen dutenez, “herri baten barrenean ere irisgarritasun eta segurtasun arazoak daude, arrazoi ezberdinak direla-eta”.

 

Era berean, “irtenbide integral” bati ekiteko eskatzen da, landa-despopulazioa geldiaraziko duena eta zerbitzu publikoetara iristeko aukera berdintasuna bermatuko duena. Horretarako, beste herri batzuetako ikastetxe publikoetan batxilergoko nahiz lanbide heziketako ikasketak egiten ari diren 16tik 18 urtera bitarteko ikasleentzat eskola-garraio zerbitzuaren faltaren aurrean ematen diren “irtenbide partzialekin” amaitzeko eskatzen da, hala nola taxiak, familien artean auto partikularrak txandakatzea, etab.

 

Patricia Fanlo (PSN) buru izan duen saioan egon diren parlamentariak izan dira Pedro González, Raquél Garbayo, Carlos Pérez Nievas, Ángel Ansa, Isabel Olave, Maribel García Malo (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Inma Jurío (PSN), María Solana, Jabi Arakama (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz eta Patricia Perales (EH Bildu).

 

* Podemos-Ahal Duguk eta E-Ek ez dute batzordean parte hartu.