Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Urriak 3

Nafarroako Gobernua premiatzen da akordio instituzionala bila dezan gorrotozko diskurtsoei aurre egiteko

Hezkuntza arloko eta gizarte-kontzientziaziorako neurriak eskatzen dira aniztasunean eta gizarte-kohesioan oinarritutako politikak babesteko

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur UPNren, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta PPNren eta Voxen aurkakoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “akordio instituzionala bila dezan Nafarroako Parlamentuan ordezkatuta dauden indar politikoekin, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin, gizarte-erakundeen parte-hartzearekin, giza eskubideak blindatzeko eta gorrotozko diskurtsoei aurre egiteko”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean zehazten duenez, Nafarroako Parlamentuak “gure erkidegoko ikastetxeetan prebentzio-neurriak eta programak ezartzearen alde egiten du. Neurri eta programa horien helburua da aniztasuna errespetatzea eta gorroto-diskurtsoak elikatzen dituzten aurreiritziak eta estereotipoak ezabatzea”.

 

Era berean, Foru Exekutiboari eskatzen dio “gizarteari zuzendutako sentsibilizazio-kanpainak egin ditzan, gorrotozko diskurtsoen ondorio negatiboez kontzientziatzeko, aniztasunarekiko errespetua sustatzeko eta, hartara, bizikidetzaren alde egiteko”.

 

Azkenik, eta Geroa Baik aurkeztu duen eta PSNk, ekimenaren titularrak onartu duen gehitzeko zuzenketa baten bidez, Nafarroako Parlamentuak “aniztasunarekiko eta bizikidetzarekiko errespetua sustatzeko konpromisoa hartzen du; hartara, Parlamentuaren jardueran eta eztabaidetan gorrotozko diskurtsoak erabiltzearen aurkako neurriak hartuko ditu, Legebiltzarreko kideen jokabide-kode bat onesteko ponentziaren baitan”.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Nafarroako gizarteari dei egiten dio, "berdintasun politiketan eta eskubide eta askatasunen konkista eta defentsan erreferente baita", eta eskatzen dio "axolagabe ez agertzeko Europako, erkidegoetako eta tokiko administrazioetatik bizikidetza baketsua mehatxatzen duten eta diskriminazioa sustatzen duten gorroto diskurtso eta delituen ugaritzearen aurrean".

 

Horretarako, "zatiketa" saiakera horiek "indarkeria fisiko eta emozionaleko ekintzak" ekar ez ditzaten, aldez aurretik "estigmatizatu" egiten diren kolektiboen gainean, migratzaileen edo LGTBI pertsonen kasuan esaterako, Nafarroan bizi diren biztanle guztien "berdintasun erreal eta eraginkorrerako" eskubidearen "defentsa irmoa" egitea aldarrikatzen da, bereziki "kalteberenen" kasuan.

 

Proposamena egin duenak ultraeskuinari egotzi dio "aniztasun eta gizarte kohesio" politikek ekarritako aurrerapenak zalantzan jartzea eta/edo etetea, eta ohartarazi du "gorroto-erasoak eta -delituak areagotu" egin direla erakunde publikoetan sartu zirenetik.