Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Ekainak 13

Nafarroako Gobernua premiatzen da Alokairu Poltsa egokitu dezan landa-eremuen eta despopulazio-arriskuan dauden udalerrien inguruabarretara

Erronka demografikoak ukituriko eskualdeetan eraginik ez izateak behartu egiten du Nafarroako lurralde osorako orokortasunez taxuturiko neurriak birmoldatzera

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur onetsi du, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin-ek emandako aldeko botoekin, UPN eta PPNren abstentzioarekin eta Voxen aurkako botoarekin, erabaki bat zeinaren bidez Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentua premiatzen baita, bai eta Nasuvinsa-Nafarroako Gobernuaren etxebizitza- eta hirigintza-sozietate publikoa ere, “eginkizun proaktiboa izan dezaten Alokairu Poltsaren sustapenean, garapen periodikoko komunikazio-plan bat taxututa, Alokairu Poltsako programaren publizitatea eta informazioa modu erregularrean sustatzeko Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osoan”.

 

Onetsitako erabakiak badauka bigarren puntu bat, non Nafarroako Parlamentuak Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentua halaber premiatzen baitu Alokairu Poltsaren sustapenean lankidetza proaktiboan jardun dezan etxebizitzak eta eraikinak zaharberritzeko bulegoekin, lurralde osoan ezarririk baitaude.

 

Gainera, Nafarroako Parlamentuak Nasuvinsa premiatzen du Alokairu Poltsan onar daitezen despopulazio-arriskuren bat duten udalerrietako landa-etxebizitza tradizionalak eta baserriak, baita 4 logela baino gehiago eta 110 metro koadro baino gehiago dauzkatenak ere. Atal hau eta hurrengoa EH Bildu eta UPNren aldeko botoekin, PPNren abstentzioekin eta PSNren, Geroa Bairen, Contigo-Zurekinen eta Voxen aurkako botoekin onetsi dira.

 

Bestalde, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuari dei egiten zaio jarduketa-ildo gisa har dezan despopulazio-arriskuren bat duten udalerrietan abandonatutako higiezinak leheneratzea, zaharberritu ondoren Alokairu Poltsa programan sartzeko.

 

Nafarroako Parlamentuak Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuari eskatzen dio berariazko dirulaguntza-lerroak aintzat har ditzan, despopulazio-arriskuren bat duten udalerrietan alokairua bultzatzeko. Atal honen alde bozkatu dute UPNk, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek, PPN abstenitu da eta Voxek aurkako botoa eman du.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen da “despopulatzearen aurka borrokatzeko foru-lege proiektu bat presta dezan eta bertan zeharkakotasunez integra ditzan landa-guneen despopulatzea geldiarazteko neurriak, arreta berezia jarrita etxebizitzaren arloko politika guztiak berriz diseinatzean, aipatu foru-lege horren helburuekin bat etor daitezen”. Azken atal hau UPNk aurkeztu duen eta EH Bilduk onartu duen gehitzeko zuzenketa baten emaitza da. Voxen abstentzioarekin onetsi da.

 

Ez du aurrera egin atal batek, Nasuvinsa premiatzen zuena “ken dezan baldintza hura, zeinaren arabera Alokairu Poltsako etxebizitza itzuli behar baita baldin eta etxebizitzaren lagapena egin denetik lehenbiziko 3 hilabeteetan alokatu ez bada, eta urtebetekoa izan dadin epe hori, despopulazio-arriskuren bat duten udalerrietan”. EH Bilduk aldeko botoa eman du, UPN eta PPN abstenitu egin dira eta PSNk, Geroa Baik, Contigo-Zurekinek eta Voxek aurka bozkatu dute.

 

Zioen azalpenean, EH Bilduren ekimenezko erabakiak Alokairu Poltsa defendatzen du, programa baliagarria delakoan alokairu-eskaintza publikoa indartzearen bidetik etxebizitzaren funtzio soziala bermatzeko, baita landa-eremuetan eta despopulazio-arriskuko udalerrietan, non beharrezkoa baita talka-neurriak egokitzea erronka demografikoaren ezaugarriei eta hortik eratorritako premiei.

 

Horretarako, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiaren azterlaneko konklusioak (2021) aipatzen dira, bai eta Kontuen Ganberaren txostenarenak (2024) ere, ondorioztatzeko ezen Nafarroako 272 udalerrietatik 166 (% 61) despopulazio-arriskuan daudela; batez ere, Pirinioetan, Pirinioaurrean, Zangozan, Erdialdean, Lizarran eta ipar-mendebaldeko zenbait gunetan.

 

Hori horrela, eta abiapuntu harturik ebidentzia bat, nola baita Alokairu Poltsa ez dela nahi zen eragina izaten ari landa-eremuetan, eta are gutxiago gune isolatuetan eta/edo populazio urrikoetan, berariazko politikak abiaraz daitezen aldarrikatzen da, haien bitartez eta lurralde-kohesioari eta jasangarritasunari dagozkien arrazoiengatik etxebizitza hutsak mobilizatzeko eta bitarteko hori Nafarroako herri guztietan baliozkoa izatea ahalbidetzeko.

 

Nasuvinsa sozietate publikoak kudeatzen du Nafarroako Gobernuaren Alokairu Poltsa, zeina 2016 bitartean huts-hutsik Iruña eta Iruñerriarentzakoa baitzen. Orduz geroztik, baina, Foru Komunitatearen lurralde osoa hartzen du.