Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Otsailak 28

Nafarroako Gobernua premiatzen da autonomoen kolektiboa babesteko neurriak ezar ditzan

Nafarroako Lan Autonomoaren Plana aipatzen da ezkutuko ekonomiari aurre egiteko, norberaren konturako lana erraztu, sustatu eta egonkortzeko neurrien bitartez

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Nafarroako langile autonomoak ukitzen dituzten jarduera irregularrak detektatu, borrokatu eta prebenitzera bideratutako jarduketak antola ditzan”.

 

Onetsitako ebazpenak, bigarren atalean, Gobernua premiatzen du “kanpainak egin ditzan, xede dutenak Nafarroako gizarte osoa sentsibilizatzea jarduera irregularren eta deklaratu gabekoen eragin negatiboei buruz, bai eta horietara joz gero aplika daitezkeen zehapenei buruz ere”.

 

Halaber, eskatzen zaio “urgentziaz sor dezan berariazko batzorde edo lantalde bat, lan autonomoaren esparruko jarduera irregularrak detektatu, borrokatu eta prebenitzeko”.

 

Azkenik, laugarren atalean Gobernua premiatzen da “Lan Autonomoaren Lanbide-elkarteak sar ditzan Iruzurraren aurka Borrokatzeko Batzordean”.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak 2017ko azaroan onetsi zen Nafarroako Lan Autonomoaren Plana aipatzen du, “norberaren konturako lana erraztu, sustatu eta egonkortzeko” neurriak biltzen baititu, tartean “ezkutuko ekonomiaren eta iruzur fiskalaren aurkako borrokako ekintzak”, nabarmentzekoak diren helburuak baina gaur egun oraindik “ez da neurri aipagarri bakarra ere abian jarri”.

 

Testuinguru horretan, ohartarazten da “ezkutuko ekonomiaren, jarduera irregularren, aitortu gabeko lanaren edo iruzurraren ondorioen larritasunaz, diru-bilketa publikoan eragina edukitzeaz gainera, merkatua distortsionatzen dute, eta lehia desleialari mesede egiten diote legezkotasunaren esparruan jarduten dutenen aurka”.