Noiz argitaratua Ostirala, 2018.eko Azaroak 23

Nafarroako Gobernua premiatzen da Banku publiko bat lehenbailen sor dezan

Nafarroaren garapen sozial eta ekonomikoaren eta bere produkzio-sarearen zerbitzuan jardunen duen banku publiko bat sortzeko borondate politikoa eskatu du Legebiltzarrak

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentua premiatzen baita “erabaki dezan Foru Komunitatearen garapen ekonomiko eta sozialaren zerbitzura lan eginen duen Banku Publikoa sortu beharra dagoela Nafarroan”, eta Nafarroako Gobernua premiatzen du “helburu hori lehenbailehen gara eta bete dezan”.

 

EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek bigarren puntu bat gehitu nahi izan dute, baina azken honek, ekimenaren sustatzaileak ez du onartu, eta asmoa zen Espainiako Gobernua premiatzea “Bankia finantza entitatean mantentzen duen parte hartzea baliatuz Banku Publiko bat sor zezan”. Geroa Bai abstenitu egin da, eta UPN, PSN eta PPNk kontrako botoa mantendu dute.

 

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra talde parlamentarioak sustatutako mozioak Nafarroako Kutxaren desagerpenak utzitako hutsunea aipatzen du Gobernua premiatzeko “Nafarroaren garapen sozial eta ekonomikoaren nahiz Nafarroako produkzio-sarearen zerbitzuan jardunen duen banku publiko bat bezalako finantza-tresna publiko bat berreskura dezan”.

 

Horrez gain, “banku-oligopolio pribatuak gure gizarteko sektore garrantzitsu askoren finantzaketa-premiei ez diela erantzuten” nabarmendu ostean, “borondate politikoa” eskatzen da, “behin juridikoki bideragarria dela jakinda, Banku Publiko bat kapitaliza dezan, horretarako Nafarroako Kutxa mailegu-entitate gisa desagertzeko prozesutik heldutako hondar-ondarea baliatuz”.

 

Sustatzailearen hitzetan, “ondare handia da, ehunka milioi eurokoa, Nafarroako gizartearena dena eta Nafarroako Gobernuak Nafarroako Kutxa Fundazio Bereziaren bidez kontrolatzen duena, eta hortaz, Banku Publikoa martxan jartzeko baliatzea posible da”.

 

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Gobernuak eskatutako txostenak oztopo legalik ez dagoela baieztatu zuelako, sustatzaileek azpimarratzen dute “helburu lehenetsia” izan beharko lukeela.