Noiz argitaratua Asteartea, 2022.eko Maiatzak 3

Nafarroako Gobernua premiatzen da behar diren neurriak betearaz ditzan Ikusmen Osasunari eta Itsutasunaren Prebentzioari buruzko Plan Integral bat garatu eta abiarazte aldera

Prebentzioa eta arreta goiztiarra lehenestea eta profesionalentzako dotazio eta gaitasun hobeak eskatu ditu Legebiltzarrak

Osasun Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez (Podemos-Ahal Duguk ez du bilkuran parte hartu), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “behar diren neurriak betearaz ditzan, gainerako administrazio publikoekin eta gizarte zibilarekin koordinatuta, Ikusmen Osasunari eta Itsutasunaren Prebentzioari buruzko Plan Integral bat garatu eta abiarazte aldera, lau estrategiatan oinarrituta: prebentzioa eta arreta goiztiarra, ikerkuntza, jasangarritasun ekonomikoa eta zilegitasun soziala”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Gobernuari eskatzen dio “plana abian jar dezan lehentasuna emanez prebentzioari eta arreta goiztiarrari, besteak beste Oinarrizko Osasun Laguntzan eta soziosanitarioan prestakuntzaren eta koordinazioaren bidez espezialitateekiko, eta profesionalendako dotazio eta gaitasun hobearekin, baita diagnostikorako baliabide modernizatuak eta nahikoak ere erabilita. Prebentziorako eta arazoa mugatzeko beharrezkoa da inbertitzea laguntzan edo prestazioetan kostu sozial eta ekonomikoak ekidite aldera eta hobetzea pertsonen autonomia eta bizi-kalitatean”.

 

Era berean, hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “jarrai dezan estrategiak garatzen osasunaren promozioaren eta kronikotasunari zein diabetesari heltzeko prebentzioaren alde, eta halaber muga eraginkorrak jartzeko ekidin daitekeen itsutasunari, jadanik saihesgarritzat jotzen diren begi-patologien ezagutzaren eta prebentzioaren bidez”.

 

Ildo horretan, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “ahaleginak berrindar ditzan ikerketa zientifikoan eta medikoan eta estrategia bat abian jar dezan, kontuan hartuko dituena azterlan epidemiologikoak, intzidentzia eta prebalentziakoak, ebaluazio ekonomikokoak, gaixotasunaren zama sozialaren analisi kuanti-kualitatiboak, pazienteek bizi-kalitatearekin eta autonomia pertsonal eta lanekoarekin dituzten urteak barne, eta finantzaketa ikerkuntza oinarrizkoaren eta traslazionalaren lerroetan, aplikazio klinikora bideratuak”.

 

Bestalde, Foru Exekutiboari eskatzen zaio “estrategia bat presta dezan, jasangarritasun ekonomikorakoa, berrikuntza diagnostiko eta terapeutikorako sarbidea barne, eta mekanismo modulatzaileak identifikatzekoa, big data zein teknika genomikoak erabiliz tratamenduak pertsonalizatzeko helburuarekin. Horretako beharrezkoa da ere giza baliabideak egokitzea laguntza-eskarira”.

 

Horrez gain, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “antolamendu eredu bat hobetu eta integra ditzan ikusmen errehabilitazioko terapiak (oftalmologia eta optometria dira errehabilitaziorik ez duten espezialitate mediko bakarrak), optometriako zerbitzu publikoen sendotzearen bitartez. Edo telemedikuntza giltzarri gisa, eta plan bat ere koordinatze aldera Oinarrizko Osasun Laguntza eta eremu soziosanitario ed ospitaleko batzuk, espezialitate eta ezagutza profesional desberdinak dituztenak (familiako medikuntza, oftalmologia, erizaintza, psikologia, gizarte-lana, laguntza-zentroak...)”.

 

Gainera, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “mapa bat presta dezan sortzetiko eta lehen haurtzaroan hartutako ikusmen-gaixotasunen mapa bat presta dezan”.

 

Ildo berean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “arreta berezia eman diezaien begi-gaixotasun arraroei, haien prebalentzia txikia dela-eta are babes txikiagoa dutelako”.

 

Azkenik, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du “lan egin dezan Oinarrizko Osasun Laguntzan, ospitale laguntzan eta gizarte eta komunitate eragileen artean zirkuitu egokituak diseinatzeko”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek sustatutako ebazpenak ikusmen-gaixotasunen agertokia irauli nahi du, non gaur egun hiru elementu biltzen diren: “aldaketa demografikoarekin lotutako prebalentzia handia, laguntzako erantzun desegokia eta osasun-ereduan funtsezko alderdiak birdiseinatzeko beharra, COVID-19ak eragindako krisi poliedrikoaren ondorioz”.

 

Ebazpenak nabarmentzen duenez, gaur egun milioi bat herritarrek baino gehiagok ikusmen-patologiak dituzte Espainian, Nafarroako Foru Komunitatean 8.000 baino gehiagok, eta, martxoaren 23an Makula-Erretina Elkartearekin egindako lan-saioan agerian geratu zenez, kasu horietako gutxi batzuk baino ez daude administratiboki legezko itsutasun gisa sailkatuta (70.642 Espainian, 842 Nafarroan).

 

Proposamena egin duten taldeek azpimarratu dutenez, prebentzio-, diagnostiko- eta terapia-jardunaren leihoa guztiz garrantzitsua da; izan ere, gaixotasun horiek saihestu daitezke kasuen % 80an, eta, beraz, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko plana abian jartzea eskatzen da.

 

Nuria Medinak (PSN talde parlamentarioa) bilkuraren buru egin du, eta hauek bertaratu dira: Cristina Ibarrola, Raquel Garbayo, Iñaki Iriarte, Ángel Ansa, Carlos Pérez-Nievas, Elena Llorente (Navarra Suma talde parlamentarioa), Patricia Fanlo, Carlos Mena (PSN talde parlamentarioa), Ana Ansa, Isabel Aranburu (Geroa Bai talde parlamentarioa), Txomin González, Bakartxo Ruiz (EH Bildu talde parlamentarioa) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoa).

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (42. NPAO, 2022-04-01ekoa)