Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Urriak 20

Nafarroako Gobernua premiatzen da Castejongo Trenasa enpresa ixtea eta enpresa horretako langileak kaleratzea ekiditeko esku har dezan

Castejongo planta irekita mantentzea lortzen ez bada, jasotako diru publiko guztia itzultzea eta Solarisaren akziodun izateari berehala uztea exijitzen du Legebiltzarrak

Herritarrekiko Harremanetako Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Castejongo Trenasa enpresa ixtea eta enpresa horretako langileak kaleratzea ekiditeko esku har dezan eta egin beharreko zuzemenak egin ditzan CAF enpresak Castejongo produkzioaren aldeko apustua egin dezan, horri euts diezaion eta, horrenbestez, lanpostuak galtzea eragotz dadin”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Gobernuari eskatzen dio “baldin eta azkenean lortzen ez bada Castejongo Trenasaren planta irekita mantentzea, jasotako diru publiko guztia itzultzea exigi dezan, horrek ahalbidetu baitu lan-karga guztia kanpoan kontratatzea; halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen du, kasua bada, berehala utz diezaion Solaris Iberica S.A.ren akziodun izateari”. Navarra Sumak, EH Bilduk eta I-Ek aldeko botoa eman dute eta PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk abstenzioa bozkatu dute.

 

Era berean, hirugarren atalean, Legebiltzarrak Foru Gobernuari eskatzen dio “Sodenak Trenasari eta Vectiari emandako dirulaguntza publiko guztien zenbateko eta kontzeptuei buruzko informazio guztia eman diezaion”. Aho batez onetsi da.

 

Horrez gain, laugarren atalean Estatuko Gobernua premiatzen da “Alderdi Popularraren ekimenez 2012an onetsi zen lan-erreforma albait lasterren indargabetu dezan, premiazkoa baita, negozio-ahalmena duten enpresek produkzio-jarduera ixtea/etetea ahalbidetzen du eta”. Navarra Sumak aurkako botoa eman du.

 

Amaitzeko, aho batez adostu da “Nafarroako Gobernuari, Estatuko Gobernuari, Trenasa enpresaren zuzendaritzari eta CAF zuzendaditzari erabaki hau igortzea”. 

 

Ez da onartu EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek sinatutako gehitze-zuzenketa, Estatuko Gobernuari eskatzeko “sektore publikoko kontratuak, bereziki Renfek Trenasarekin/CAFekin dituenak, Castejongo lantegian ekoizpeneta enpleguari eustea baldintzatzera”. Navarra Sumak eta PSNk aurkako botoa eman dute, Podemos-Ahal Duguk eta Geroa Baik abstenitu dute eta EH Bilduk eta I-Ek alde bozkatu dute.

 

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak arbuiatu egiten du Trenes de Navarra SA (Trenasa) enpresak, “produkzioaren nahiz antolakuntzaren arloko arrazoiak direla-eta” abiarazitako enplegu erregulazioko espedientea, zeinak 1000 langileren kaleratze kolektiboa planteatzen duen. Izan ere, Castejongo fabrikak kide duen CAF taldeak "eskaera-zorro errekorra (9.000 milioi baino gehiago) du une honetan, horien artean Polonian egiten ari diren autobusak barne Nafarroaren diru publikoko dirulaguntza handiekin”. 

 

Ildo horretan, planta honen itxierak langabeziak gogor zigortutako eremua den Erriberan izango lituzken ondorioez ohartarazten da, eta oroitarazten da “enpresaren industria-jarduerak iraun duen hamalau urteotan, plantillak jarduera aldi baterako eteteko hiru espediente (2012, 2015 eta 2020), jarduera iraungitzeko hiru espediente (2012, 2015 eta 2020ko hau) eta plantillaren soldata % 14 jaistea ekarri zuen lan-baldintzen funtsezko aldaketa bat” pairatu dituela. Salatzen denez, “hori da lan-erreformak negozio-ahalmena duten enpresei aplikatzen uzten dien hondamena, luzamendutan ibili gabe indargabetu beharreko lan-erreforma”. 

 

María Solana (Geroa Bai) buru izan duen saiora bertaratu dira Carlos Pérez Nievas, Juan Luis Sánchez de Muniáin, José Suárez, Raquél Garbayo, Maribel García Malo, Ángel Ansa (Navarra Suma), Ainhoa Unzu, Virginia Magdaleno, Javier Lecumberri (PSN), Mikel Asiain (Geroa Bai), Laura Aznal, Maiorga Ramírez (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).
 
 
www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (108. NPAO, 2020-10-09koa)