Nafarroako Gobernua premiatzen da egoitza elektronikoko edukiak, tramitazioak zein bestelako jarduerak euskaraz egitea berma dezan
Departamentu bakoitzaren hizkuntza-planetan beharrizanen ebaluazio bat aurreikus dadin eskatzen du Ganberak
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Gobernuaren beraren eta honen erakunde autonomoetako egoitza elektronikoko edukiak, tramitazioak zein bestelako jarduerak euskaraz egin ahal izanen direla bermatzea, helburu hori lortzeko beharrezkoa den plangintza eginez”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “departamentu bakoitzaren hizkuntza-planetan beharrizanen ebaluazio bat aurreikus dezan egoitza elektronikoko edukiak, tramitazioak zein bestelako jarduerak euskaraz eskuragarri egon daitezen”. PSNk, Geroa Baik eta EH Bilduk aurkeztutako ordezteko in voce zuzenketa baten emaitza da atal hau. Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aldeko botoa eman dute eta Navarra Sumak, berriz, aurkakoa.
Jatorrizko testuak hirugarren atal bat zuen, baztertu egin dena Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin, eta Nafarroako Gobernua premiatzen zuen “Departamentu bakoitzaren hizkuntza planean herritarrekiko harreran (telefono bidezkoa zein aurrez aurrekoa), euskarazko zerbitzuan berdintasuna bermatze aldera, langile eta zirkuito elebidunak ezartzeko”.
Zioen azalpenean, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek sustatutako ebazpenak adierazten du departamentuen “erantzukizuna” dela herritarrek euskaraz arreta jasotzeko duten eskubidea gauzatzearen betebeharra, eta horretarako, “zirkuitu elebidunak” eskatzen dira, baita izapide telematikoei dagokienez ere.
Ildo horretan, Administrazio elektronikoari buruzko 11/2007 Foru Legea aipatzen da, bertan “euskara arautzen duen legedia” hartzen baita erreferentziatzat. Horrez gain, izapide telematikoei dagokienez dagoen desberdintasun handiaz ohartarazten da (% 23,29 bakarrik euskaraz), gehituz egoera hori bereziki nabarmentzen da toki-erakundeetan (% 2,5).
Gauzak horrela, eta arreta eta izapide telematikoak euskaraz egiteko aukera bermatzeko helburua nabarmendu ostean, Euskarabideak “departamentu guztien beharrei erantzuteko duen ezintasuna” azpimarratzen da, eta hori dela eta, departamentuak premiatzen dira beharrezkoak diren lanpostu elebidun guztien hornidura bermatzeko.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (10. NPAO, 2022-01-28koa)