Nafarroako Gobernua premiatzen da eskola-garraio duin eta segurua berma diezaien nafar ikasle guztiei
Ekialdeko Pirinioetako ikasleei ikastetxeetara iristeko erraztasunak ematearen alde egiten da, eta Orkoienen autobus-linea bat kentzea zalantzan jartzen da
Hezkuntza batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin, Podemos-Ahal Duguren abstentzioarekin eta PSNren aurkako botoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “eskola-garraio duin eta segurua berma diezaien nafar ikasleei, halako moduan non albo batera utziko baitira irizpide ekonomizistak eta murrizketak eta beharrezkoak diren baliabideak jarriko baitira, eskola-jantokiaren zerbitzua erabiltzen ez duten nafar ikasleak beren helmugetara garraiatu ahal izateko eskola-eguna bukatzen denean, erabiltzen ez duten jantokiko txanda bukatu arte itxaroten egon behar izan gabe, une oro bermatuta haienganako arreta pertsonala eta segurtasun nahiz osasun baldintzak”. Navarra Sumak aurkeztutako eta EH Bilduk, ekimenaren titularrak onartutako ordezteko zuzenketa baten bidez ordeztu da atal hau.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernua premiatzen du “Ekialdeko Pirinioetako ikasleak ikastetxeetara joan ahal izatea ahalbidetu dezan; zehazki, Abaurregainako ikasleentzako traktore-taxiaren jarraipena eta halako beste bat jartzea Oroz-Beteluko ikasleei, Garraldako eskolaraino arrazoizko iraupena izanen duen ibilbidea bermatzeko eta arriskuak gutxitzeko”.
Bestetik, Hezkuntza Departamentua premiatzen da “Orkoiengo eskola-garraioa berrantola dezan, kendutako linea berriro jarrita, ikastetxe bakoitzak garraioa behar bezala antolatzea bermatzeko eta ikastetxe ezberdinetako ikasleen arteko alferreko kontaktuak ekiditeko, ikastetxeetako kontingentzia planekin bat”.
Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen da “Tafallako Sancho el Mayor BHIrako eskola-garraioa berrantola dezan, halako moduan non berreskuratu eginen baita 915 ibilbidea, Benegorriraino desbideratzen zena herri horretako DBHko ikasleak garraiatzeko”. Navarra Sumak aurkeztutako eta EH Bilduk, ekimenaren titularrak onartutako gehitzeko zuzenketa baten bidez gehitu da atal hau.
Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak pandemiak eragindako “zailtasunak” aipatzen ditu, eta ikasle guztiei “irisgarritasuna segurtasun-baldintzetan bermatu asmoz", Ekialdeko Pirinioetako eskola-garraioari jarritako mugak argitaratzen ditu. Sustatzailearen ustez, despopulazioaren arazo larriari aurre egiteko “herritarren bizi-kalitatea eta irisgarritasuna hobetzea funtsezkoa da, irizpide ekonomizisten gainetik”.
Ildo horretan, Hezkuntza Departamentuaren erabakia onesten du, ikasturte honetan Abaurregaineko taxi zerbitzua ez kentzearena (hala izanik, ikasle hauek Garaioa, Hiriberri eta Aribeko ikasleak garraiatzen dituen mikrobusean joan beharko lirateke). Bestalde, ohartarazten da Oroz-Beteluko ikasleak Orbaizeta eta Garraldatik pasatzen den linean sartzeak dakarren “arriskua”, ordubete inguruko ibilbidearekin.
Zentzu horretan, oroitarazten da aurreko legegintzaldian aho batez onetsitako Ekialdeko Pirinioetako Ibarren Egoera Sozioekonomikoari buruzko Ponentziaren txostenak hainbat neurri jasotzen dituela bailara horietako biztanleentzat oinarrizko zerbitzu publikoak, hala nola hezkuntza, irisgarriago egiten laguntzeko.
Bestetik, Orkoienera doan eskola-autobusaren linea bat kendu dela eta, azaltzen da San Miguel eta Auzalar ikastetxeetara doazen ikasleek autobusa partekatzeak antolakuntza-arazo larriak sortzeaz gain, “kontaktu eta kutsatze gurutzatuak eragin ditzakeela, eta honek zailtasunak gara ditzakeela COVID-19a dela eta eman litezkeen positiboen eta konfinamenduen kasuan”.
Isabel Olave (Navarra Suma) buru izan duen saioan egon diren parlamentariak izan dira Alberto Bonilla, Javier García, Iñaki Iriarte, José González, Raquel Garbayo (Navarra Suma), Jorge Aguirre, Carlos Mena, Ainhoa Unzu (PSN), María Solana, Jabi Arakama (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz eta Patri Perales (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Maris de Simón (Izquierda-Ezkerra).
• Mozioa (101. NPAO, 2020-09-25ekoa)